Dena ondo bidean, ekainaren hasieran amaituko dituzte skate parkeko obrak

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 18a, 12:24
(Argazkia: Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udalak azaldu duenez, "martxa onean" doaz Izarraizko Atea parkean eraikitzen ari diren skate parkeko lanak. "Eguraldiak laguntzen badu", ekainaren hasieran amaituko dituzte obrak. 

Izarraizko Atea parkean eraikitzen ari diren skate parkea hasi da itxura hartzen. Joan zen martxoan hasi ziren parkea eraikitzen, eta udalak azaldu duenez, "martxa onean" doaz lanak. Erakundearen arabera, eguraldiak laguntzen badu, ekainaren hasieran amaituko dituzte obrak. Zut Skateparks enpresa ari da parke berria egiten, eta lanek  303.908 euroko aurrekontua dute.

Izarraitzko Atea parkean, Loiolako Inazio Hiribidearen ondoko zelaian, ari dira skate parkea eraikitzen. Guztira, 1.130 metro koadro inguruko pista izango du guneak. Bertan, street eta art skateboarding modalitateetarako egokia den azpiegitura egingo dute. Udalaren arabera, "erdigunean bainera" izango du parkeak, eta egitura berean hiru gune egingo dituzte. Ertz eta bihurgune desberdinak izango ditu, eta 4,5 zentimetroko spin-aren bidez elkartu eta zabalgunean bilduko dira. Horrez gain, street gunea ere egingo dute erdigunearen eta baineraren artean, patinatzeko hainbat elementurekin.

Parkea inguruan integratuz, "eremuari bizia ematea eta herriko beharrei erantzutea" da udalaren helburua. Gainera, hasiberrientzako zein esperientziadun zaleentzako aukerak eskainiko ditu guneak.