Klik!

Ernaldutako haziak, hazten

Nora Alberdi 2022ko eka. 8a, 10:00

Joxe Arzallus (Errezil, 1953) eta Esteban Orbegozo (Azpeitia, 1956) duela zortzi urtetik dira Azpeitiko baratze parkeko erabiltzaile. Ordutik, beren eskuekin landatutako haziak hazten, barazki bilakatzen, ikusi dituzte. Baratzeko egunerokoaz, barazkien prozesuaz nahiz beren esperientziaz hitz egin dute 2022ko maiatzeko Uztarria aldizkariaren Klik! argazki erreportajean.

Hastapenak

Joxe Arzallusen alabak baratze bat nahi zuen. Hori horrela, Azpeitiko Udalaren eskaintzan izena eman zuen, eta lursail bat tokatu zitzaion, Otzakako baratze parkean. Alabak baratzeaz jakintza gutxi zuenez, hari laguntzen hasi zen aita. Orbegozoren kasuan ere, semeak hartu zuen baratzea: "Joxeren moduan, lehen urteetan semeari laguntzen hasi nintzen, eta gaur egun, nik gehiago zaintzen dut baratzea". Goiko irudian, patatak hazten Otzakako baratze parkean.

Terapia

Arzallus baserrian hezi zen, baina ez zuen lan asko egin han. 20 urterekin Azpeitira ezkondu zen, eta ordutik aurrera fabrikan egin zuen lan, jubilatu arte. Denda bat ere izan zuen 30 urtez. Orain, baratzean aritzea asko gustatzen zaio; haren bueltan sortzen den giroa nahiz egindako lagunak terapia dira harentzat: "Gustura jasotzen ditut barazkiak. Etxean jaten ditugu horietako batzuk, eta besteak oparitu egiten ditut. Saldu ez, debekatuta dago eta". Goiko argazkian, Otzakako baratze parkeko zenbait erabiltzaile.

Sorpresak

Orbegozo jubilatuta dago egun, eta harentzat "entretenimendu ederra" da baratzera joatea: "Asko gozatzen dut barazkiak nola hazten diren ikusten. Plastikoan bildutako supermerkatuko barazkien eta norberak baratzetik jasotakoen artean alde handia dago. Oso polita da neuk ernaldutako hazia nola hazten den ikustea". Dena den, sorpresak ere jasotzen dituztela nabarmendu du: izan ere, barazkiak ez dira beti nahi bezala hazten, zenbaitetan eguraldiagatik, eta beste batzuetan, ezagutzen ez dituzten arrazoiengatik.

Harremana galtzen

Oro har, gizakiak lurrarekin duen harremana murrizten ari dela dio Orbegozok: "Jendea oso modu artifizialean bizi da. Guk, gutxienez, badugu baratzearekin harremana izateko aukera. Orain produkzio handiak egiten dira: tomateentzako negutegi handiak, porru sail izugarriak... Ganaduarekin ere gauza bera gertatzen da. Gaur egun, baratze gutxi ikusten da inguruotan. Nire ustez, matematika bezalaxe, barazkiak nondik datozen irakatsi beharko litzateke eskolan".

Aldian aldikoa

Arzallusek azaldu duenez, urtearen hasieran, normalean, ilarrak eta baba handiak landatzen dira; orain, berriz, patatak; eta hemendik gutxira, tomateak, piper mota guztiak, kalabazak, kalabazinak eta marrubiak. Negua, bestalde, porruak, azak eta azaloreak landatzeko sasoia izan ohi da. Zenbait erabiltzailek espezieak landatzeko ohitura ere badute. Orain arte perejila eta menda ziren nagusi, baina gaur egun aniztasun handia dago. Goiko argazkian, zerbak.

Tomatea

Orbegozok dioenez, inguruotan tomatea landatzea da zailena. "Euria, hezetasuna eta hodeiak lagun txarrak dira tomatearentzat, eta ezer bota gabe irtetea zaila da". Dena den, irteten den tomatea ona eta gozoa dela dio Arzallusek: "Hezetasunak izorratu egiten ditu, baina irteten diren horiei gozoago izaten laguntzen die hezetasunak. Batzuetan irteten dira eta bestetan ez, baina ez du axola; baratzean aritzea guretzat entretenimendua da, ez gara hemendik bizi". Goian, barazkiak hazten laguntzeko makilak gordetzeko etxola.

Karakolak eta bareak etsai

Baratze parkeko erabiltzaileek arazoak izan ohi dituzte karakolekin eta bareekin. Orbegozok barazkien inguruan arrautza azalak txikituta jartzen ditu animalia horiek uxatzeko. Beste zenbait erabiltzailek garagardoa jartzen dute, gune horretara hurbiltzean bertan ito daitezen. "Goizean goiz esnatu eta banan-banan harrapatzea da beste aukera. Batzuek, ordea, esango dute hori ez dagoela ondo, karakolak ere bizidunak dira eta", dio Orbegozok. Goiko irudian, arrautzak txikituta, barazkien bueltan.

Erabiltzaile berriak

Hasieran baratze parkeko lurrak jubilatuentzat soilik ziren. Gero, lanik gabe zeudenak ere hasi ziren horiek ustiatzen, eta orain herritar guztiek dute horretarako aukera. Lehen, handiagoak ziren lursailak, eta egun, berriz, txikiagoak. Norbaitek jarraitu ezin duenean, aspertuta uzten duenean edo erabiltzaileak hiltzean sortzen zaie erabiltzaile berriei baratze parkean aritzeko aukera. Hala, urtean zehar libre gelditzen diren lursailak izena eman dutenen artean zozkatzen dituzte. Goiko argazkian, Otzakako baratze parkearen sarrera eta erabiltzaileen materiala gordetzeko txabolak.