Igoera fasea jokatuko du Lagun Onaken gizonen bigarren taldeak

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 17a, 08:49
Lagun Onakek joan zen asteburuan Tolosaren aurka jokatu zuen neurketako irudia.

Zumaiakoren aurkako kanporaketa irabaziz gero, Gizonezkoen Gorengo Mailatik Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailara igoko da taldea. Joaneko partida asteburu honetan izango dute, eta itzulerakoa maiatzaren 28an, Lagun Onak Egunean.

Lagun Onak futbol klubeko gizonen bigarren taldeak igoera fasea jokatuko du datozen bi asteburuetan. Gizonezkoen Gorengo Mailan dago gaur-gaurkoz talde hori, baina igoera gauzatuz gero, Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailan jokatuko luke datorren sasoian. Zumaiakoren aurka jokatuko dute mutilek igoera fasea; joaneko partida izango dute asteburu honetan –maiatzak 21–, Garmendipen, eta itzulerakoa datorrenean –maiatzak 28–, Zumaian. Bi partida horietan gailentzen den taldea zuzenean mailaz igoko da.

Lagun Onakek beste 11 talderen aurka jokatu zuen Gizonezkoen Gorengo Mailako ligako lehen fasea. Lehen sei postuetan amaitzea zen orduan taldearen helburua, lehenengo sei talde horiek igoera fasea jokatzeko aukera izan zezaketelako; izan ere, sei talde horietatik aurreneko biek jokatu ohi dute igoera fasea. Lagun Onakek bigarren postuan amaitu du bigarren fasea, Beasainen atzetik. Eta, beraz, igoera fasea jokatuko du taldeak.

Bi taldetan banatuta lehiatu dira bigarren fase horretan, eta beste taldeko lehen taldearen aurka jokatuko du Lagun Onakek igoera fasea: Zumaiako izan da beste taldean lehen postua eskuratu duena. Beste finalaurrekoa, berriz, Beasainek eta Vasconiak jokatuko dute. Bi finalaurreko horiek irabazten dituztenak zuzenean mailaz igoko dira. Horrez gain, posible da goiko mailetan izaten diren mugimenduak tarteko, hirugarren talde bat ere Gizonezkoen Gorengo Mailatik Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailara igotzea.

Gainera, Gizonezkoen Gorengo Mailako txapelduna zein izan den erabakitzeko, igoera faseko bi txapeldunek elkarren aurka jokatuko dute ekainaren 4ko asteburuan, eta gauza bera egingo dute igoera fasean irabazterik lortu ez dutenek, hirugarren eta laugarren sailkatuak zein izan diren erabakitzeko.

Arantza ateratzeko aukera

Lagun Onaken gizonen bigarren taldea egonda dago lehen ere Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailan, baina aspaldian ez. Duela hiruzpalau urte, gainera, igoera fasea jokatu zuen taldeak, baina ezin izan zuen Touringen aurkako kanporaketa irabazi. Beraz, orain dute arantza hori ateratzeko aukera.

Maiatzaren 28an jokatuko du Lagun Onakek igoera faseko azken partida, Lagun Onakek klubaren eguna ospatuko duen egun berean, hain zuzen ere. Ea klubaren egunean maila igoera ospatzeko moduan diren. 

Zenbait taldekidek futbola utziko dutela eta, omenaldia egin zieten asteburuan.