Andrea Congia: "Kantu inprobisatuak, genero gisa, bidean eraikitzen du, hemen eta orain"

Bertsoa.eus 2022ko mai. 16a, 11:56
Andrea Congia musikaria.

Andrea Congia musikari eta dramaturgo sardiniarra da. Tra Parola e Musica elkartearen "alma materrak" sortu eta zuzendu du Improvisa una antiga poesia emanaldia. Azpeitian izango da ostiralean, 22:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. Bertsoa.eus atariak elkarrizketa egin dio Congiari.

Tra Parola e Musica eta Bertsozale Elkartearen arteko elkarlanaren emaitza izango da Euskal Herrira egindako bisita.

Tra Parola e Musika - Casa di Suoni e Racconti plataforma artistiko askea eta independentea da. Tradizioa eta gaurko sorkuntza uztartzen ditugu, musikak funtzio emozionala duela sinesten dugulako; komunikatiboa, narratiboa eta soziala. Literatura, zinema, poesia, antzerkia, dantza, arte plastikoak uztartu izan ditugu. Genero artistiko ugari nahasteaz gain, kontzientzia historikoa, generazionala, lurraldeartekoa eta estetikoa ditugu.

Nolatan sortu zitzaizuen Remundu Piras inprobisatzaile eta poetaren inguruko emanaldia sortzeko ideia?

2018. urtean haren heriotzaren 40. urteurrena izan zen. Remundu Pirasek Sardiniako kantu inprobisatuaren historia markatu zuen: inprobisatzaile handia izateaz gain, sardiniarren identitatearen eta kulturaren inguruko poema asko idatzi zituen, komunitatean eragin handia izan zuen poesia. Esaterako, Sardiniako hizkuntzaren erabilera goitik behera zihoan garaian, hura erabiltzeari ez uzteko gonbidapena egin zien herrikideei. Remundu Pirasen obra aukeratu izana ahozkotasunaren garrantzia indartzeko modua ere bada; izan ere, pentsamendua, arte poetikoa, konposizioa, elkarrizketa, arrazonamendua lantzeko bide eman digu gaur arte, idatzizkoak ematen ez dizkigun mila modu eskura eman dizkigu. Azken batean, Remundu Pirasen obraren lanketa gizakiaren gaitasun komunikatiboaren kontaketa da.

Dramaturgoa eta musikaria zara, azken emanaldirako kantu inprobisatuak sortu dizu interesa.

Kantu inprobisatua interesgarria iruditzen zait genero gisa, gauza askoren uztarketa delako: poesia, hizkuntza, sinboloak, metafora eta performancea, dena batean. Hemen eta orain, bidean ari da eraikitzen, errealitateari forma emanez. Bitala, bizia, animatua, dinamikoa da. Bizitzaren oso antzekoa, geldirik dagoen artetik urrun ikusten dut, eta interesgarria iruditzen zait. Inprobisazioa da egiten, pentsatzen, proposatzen eta sortzen dudanaren abiapuntua: nire musika emanaldietan momentuko inspirazioari garrantzi handia ematen diot. Baina ez hori bakarrik, baita lan filosofia gisa ere. Ucroine festibalaren diseinuan ere bai, gure elkartearen proiektu agerikoenean. Azken batean existitzen ez diren munduak sortu nahi ditugu, musikaren bitartez entzuten eta irudikatzen ditugu horiek. Bertan parte hartzen duten artistek jatorri eta formazio artistiko oso ezberdina izan arren mundu imajinario berean ari dira. Horretarako, beti da interesgarria akzioaren eta erreakzioaren arteko denborak murriztea, momentu berean eta elkarrekin jendaurrean sortzen jartzea.

Nolatan egin duzue harremana Bertsozale Elkartearekin?

Emanaldia Europan barrena zabaldu nahi genuen. Beharrezkoa zen gure emanaldiaren eta landu nahi ditugun gaien inguruan sentsibilitatea izango zuen taldeekin aritzea. Bertsozale Elkarteak ibilbide luzea du kantu inprobisatuaren inguruan lanean; Euskal Herrian aurkitu dugu neurriko elkarlan erakundea. Efikazia eta seriotasun handiz landu dituzte Usurbilgo eta Azpeitiko emanaldiak; entzunak sentitu gara, nabari da Euskal Herriko eta Sardiniako herrien historiak antzekotasun handiak dituztela. Herri anaiak eta apatridak gara, hizkuntzaren eta identitatearen defentsan ari diren komunitateak, kantua askabide dutenak.

Hamahiru lagunek osatzen duzue lantalde artistikoa. Euskal Herrian herritarrak ez daude ohituta hainbeste jende oholtza gainean elkarrekin ikustera...

Hamalau lagun goaz Sardiniatik, artistak eta talde teknikoa, eta bira txikia baina bizia izango da Euskal Herrian bi-hiru egunez egingo duguna. Alde batetik, lau narratzaile izango ditugu oholtzan: Antonella Puddu, Claudia Benaglio, Francesco Falchetto eta Anjulu Conju. Remundu Pirasen bizitza kontatzeaz gain, ahozkotasunari eta poesiari balioa eman nahi diete kontalariek. Neronek lagunduko diet kontakizunean, gitarra klasikoarekin. Bestetik, Tenore Murales de Orgoloso taldea gurekin izango dugu emankizunean. Lau laguneko koralak dira tenore taldeak, tradizio handikoak Sardinian, herri kulturaren ondare inmaterial komunitarioa eta artistikoa. Azkenik, Sadiniako bi cantadori izango ditugu gurekin: Guiseppe Porcu di Irgoli eta Dionigi Bitti di Oliena, Alaia Martin eta Julio Sotorekin batera arituko dira. Bertsotan, garai bateko kantuek emandako abiapuntuetatik gaurko gaiei abestuko diete.