Izei musika taldeak ingurukoen babesean aurkeztu du bere lehen diskoa

Maialen Etxaniz 2022ko mai. 13a, 17:31

Azpeitiko Izei musika taldeak aurkeztu du labetik atera berri duen diskoa. Izeiko musikariek atzo egin zuten diskoaren aurkezpena kontzertu akustiko baten bitartez, inguruko lagun eta senideen babesean, Charlie Chaplin tabernan. Joseba Izagirrek, Pello Arribasek, Aritz Unanuek eta Aitzol Etxanizek osatzen dute Izei, eta zazpi abestiz osatutako lana kaleratu dute. Haiek kontatu dituzte taldearen eta diskoaren nondik norakoak.

Izei musika taldeak labetik atera berri duen diskoa aurkeztuko du. Atzo, ostegunez, egin zuen aurkezpena Azpeitiko taldeak, Charlie Chaplin tabernan, 19:45ean hasita. Izeiren lehen diskoa da kaleratu berri dutena, eta zazpi abestiz osatutako lana da. Aurkezpenera bertaratzen zirenek abesti horietako batzuk entzuteko parada izan zuten.

Beste hainbat musika taldetan ibili ostean, 2017an sortu zuten Joseba Izagirrek, Pello Arribasek, Aritz Unanuek eta Aitzol Etxanizek Izei taldea. Ordutik, Zubizaharren aritu dira lanean. Azaldu dutenez, 2018an bertan grabatu zituzten plazaratu berri duten lana osatzen duten zazpi abestiak. "Hasiera batean, diskoa argitaratzeko asmorik ez genuen arren, pandemia tarteko, lanari disko formatua ematea erabaki du taldeak, eta Pello Arribasek bere estudioan nahastu ditu abesti guztiak", azaldu dute.

Datozen asteetan hainbat musika plataformetan eta sare sozialetan ere jarriko dituzte entzungai disko berriko abestiak. Taldeak jakinarazi duenez, ez du diskoa salgai jarriko, baina albuma eskuratu nahi dutenek taldearekin harremanetan jarri besterik ez dute.