Aritz Egeak eta Oihana Azkorbebeitiak irabazi dute Domusa Teknik 40 MLK lasterketa

Maialen Etxaniz eta Ihintza Elustondo 2022ko mai. 14a, 17:06

Gizonetan, Pere Aurell izan da bigarrena, eta Igon Mantzizidor hirugarrena. Emakumeetan, Leire Baraibar sailkatu da bigarren, eta Oihane Perez hirugarren. Josu Imaz eta Onintza Zeberio izan dira lehen herritarrak. Beroa tarteko, ehun korrikalari baino gehiagok bertan behera utzi dute lasterketa. Ekaitza tarteko, une batez gelditu egin dute lasterketa.

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren lehen edizioa jokatu dute gaur Azpeitian, eta beroa izan da eguneko protagonista nagusia. 420 korrikalari inguru zeuden proban izena emanda, eta ehundik gora erretiratu dira. Aurreneko postuan amaitu dutenek ere nahi baino denbora gehiago behar izan dute ibilbidearen 65 kilometroak osatzeko: Aritz Egea urretxuarra izan da txapelduna gizonetan, 06:00:33 denborarekin; gutxigatik ez du lortu sei orduko denbora jaisteko helburua. Emakumeetan, Oihana Azkorbebeitia abadiñarra izan da nagusi, 07:17:21 denborarekin. Biek ala biek nabarmendu dute proba gogorra izan dela, eta bero izugarria egin duela.

Honako hauek izan dira podiuma osatu duten korriakalariak: gizonetan, Pere Aurell katalana izan da bigarrena (06:29:54), eta Igon Mantzizidor debarra hirugarrena (06:31:01); emakumeetan, bestalde, Leire Baraibar Zumaiako bizilaguna izan da bigarren sailkatua (07:57:15), eta Oihane Perez gernikarra hirugarrena  (08:16:27).

Herriko aurreneko korrikalariak ere helmugaratu dira. Josu Imaz Azpeitiko bizilaguna izan da horien artean lehen sailkatua, 07:06:54 denborarekin; zazpigarren amaitu du sailkapen orokorrean. Lehen azpeitiarra, bestalde, Ion Intxausti izan da, 07:22:46 denborarekin; sailkapen orokorrean hamabigarren postua eskuratu du. Emakumeetan, bestalde, Onintza Zeberio izan da lehen herritarra (09:14:42).

17:30 aldean, ekaitza hasi du, eta une batez, gelditu egin dute lasterketa. Ikasberrin geldirik zeudenek ezin izan dute jarraitu lasterketarekin, eta Xoxoten zeudenei, berriz, aukera eman zaie ekaitza pasatzean lasterketarekin jarraitu edo autoz jaitsi nahi zuten erabakitzeko.

Lotura honetan egin daiteke sailkapenaren eta korrikalari bakoitzaren denboren jarraipena.

Mandubia aldean, erretiro ugari

Ibilbidea Azpeitian hasi eta amaitu bada ere, beste hiru herri zeharkatu ditu probak: Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama. Mendi tontorrei dagokienez, berriz, Arroita edo Arauntza (612 metro), Sañu (616 metro), Gazume (1.002 metro), Hernio (1.078 metro), Murumendi (868 metro), Izazpi (973 metro), Hiruarrieta edo Samiño  (933 metro) eta Xoxote (912 metro) igaro behar izan dituzte parte hartzaileek. 7.400 metroko desnibel metatuta du lasterketak; hau da, 3.700 metro goranzko edo positibo, eta beste horrenbeste beheranzko edo negatibo izango ditu.

Hernio aldean korrikalari guztiak elkarren atzetik igaro dira, baina Mandubiara iristean, pixkanaka-pixkanaka, proba bertan behera uzten joan dira hainbat korrikalari. Guztira, 67 herritar zeuden lasterketan izena emanda, baina horietako asko eta asko ez dira iritsi helmugara. Hurrengo urtean giro freskoagoa egitea desiratu eta proba amaitzeko helburua jarri diote horietako hainbatek beren buruari.

Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatu du Domusa Teknik 40 MLK lasterketa, eta Domusa Teknik da probaren babesle ofiziala. Gainera, Euskal Mendizaleen Federazioak Euskadiko Ultra Txapelketa izendatu du lasterketa. Era berean, Marea Urdinak ere bat egin du lasterketaren antolaketarekin, eta Anoa Gune Urdina izan da Ikasberri Azpeitiko Ikastolan, aniztasun funtzionalaren alde kontzientziak astintzeko.

Hernio inguruan, Samiñon, Ikasberriko Anoa Gune Urdinean eta helmugan hartutako irudiak dira honako hauek.

Erlazionatuak

Hasi da Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketa

Ihintza Elustondo eta Maialen Etxaniz 2022 mai 14 Azpeitia