Udalak datorren astelehenean egingo du baratze ekologikoen zozketa

Julene Frantzesena 2022ko mai. 17a, 12:46
Otzakako baratze parkea.

Udaletxeko areto nagusian egingo dute Otzakako eta Ikasberri Ikastolaren ondoko parkeetako hainbat lur sailen zozketa, 18:30ean hasita. Udalak azaldu duenez, baratzerik egokitzen ez zaien herritarrak itxaron zerrendan sartuko dira.

Azpeitiko Udalak martxan jarri du 2022 eta 2030 urteen arterako baratze ekologikoen lagapen prozesua. Erakundeak dagoeneko argitaratu du baratzea eskuratzeko eskaera eginda duten herritarren behin-behineko zerrenda, eta Otzakako eta Ikasberri Ikastolaren ondoko parkeetako hainbat lur sailen zozketarako hitzordua jarri ere bai: maiatzaren 23an, astelehenez, izango da, 18:30ean, udaletxeko areto nagusian. Udalak azaldu duenez, baratzerik egokitzen ez zaien herritarrak itxaron zerrendan sartuko dira.

Urteak dira Azpeitian baratze ekologikoen programa martxan jarri zutela, eta gaur-gaurkoz, bi baratze parke daude herrian: Otzakakoa eta Ikasberri Ikastolaren ondokoa. Udalak azaldu duenez, baratze ekologikoen programarekin "praktika jasangarriak" bultzatu nahi ditu, "norbanakoek eta taldeek aukera izan dezaten baratze ekologikoak lantzeko eta norbere kontsumorako produktuak eskuratzeko".