Momentuz 70 lagunek eman dute izena Sare Eguneko kroserako

2019ko Sare Eguneko krosa.

Gaur gauerdian bukatuko da Internetez inskribatzeko epea, baina bihar eta egunean bertan ere eman ahalko da zapatuko lasterketarako izena. Bazkarirako txartelak ere salgai daude.

Zapatu honetan, maiatzaren 21ean, izango da aurtengo Sare Eguna Azpeitian. Presoen egoera herriratzeko helburuarekin hainbat ekintza antolatu dituzte, eguerditik gaueraino. V. Sare Kros Herrikoia izango da eguneko lehen hitzordua, 12:00etan. Azpeitiko Sarek jakinarazi duenez, momentuz 70 lagunek eman dute krosean parte hartzeko izena, baina izena emateko aukerak irekita jarraitzen du. Internetez, Kirolprobak.com atarian, gaur gauerdian itxiko dute hamar euroren truke izena aurrez emateko aukera. Baina aukera bera zabalik mantenduko dute bihar ere Orkatz kultur elkartean, eta lasterketaren egunean bertan ere eman ahalko da izena, hamabi euro ordainduta, plazan, 11:00etatik 11:30era.

Sare Egunean Azoka Plazan egingo duten bazkarirako txartelak ere salgai dituzte antolatzaileek Orkatz, Zuhatz, Berdie eta Niza tabernetan, eta zapatuan bertan ere txartelak eskuragarri jarriko dituzte.

Hau da Sare Egunaren egitaraua:

12:00. Krosa, plazatik hasita.

Ondoren, Taberna Ibiltariaren kalejira.

14:30. Bazkaria, Azoka Plazan.

Bazkalostean, Andoni Ollokiegiren kontzertua Azoka Plazan.

17:00. Iago Magoren ikuskizuna udaletxeko arkupeetan.

18:30. Manifestazioa, plazatik abiatuta.

Manifestazioaren ostean, elektrotxarangak Alde Zaharrean.

22:00. Skabidean eta Mafalda taldeen kontzertuak Sanagustin kulturgunean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide