Urola Ikastolako hiru ikasle saritu dituzte Azkue literatur sarietan

Mailo Oiarzabal 2022ko mai. 14a, 09:25
Urola Ikastolako ikasle saridunak atzo, Bilboko Plaza Barrian. Ezkerretik eskubira, Nerea Cestona, Aner Elorza eta Hegoa Aizpuru. (Urola Ikastola)

10 eta 13 urte bitarteko ikasleentzako poesia saileko hiru sariak eskuratu zituzte, hurrenez hurren, Nerea Cestonak, Hegoa Aizpuruk eta Aner Elorzak.

2021eko Resurreccion Maria Azkue literatura sariak banatu zituen atzo Euskaltzaindiak Bilboko bere egoitzan. Adinaren arabera bi mailatan banatuta, 10 eta 17 urte arteko ikasleek aurkeztutako idazlanak saritzen dituzte Euskaltzaindiak BBK-rekin batera gazteak literaturaren mundura erakartzeko asmoz antolatutako lehiaketan; narrazioak alde batetik, eta poesiak bestetik. Hamabi sari banatzen dituzte Azkue sariketaren edizio bakoitzean –bi aipamen berezi ere bai azken honetan–, eta 2021ekoan horietatik hiru Urola Ikastolako ikasleentzat izan dira.

Hain zuzen ere, poesiaren arloan nabarmendu dira Urolakoak sariketaren azken edizio horretan. Izan ere, A mailako (10 eta 13 urte arteko ikasleena) hiru sariak bereganatu dituzte Azpeitiko ikastetxekoek. Miren Cestonak irabazi du lehen saria, Ezinegona izeneko lanarekin; Hegoa Aizpururen Gauaren atseden ilunean poemarentzat izan da bigarren saria; eta hirugarrena, berriz, Aner Elorzak idatzitako Itsasoak soilik daki olerkiarentzat. Urola Ikastolako DBHko 2. mailako ikasleak dira hirurak.

Sariak banatzerakoan, epaimahaikideek sail bakoitzean saritutako lanen balorazioa plazaratu zuten atzo. Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni izan dira A mailaren barruan aurkeztutako lanak epaitu dituztenak. Haien esanetan, Cestonaren Ezinegona "pesimismo egoera baten adierazpen poetikoa da, eta profetikoa ere bai; metafora baliatuz, eta errima lagun, poema indartsu bat osatzen du".

Euskal Herri osoko ikastetxeetako 526 ikaslek aurkeztu dituzte lanak, guztira, 2021eko Azkue literatuta sarietara.