Urrakiko Igoera eta Euskal Herriko Txapelketak, txirrinduzaleentzako hitzordu datozen bi igandeetan

Mailo Oiarzabal 2022ko mai. 18a, 10:03
Ekain Ajerrista, Egoitz Arruti, Gurutz Aldalur, Jon Arruti eta Jagoba Uranga Zelai Luzen, bi lasterketen kartelekin. (Mailo Oiarzabal)

Igande honetan, maiatzaren 22an, jokatuko da herrian gizonen 23 urtez azpikoen eta Elite mailako lasterketaren 51. edizioa; Gipuzkoako Txapelketak ere jokoan izango dira. Hilaren 29an, berriz, emakumeen Euskal Herriko txapelak banatuko dituzte Azpeitian kadete, junior, 23 urtez azpikoen eta Elite mailatan.

"Ez gara normalean horrelako aurkezpenak egin zaleak, urtero antzeko gauzak egiten ditugu, baina esku artean zerbait berezia edo desberdina dugunean, orduan bai", zioen atzo arratsaldean Gurutz Aldalur Lagun Onak txirrindulari elkartearen presidenteak. Izan ere, datozen bi igandeetan txirrindularitzako bi hitzordu berezi hartuko ditu Azpeitiak, Lagun Onakekoek udalaren babesarekin antolatutakoak: bata klasikoa, gizonen Urrakiko Igoera; eta bestea berria, emakumeen Euskal Herriko Txapelketak.

Atzo eman zuten bien berri udaletxean Aldalurrek berak, Egoitz Arruti udaleko Kirol batzordeburuak eta Jon Arruti Lagun Onakeko presidenteordeak, Ekain Ajerrista eta Jagoba Uranga txirrindulariak ondoan zituztela; bi azpeitiarrak Urrakin lehiatuko dira igande honetan, eta beste azpeitiar bat ere, Julen Uranga, irteeran izango da ziurrenik. Atzoko aurkezpenean emakumerik ez zen izan; Durango-Durango klasikoa jokatu zen atzo bertan, eta Lagun Onakekoek gonbidatutakoak han aritu ziren.

Urrakin hiru txapel jokoan

51. aldiz egingo dute igandean, maiatzaren 22an, txirrindularien Urrakiko Igoera. Gizonen 23 urtez azpiko eta Elite mailatako egutegiko lasterketa berezienetakoa izango da aurten ere Azpeitikoa; baina, berezkoa berezitasunaz gain, aurten aipatutako bi mailatako Gipuzkoako Txapelketak ere jokoan izango dira Urrakin. Lagun Onakeko arduradunek azaldu dutenez, iaz zuten Urrakiko Igoera txapelketarekin ospatzeko asmoa, 50. aldia borobiltzeko, baina pandemiaren gorabeherak tarteko, "ezinezkoa" izan zen.

Aurten bai, Urrakiko txapelarekin batera beste bi ere jokoan izango dira. 130 kilometroko ibilbide gogorra gainditu beharko dute horiek jantzi nahi dituztenek. Iazko ibilbidearekin "oso gustura" gelditu zirela zioen atzo Jon Arrutik, baina aurten ezingo dute guztiz errepikatu, "Errezilen beste ekitaldi bat dago egun horretan, eta lasterketa ez da handik igaroko". 09:30ean irtengo dira txirrindulariak –160-170 elkartzea espero dute antolatzaileek– Jose Artetxe kaletik. Zumaiaraino joango dira lehendabizi, Aizarnazabaldik; Azpeitira itzulita, Goenara igoko dira Landetatik, berriro Zumaiara joango dira, eta handik bueltan Errezilgo errepidea hartuko dute; Errezilgo herrigunera iritsi aurretik, Loidiko bidea hartuta, Altzarteko bidegurutzeraino igoko dira, Urrakiko errepidean; handik behera, Landetara jaitsi eta kostarako errepidea hartuko dute berriro, baina Aizarnatik Etumetara igotzeko; handik Benta Berriko bidegurutzera jaitsi, handik Gazteko biribilguneraino, eta Urrakiko bidean gora abiatuko dira txirrindulariak, mendatearen gailurreko helmugaren bila.

Emakumeen txapelketak, azkenean

Hilaren 29an, Urrakiko Igoera jokatu eta astebetera, emakumeen Euskal Herriko Txapelketak hartuko ditu Azpeitiak. Egoitz Arrutiren esanetan, udalak agintaldi honetan Lagun Onak TE-rekin izandako hartu-emanetan "hasieratik" ezarritako helburuetako bat izan zen emakumeen txapelketak Azpeitira ekartzea. "Aurten lortu da, eta zorionak eman nahi dizkiet Lagun Onakekoei", zioen atzo zinegotziak.

Maiatzeko azken igandean, bi lasterketatan banatuta jokatuko dira emakumeen Euskal Herriko Txapelketak: 15:15ean hasiko da kadeteen lasterketa, eta 16:30ean junior, 23 urtez azpiko eta Elite mailatako txapelak banatuko dituena. 2018an Gipuzkoako Klasikoa egin zenean bezala, emakumeen txapelketetan irteera zein helmuga Zelai Luzen egongo dira; sari banaketa ekitaldia, 18:45 aldera, plazako kioskoan egingo dute.

Ibilbide ezberdina osatuko dute bi lasterketek. Kadeteak Azkoitira joango dira lehendabizi, Munategitik Santakutzerako bidea hartuta; Azpeitira itzulita, Iraetaraino joan eta handik Arroagora igoko dira; Azpeitira itzuliko dira lasterketaren azken txanpan, Landetatik Goenara igo, Garmendigainera jaitsi, eta saihesbidean behera hartuta, Jose Artetxe kaletik Zelai Luzeraino joateko. Eguneko bigarren lasterketako txirrindulariak, berriz, kostarako bidea hartuko dute hasieratik, eta Azpeitia-Arroagoia-Landeta-Goena zirkuitua hiru aldiz egingo dute; hirugarrena osatuta, kadeteek bezala. Sanjuandegiko biribilgunera jo eta helmugara arteko azken metroak egingo dituzte.

Emakumeen lasterketak tarteko, eta bereziki bigarrenaren aipatutako zirkuitua dela eta, hilaren 29ko arratsaldean Iraeta eta Azpeitia arteko errepidean trafikoa "tarte luzeetan eta sarri" etengo dutela ohartarazi dute antolatzaileek, balizko erabiltzaileek kontuan har dezaten.

Euskal Herriko Txapelketak ibilbide baten lehen urratsa izatea nahi dute Lagun Onakekoek, "emakumeen lasterketa hurrengo urteetan antolatzen jarraitzea" baita elkarteko arduradunen asmoa.