Euskal Herriko Topagune Feministaren aurkezpena egingo dute asteazkenean Emakumeen Txokoan

Maialen Etxaniz 2022ko mai. 16a, 17:26
EHko Topaketa Feministen aurkezpena. (EHko Bilgune Feminista)

Ekainaren 11n eta 12an Oñatin egingo dute Bilgune Feministaren topagunea, Eztandak dardara gaitzala lelopean. Egitasmoaren inguruko xehetasunak azalduko dituzte bilguneko kideek asteazkenean, 17:00etan hasita.

Euskal Herriko bilgune feministak 20 urte bete ditu aurten, eta horren harira, Topaketa Feministak antolatu dituzte ekainaren 11n eta 12an Oñatin (Gipuzkoa). Azpeitian ere aurkeztuko dituzte topaketak, eta asteazkenean jarri dute horretarako hitzordua Emakumeen Txokoan, 17:00etan. Bertan azalduko dituzte ekimenaren inguruko xehetasunak. 

20 urtez paradisuak erretzen... eztandak dardara gaitzala da topaketen leloa. Izan ere, aurten hogei urte bete ditu Bilguneak, eta hori ospatzeko egitarau zabala prestatu dute, "ezinbestekoak diren hainbat gai landu eta Euskal Herriko eragileekin batera ekiteko".

Oñatin ez dira faltako, besteak beste, hitzaldiak, kontzertuak eta tailerrak. Larunbatean kontzentratu dituzte hitzaldi eta tailer guztiak, baina izango dira bertso saio bat, liburu aurkezpen bat eta film emanaldi bat ere. Gauean egingo dute ekitaldi nagusia.

Igandean, berriz, goizetik izango da martxan Nomadak Gaittun emakume sortzaileen azoka. Herri bazkariaren aurretik, pilota partida eta marianitada musikatua egingo dira, eta Anariren kontzertu batekin emango diote amaiera topaguneari.