Atzera begira

Herria gal-gal eta dantzan

Ezkerretik eskubira, Mikel Lizarralde, Inaxita Bereziartua eta Joxemari Aranbarri parrokia atarian, Antxieta Etxea atzean dutela. (Mailo Oiarzabal)

Euskal kulturaren erakusleiho bete, oparo eta zabal bihurtu zen Azpeitia 1972ko abenduan. Urola Ibarreko Biltzarrak izeneko jardunaldiek 11 egunez astindu zuten herria duela ia 50 urte. Jarraipenik izan ez zuen eztanda hura antolatzen ibili zirenetako batzuk ordukoaz duten oroitzapenaz-eta aritu dira 2022ko maiatzeko Uztarria aldizkariaren Atzera begira atalerako.

1972ko abenduan, 11 egunez, euskal kulturaren erakusleiho bete, oparo eta zabal bihurtu zen Azpeitia. Folklorea eta abangoardia, tradiziotik eratorritakoa garaikidearekin uztartuta, egin zituzten Urola Ibarreko Biltzarrak izeneko jardunaldiak. Eskultura, pintura, musika, dantza, zinema, bertsoak, emanaldiak, erakusketak, liburu eta disko azoka, hitzaldiak... Aretoak eta kaleak beteta, egunero, abenduaren 7tik 17ra, eta punta-puntako egileak eta eragileak tartean: Txillida, Balerdi, Mendiburu, Zumeta, Sistiaga, Ez Dok Amairu, Debako Eskola...

Jardunaldi aberats haiek egin zirela 50 urte beteko dira datorren abenduan, eta harridura eta miresmena eragiten du, gaur egungotik begiratuta, Urola Ibarreko Biltzar haien egitarauan elkartu eta eskaini zutena ikusteak. Urola Ibarreko Biltzarrak, ordea, ez ziren ezerezetik edo egun batetik bestera sortu, testuinguru jakin, konplexu eta gatazkatsu batean baizik. Biltzarrez eta testuinguru hartaz badakite zerbait Joxemari Aranbarrik (Azpeitia, 1947), Mikel Lizarraldek (Azpeitia, 1946) eta Inaxita Bereziartuak (Azpeitia, 1942). Frankismoaren azken urteak ziren, urtebete lehenago izan zen Burgosko Prozesua, lau urte lehenago hil zuen ETAk Meliton Manzanas eta 68ko Maiatza gertatu zen Parisen, Elizaren eragina eta kontrola nabarmenak ziren artean gizartean, eta diktaduraren botapean klandestinitatera kondenatuta zeuden politikaren edo sindikalgintzaren bueltan lan egin nahi zuten taldeak eta erakundeak. "Bero-bero ari ginen errepresioa bizitzen eta herria gal-gal zegoen", dio Aranbarrik. "Ikusten zen frankismoa bukatzen ari zela eta denetariko mugimenduak zeuden. Bultzada bat zegoen, zeozer egiteko nahia, eta jendea prest. Hor, tartean, batzuek nahi hori antolatzen jakin zuten", adierazi du Bereziatuak.

Jose Luis Zumetak Urola Ibarreko Biltzarrak iragartzeko egin zuen kartela.

Artzeren hauspoa

Zeozer egiteko nahia, "dena egiteko" zegoen garaian. "Dena politizatuta" zegoela ere nabarmendu du Lizarraldek, dena debeku zen urte haietan.

Kultura eta kulturgileak ez zeuden giro hartatik aparte. Azpeitikoa ez zen izan euskal kulturaren bueltan antolatu zen lehen egitasmo indartsua. 1972an bertan, udaberrian, lehen Kultur Hamabostaldia egin zuten Tolosan (Gipuzkoa), eta han ere lehen lerroko kulturgileak eta artistak elkartu zituzten. Tolosako zein Azpeitiko eragileei hauspoa eta laguntza emanez, berriz, Joxean Artze. Eta Tolosako eta Azpeitiko erakustaldien tartean, txanpon beraren bestaldea eta, era berean, Artzeren "motibazio" bihurtu zen Los Encuentros de Pamplona, nazioarteko arte garaikidearen jaialdi aberatsa eta ofizialki ondo babestutakoa, euskal kulturari Gipuzkoan eskainitakoak ez bezala.

Karmelo Etxegaray izena hartu zuen Urola Ibarreko Biltzarren talde antolatzaileak. Herriko hainbat gaztek osatu zuten talde sustatzailea, eta horien artean zeuden Lizarralde eta Aranbarri; inguruan, beste hainbat lagun, Bereziartua tartean. Biltzarren antolaketa "talde lan eskerga" izan zela nabarmendu nahi izan dute hirurek, baina Javier Arozena Atxa eta Maitere Zinkunegi "aipatu gabe ezin" direla utzi adostu dute. "Esango nuke eskola desberdinetatik gentozen bi taldek egin genuela bat lan honetarako –dio Aranbarrik–. Denok ginen mugimendu kristau-katolikoak zituen hainbat elkarte eta erakunde zapaldutakoak". Kongregazioa, JOC (Juventud Obrera Catolica) eta Herri Gaztedia aipatu ditu Aranbarrik. Hortik zetozen, baina beste bide batzuk jorratzen hasiak ziren, Lizarraldek zehaztu duenez. "Talde sustatzailea klandestinitatetik sortu" zela dio hark: "Garai hartan, Movimiento Socialista de Euskadi zeritzonean genbiltzan, sustatzaileen nukleo gogorra hori zela esan daiteke. Adar asko zituen MSEk. ELAkoak ginen gu, baina ez ELAkoak sindikatu gisa. Klandestinitateak dena nahasten du. ELAko buruak, sindikatukoak, erbestean zeuden. Baina hemen gazte mordoa geunden, eta sindikatua adar bat izan zedin nahi genuen". Testuinguru gehiago, garaiaren nahasiaren adierazgarri.

Urtebetez aritu ziren herriko gazte haiek Artzerekin lanean, Urola Ibarreko Biltzarrak izango zirenak antolatzen. "'Hamar egun horietan herria alienazioarekin, telebistarekin, irratiarekin, prentsarekin... ahaztea lortu behar dugu. Herri osoa murgildu behar dugu biltzarretan', esaten zuen Artzek. Eta hori lortu egin genuen", kontatu du Lizarraldek. Egitaraua osatu zutenean hasi ziren egitasmoa herrira zabaltzen. "Herria inplikatu behar zen, herri osoa, hori argi geneukan. Eta herria inplikatzeko, soziedadeak zeuden". Herriko soziedadeetako jendearen babesa eta elkarlana lortu zuen talde sustatzaileak, eta ez lanerako bakarrik. "Gure izenak ezin ziren agertu antolatzaile gisa", azaldu du Lizarraldek, "asko nabarmentzen" zirelako; "orduan, soziedadeetako buruen izenean eskatu ziren baimenak eta, eta biltzarren sustatzaile publiko elkarte gastronomikoak izan ziren", gaineratu du. Hura guztia aurrera ateratzeko finantziazioa ere herritarrei esker lortu zuten: bonuak saldu zituzten herrian, eta ekimen hark ere oso harrera ona izan zuen. "Orduan ez zegoen dirulaguntzarik, e?", bota du Bereziartuak.

Apurtzaileak

Herritarren babes eta parte hartze handiarekin egin zituzten Biltzarrak, baina kontrako ahotsak ere izan zituzten. Biltzarrak iragartzeko Jose Luis Zumetak propio egindako kartelaren inguruko jarduna aipatu du Lizarraldek, besteak beste: "Herriko integristak kontra jarri ziren. 'Begira, ikurrina ipini dute hor, ikurrina! Eta horko beltz hori apaiza da, antiklerikalak dira!'. Kartelaren gaineko horrelako interpretazioak egin zituzten". Artzeren helburua bete zenaren seinale, jardun horiek ere. "Konklusioa da herri osoa mugimenduan eta dantzan jarri genuela, lortu genuela herri osoa biltzarrez hizketan jartzea eta ahaztea telebistaz eta gainerako beste guztiaz".

Aurreko hamarkadetatik zetozen Euskal Festak eta Euskal Herriko kulturaren abangoardia uztartu nahi izan zituzten Biltzarretan, baina ekuazioaren bigarren zatiak eman zuen hizketagai gehien. "Biltzarrek euskal festek zeukatena jaso, eta horri zetorren berria itsatsi zioten. Berri hori apurtzailea zen, horren isla da egitaraua", dio Aranbarrik. Arte adierazpen guztietan "estilo nagusia" abstrakzioa zen. "Abstrakzioa lehendik zetorrenarekin itsastea izan zen... egundokoa", Aranbarriren esanetan; zenbait emanalditan ikusleek izandako erreakzioen gaineko hainbat anekdota ekarri ditu gogora, umorez. "Eztanda izan zen, talka bat", erantsi du Lizarraldek.

Oroitzapen, pasarte eta anekdota ugari dituzte hirurek Urola Ibarreko Biltzarrak egin zituzten egun haietaz. Bukatutakoan, "sentipen onarekin" gelditu ziren, baina ez zuten esperientzia errepikatu. Haustura garaiak etorri ziren berehala, onerako edo txarrerako, eta beste bide batzuk hartu zituzten Biltzarren bultzatzaileek. "Garai hartan dena zegoen egiteko. Fronte asko zeuden irekita, eta biltzarren kontzeptua pixka bat alde batera laga zen", azaldu dute. Fronte horietako batzuk aipatu dituzte, baita haustura mingarri batzuk ere, eta orduan hasitako bide berrietako batzuek gerora emandako fruituez hitz egin dute. "Orduko mugimenduen analisi sakona egiteko" dagoela diote, eta egiteak merezi duela uste dute.

Abenduaren 17an, Biltzarren azken egunean, zazpi dantza talde, gehienak Nafarroatik etorritakoak, kalez kale dantzan ibili ziren goizean, eta ekitaldi hartan hartutako irudiak dira hauek. (Lurdes Elorzak utzitakoak)

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide