Hasi da Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketa

Ihintza Elustondo eta Maialen Etxaniz 2022ko mai. 14a, 08:30

08:00etan abiatu dira plazatik Domusa Teknik 40 MLK proban parte hartzen ari diren 420 korrikalariak. Eskualdeko hainbat herri eta gailur zeharkatuz, 65 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Azpeitiko plazan amaituko dute ibilbidea; antolatzaileek aurreikusten dute 13:30-14:00 aldera iritsiko direla helmugara lehen korrikalariak.

Iritsi da hainbeste itxarondako eguna: 08:00etan hasi da Domusa Teknik 40 MLK probaren lehen edizioa. Azpeitiko plazatik abiatu dira lasterketan parte hartuko duten 420 korrikalariak, eta guztira, eskualdeko hainbat herri eta gailur zeharkatuz, 65 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Azpeitiko plazan amaituko dute proba, eta antolatzaileek aurreikusten dute 13:30-14:00 aldera iritsiko direla helmugara lehen korrikalariak. Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatu du ultra traila, eta Domusa Teknik da lasterketaren babesle ofiziala.

Ibilbidea Azpeitian hasi eta amaituko bada ere, beste hiru herri zeharkatuko ditu probak: Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama. Mendi tontorrei dagokienez, berriz, Arroita edo Arauntza (612 metro), Sañu (616 metro), Gazume (1.002 metro), Hernio (1.078 metro), Murumendi (868 metro), Izazpi (973 metro), Hiruarrieta edo Samiño  (933 metro) eta Xoxote (912 metro) igaro beharko dituzte parte hartzaileek. 7.400 metroko desnibel metatuta izango du lasterketak; hau da, 3.700 metro goranzko edo positibo, eta beste horrenbeste beheranzko edo negatibo izango ditu.

Euskal Mendizaleen Federazioak Euskadiko Ultra Txapelketa izendatu du Domusa Teknik 40 MLK probaren lehen edizioa, eta beraz, federazioaren bitartez parte hartuko dute zenbait korrikalarik. Guztira, 67 herritar izango dira proban, eta horietatik sei izango dira emakumeak. Horrez gain, 24 azkoitiar izango dira –horietatik bi emakumeak–, eta Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama batera kontuan hartuta, beste bi lasterkari ere bai. Guztira, 420 dortsaletatik 36 izango dira emakumeenak, eta 382 gizonenak. Aipatzekoa da, gainera, 300 boluntariotik gora ariko direla lanean ibilbidean zehar laguntzen.

Izen handiko partaideak

Domusa Teknik 40 MLK proban Euskal Herriko zein nazioarteko punta-puntako lasterkariek parte hartuko dute, eta antolatzaileek horietako batzuk nabarmendu dituzte. Alde batetik, Jone Urkizu eta Joxelu Albizuri aipatu dituzte, horiek proiektuan ere parte hartu dutelako. Bestalde, honako partaide hauek izango dira proban, beste hainbaten artean: Aritz Egea, Pere Aurell, Oihana Azkorbebeitia, Amaia Razkin, Lur Basterretxea, Oihane Perez, Arantzazu Larrañaga, Elixabete Ursua, Iñigo Arantzamendi, Goar Lopetegi, Hodei Lujanbio, Adur Mendizabal eta Arkaitz Iturriagaetxebarria. Eskualdeko hainbat kirolari ere izango dira: Leire Baraibar zumaiarra, Uxoa Irigoien getariarra, Borja Zubizarreta azkoitiarra, Unai Zialtzeta zein Ibai Etxeberria azpeitiarrak, eta Azpeitiko bizilagunak diren Aitor Mimenza eta Josu Imaz. Gainera, Imazek 1 zenbakidun dortsala eramango du proban, bera izan baitzen joan zen urtean antolatu zuten lasterketaren irabazlea.

Segurtasunari dagokionez, alde batetik Gurutze Gorriaren eta Azpeitiko suhiltzaileen laguntza izango dute Domusa Teknik 40 MLK proban, eta, bestetik, ibilbidean hainbat aldaketa egin dituzte segurtasuna hobetzeko. "Zenbait gune aldatu ditugu egoera txarrean zeudelako, eta ibilbideko zati konplikatu batean egurrezko posteak eta soka jarri ditugu bertatik jaistea errazago izan dadin. Hala ere, lasterkari denei gomendatuko genieke toki zail horietan pazientzia pixka bat eduki dezaten aurretik beste korrikalariren bat baldin badoa", azaldu dute antolatzaileek.

Anoa Gune Urdina

Lagun Onak Mendi Bazkunak lasterketaren bidez bultzatu nahi duen beste balioetako bat inklusioa izan da proiektuaren hastapenetatik, eta horren erakusle da Marea Urdinaren parte hartzea. Lasterketaren egunean, 11:00etatik 18:30era bitartean Anoa Gune Urdina jarriko dute Ikasberri Ikastolaren ondoko aparkalekuan, eta hainbat ekintza egingo dituzte bertan; esaterako, puzgarriak izango dira, sentsibilizazio jolasak eta olatu urdin erraldoia egingo dituzte eta pintxoak zein edariak dastatu ahal izango dira.

Bestalde, herriko hainbat txokotan beste zenbait ekitaldi ere izango dira; esaterako, pintxo jana, DJen emanaldiak eta Zetak taldearen kontzertua.

Hona hemen Anoa Gune Urdineko egitaraua:

  • 11:00etatik 18:30era, Atracciones Sanzen puzgarriak.
  • 12:00etan, olatu urdin erraldoia. (700 kamiseta urdin dituzte oparitzeko).
  • 12:30ean, lehen korrikalariari ongietorria.
  • 11:00etatik 14:00etara, sentsibilizazio jolasak. (Egaña gozotegiak egindako Marea Urdinaren txokolatezko piruletak oparituko dituzte).
  • 12:00etatik 16:00etara, pintxoak eta edariak Eusko Labelen eskutik.
  • 16:30ean, #40 MLK Kx2 erronkaren sari banaketa.
  • 18:30ean, azken korrikalariari ongietorria.
  • Egun osoan zehar DJ Kataren musika.

Hona hemen gainontzeko ekintzen egitaraua:

  • 08:00etan, lasterketaren irteera plazatik.
  • 13:30ean, pintxo jana Perez Arregi plazan. (Biltzen den dirua Ukrainako umeei bideratuko zaie).
  • 14:00etan, DJ Refereeren emanaldia Perez Arregi plazan
  • 14:00etan, lehen korrikalariaren iritsiera plazan.
  • 16:30etik 20:30era, DJ Oihan Vegaren emanaldia Perez Arregi plazan.
  • 20:30ean, lasterketaren itxiera plazan.
  • 21:00etan, sari banaketa plazan.
  • 22:00etan, Zetak taldearen kontzertua Sanagustin kulturgunean.