Eraikinaren irisgarritasuna hobetzeko, igogailua eraikitzen ari dira kiroldegian

Kiroldegiaren kanpoaldea.

Dagoeneko hasi dituzte lanak, eta Azpeitiko Udalak azaldu duenez, eraikinaren hiru solairuetarako irisgarritasuna bermatuko dute igogailuarekin. Lau hilabetean izango da erabilgarri. Bestalde, uda partean lau aldagela berritzea ere aurreikusten du erakundeak.

Irisgarritasuna hobetzeko helburuz, igogailua eraikiko dute kiroldegian. Dagoeneko hasi dituzte lanak, eta Azpeitiko Udalak azaldu duenez, eraikinaren hiru solairuetarako irisgarritasuna bermatuko dute igogailuarekin.

Gaur egun eskailerak dauden eremuan ari dira igogailua eraikitzen, eta harmailetako solairuan metalezko pasabide bat egingo dute, igogailutik ateratzen direnentzako. Azpeitiko Udalak 153.814 euro bideratu ditu igogailuaren lanetara, eta hura eraikitzen ari den Unebide enpresak lau hilabete izango ditu horiek bukatzeko.

Egoitz Arruti Kirol batzordeburuak azaldu duenez, bide onetik doaz lanak. "Kiroldegiaren eraikina zaharra da, eta pixkanaka ari gara hobekuntzak egiten. Lehentasunezkoa izan da azpiegituraren irisgarritasuna hobetzea, azpeitiar guztientzat errazagoa izan dadin eraikinean ibiltzea".

Bestalde, epe motzean kiroldegiko zerbitzuak hobetzeko beste obra batzuk ere egingo dituela jakinarazi du erakundeak. Hain zuzen ere, lau aldagela berrituko dituzte, eta horretarako lehiaketa publikoa martxan da dagoeneko. Udalak azaldu duenez, obrak uda partean egitea aurreikusten du, eta lan horien aurrekontua 215.536 eurokoa izango da.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide