Bilgune Feministaren 20. urteurrenaz eta topagune feministaz aritu dira Emakumeen Txokoan

Maialen Etxaniz 2022ko mai. 19a, 10:06
Euskal Herriko bilgune feministako kideek eskaini zuten solasaldia atzo. (Emakumeen Txokoa)

Euskal Herriko Bilgune Feministak 20 urte bete ditu aurten, eta horren harira, Topaketa Feministak antolatu dituzte ekainaren 11rako eta 12rako Oñatin. Horren inguruan solastu ziren atzo Azpeitiko Emakumeen Txokoan, eta hainbat emakumek bat egin zuen deialdiarekin. 

Euskal Herriko topaketa feministak aurkeztu zituzten atzo, asteazkena, Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Bilgune Feministako kideek eskaini zuten solasaldia, eta hizpide izan zituzten bilgunearen 20. urteurrenaren bueltako kontuak nahiz horren harira antolatu duten topagune feministaren inguruko xehetasunak. 20 urtez paradisuak erretzen... eztandak dardara gaitzala lelopean antolatu dituzte aurten topaketa feministak, eta ekainaren 11n eta 12an egingo dute ekimena Oñatin (Gipuzkoa). 

Oñatin ez dira faltako, besteak beste, hitzaldiak, kontzertuak eta tailerrak. Larunbatean kontzentratu dituzte hitzaldi eta tailer guztiak, baina izango dira bertso saio bat, liburu aurkezpen bat eta film emanaldi bat ere. Gauean egingo dute ekitaldi nagusia. Igandean, berriz, goizetik izango da martxan Nomadak Gaittun emakume sortzaileen azoka. Herri bazkariaren aurretik, pilota partida eta marianitada musikatua egingo dira, eta Anariren kontzertu batekin emango diote amaiera topaguneari.

Atzoko aurkezpen saiora bertaratu ziren emakumeek topagune feministara dei egiteko argazkia ere atera zuten. 

Azpeitiko hainbat emakumek ere topagune feministarekin bat egin zuten atzokoan. (EHko Bilgune Feminista)