Beroa eta jai giroa protagonista, Domusa Teknik 40 MLK lasterketan

Maialen Etxaniz eta Ihintza Elustondo 2022ko mai. 14a, 20:15

Aritz Egeak eta Oihana Azkorbebeitiak irabazi dute Domusa Teknik 40 MLK lasterketa. Biek ala biek nabarmendu dute proba gogorra izan dela, eta bero izugarria egin duela. Dena den, gozatu dutela adierazi dute. Herriko aurreneko korrikalariak ere eguerdian iritsi dira helmugara. Josu Imaz Azpeitiko bizilaguna izan da horien artean lehen sailkatua eta Ion Intxausti bigarrena. Sufrituta, baina egindako lanarekin gustura gelditu dira. Ugari izan dira erretiratu diren korrikalariak. Kirolaz gain, festa giroa izan da protagonista.

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren lehen edizioa jokatu dute gaur Azpeitian, eta beroa izan da eguneko protagonista nagusienetako bat. 420 korrikalari inguru zeuden proban izena emanda, eta eguerdirako ehundik gora erretiratu dira beroa tarteko. Aurreneko postuan amaitu dutenek ere nahi baino denbora gehiago behar izan dute ibilbidearen 65 kilometroak osatzeko.

Gizonezkoetan, Aritz Egea urretxuarra izan da txapelduna, 06:00:33 segundoko denborarekin; gutxigatik ez du lortu sei orduko denbora jaisteko helburua. Emakumeetan, Oihana Azkorbebeitia abadiñarra izan da nagusi, 07:17:21 denborarekin. Biek ala biek nabarmendu dute proba gogorra izan dela, eta bero izugarria egin duela. Dena den, miseriak miseria eta sufritutakoa sufrituta, gozatu dutela adierazi dute biek.

Gizonezkoetan, Pere Aurell kataluniarra sailkatu da bigarren eta (06:29:54), Igor Mantzizidor debarrak osatu du podiuma. (06:31:01). Emakumeetan, bestalde, Leire Baraibar izan da bigarren sailkatua eta Oihane Perez hirugarrena. Herriko aurreneko korrikalariak ere eguerdian iritsi dira helmugara. Hain zuzen, Josu Imaz Azpeitiko bizilaguna izan da horien artean lehen sailkatua, 07:06:54 denborarekin, eta zazpigarren amaitu du sailkapen orokorrean. Lehen azpeitiarra, bestalde, Ion Intxausti izan da, 07:22:46 denborarekin; sailkapen orokorrean hamabigarren postua eskuratu du Intxaustik. Biak ala biak nahiko ondo iritsi dira helmugara, eta egindako lanarekin gustura agertu dira. Emakumeetan aurreneko azpeitiarra Onintza Zeberio izan da.

Asko izan dira beroagatik lasterketa utzi dutenak, eta horietako bi izan dira Unai Zialtzeta azpeitiarra eta Borja Zubizarreta azkoitiarra. Ondo igaro dute Hernioko langa, baina beste hainbat bezala Mandubian erretiratu dira biak. Gaurkoan nahi bezala aritu ez arren, datozen lasterketetan dena ematen jarraituko dutela adierazi dute.

Arratsaldeko azken apurretan, oraindik korrikalari batzuk helmugara iristeko daude, eta sari banaketa 21:00ak aldera egitea aurreikusten dute antolatzaileek, Azpeitiko plazan. Dena den, eguraldiak okerrera egin du arratsalde partean, eta ekaitza tarteko, zenbait korrikalarik ezin izan dute lasterketarekin jarraitu.

Goizeko zortziretan hasi da Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketa Azpeitiko plazatik, eta goiz izanagatik herritar ugari bertaratu da korrikalariei babesa agertzera. Plazan ez ezik, jendez bete dira ibilbideko txoko guztiak, eta animo artean osatu dute lasterketa korrikalariek.

Eguerdian Marea Urdinaren Anoa gune urdina jendez bete da, lehen korrikalariari harrera egiteko, eta inklusioaren olatua osatzeko. 11:00etan hasitak, haurrek puzgarriez eta beste hainbat jolasez gozatzeko aukera izan dute. 12:30ak jota iritsi da Egea Anoa Gune Urdinera, eta bertaratutakoen txalo artean igaro du Izarraizko Atea parkeko langa. Arratsaldera artean jarraitu du giroak Anoa gunean, eta pintxoak eta musika izan dira bertaratu direnentzat gozagarri.

Mendi lasterketaren bueltan, jai giro ederra sortu da gaurkoan Azpeitian, eta herrira bertaratu direnek ere gozatu dute. Gauean borobilduko dute jaia, Zetak taldearen kontzertuarekin.

Erlazionatuak