Hasi dira Azpeitia Zaindu kanpainako bonuak saltzen

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 16a, 11:19

Azoka Plazan 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara eskuratu ahal izango dira txartelak. Era berean, Internet bidez ere erosi ahal izango dira, honako lotura honetan.

Bertan merkatarien elkartearen Azpeitia Zaindu kanpainaren barruan, hasi dira tokiko merkataritza sustatzeko bonuak saltzen. Azpeitiko Azoka Plazara hainbat herritar bertaratu da bonuak erostera; 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara eskuratu ahal izango dira txartelak. Era berean, Internet bidez ere erosi ahal izango dira, honako lotura honetan.

Guztira, 50 euroko balioa duten 1.835 bonu jaulkiko dituzte. Bonu bakoitza 35 eurotan erosi ahal izango da, eta ekimenari atxikitako Azpeitiko saltokietan kontsumitzeko 50 euroko balioa izango dute. Pertsona bakoitzak bi bonu erosi ahal izango ditu gehienez, eta norberaren izenean zein beste pertsona baten izenean erosi ahal izango ditu; 16 urtetik gorako herritarrek erosi ahal izango dituzte kanpainako bonuak.

Bonu bakoitzak hamar euroko bost txartel izango ditu, eta txartel horiek banaka erabili ahal izango dira; hamar euroko txartel bakoitza behin bakarrik erabili beharko da. Erosketaren zenbatekoa txartelaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko, eta bonuak ezingo dira diruagatik trukatu. Uztailaren 30era arteko balioa izango dute bonuek.

Erosketa berean gehienez lau bonu (20 txartel) pilatu ahal izango dira. Bonuak ezin direnez eskudirutan trukatu eta bonuaren zenbatekoa ez denez inolaz ere itzuliko, produktua itzultzen bada, establezimenduak erosketaren zenbateko osoaren bonu propio bat jaulki beharko du.