Rumbling Lips eta Sega Sound Killers taldeen kontzertuak izango dira igandean Sanagustinen

Maialen Etxaniz 2022ko mai. 18a, 10:35
Rumbling Lips. (Maya Zagurskaya)

19:00etan hasiko dira emanaldiak, eta sarrera doakoa izango da. Katapulta zirkuituaren barruko kontzertuak izango dira igandekoak.

Katapulta Tour Gipuzkoa 2022 zirkuitoaren barruan, bi kontzertu izango dira igandean, hilak 22, Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Hain zuzen, Rumbling Lips eta Sega Sound Killers taldeak ariko dira zuzenean Sanagustinen. 

Rumbling Lips Donostiako rock bikotea da, eta Aymar Nietok eta Andoni Etxebestek ostzen dute. Haien abestiak "labankadatzat hartzen dira duten gordintasun eta sutasunagatik". Delta bluesaren, psikodeliaren eta 60- 70eko rock taldeen eraginpean, donostiarren soinua malkartsua eta gupidagabea da. Katapulta Tourreko sustatzaileen arabera, "soinu zikineko gitarra bat eta hitz basatiak ahots urratzaile batean erritmo primitiboko bateria batekin uztartuak, bien eszenaratzea pasionala eta leherkorra da".

Sega Sound Killers (Galder Izagirre)

Sega Sound Killers taldeak bere bigarren diskoa kaleratu berri du, Dolu izenekoa. Musika abentura ezberdinetan ibilitako musikariak batu dira egitasmo honetan, non giro elektronikoetan sakontzen duten rock izaera duten kantuetan. Taldekideak ez dira berriak musika mundu honetan, eta ikusi dute Euskal Herriko musika eszenaren garapena, eta eboluzioa. Bai eta inboluzioa ere.

Dolu lan berria, hamabi kantuz osaturik dago, eta kantu bakoitza istorio bat den arren, kontakizun bat ere bada diskoa bere osotasunean. Kanta guztien artean bada hari bat non abesti guztiek baduten lotzen dituen soka bat.
Dolua bere fase guztietan ikustarazten ahalegintzen dena, norberarentzat oso garrantzitsua den zerbait galtzea zer den irudikatzen duen lan konzeptuala. Kolaboratzaile ugari izan ditu diskoak, besteak beste, Sara Zozaya, Fermin Muguruza, Juantxo Glaukoma, Zuriñe Hidalgo, Zaloa Urain, Haritz Lete…. Erritmo dantzagarriak eta indartsuak dituen zuzeneko kementsua eta bizia eskaintzen du taldeak.