Hegazti gripedun sai bat atzeman dute Matxinbentan

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 13a, 10:16
Matxinbentan atzeman dute kutsatutako sai arrea.

Foru Aldundiko basozainek atzeman dute kutsatutako sai arrea Matxinbentan. Hegazti hori Urnietako Arizmendi zentrora eraman dute ebaluatzera, eta han beste bat kutsatu da. Etxeko hegaztiak konfinatzea gomendatu dute.

H5N1 azpimotako patogenotasun handiko hegazti gripea (PHHG) duen sai arre bat atzeman dute Matxinbentan. Hegazti hori animalia basatiak artatzeko Urnietako (Gipuzkoa) Arizmendi zentrora eraman zuten, ebaluatzeko. Han beste hiru sairekin kontaktuan egon zen, eta horietako bat kutsatu egin zen. Beraz, guztira hegazti gripearen bi kasu atzeman dituzte oraingoz.

Eusko Jaurlaritzak atzo kaleratutako ohar baten bidez eman du gertaeraren berri. Azken hilabeteetan, Frantzian hegazti gripearen hainbat kasu atzeman dituztenez, zaintza lanak areagotu dituzte inguruotako basozainek azkenaldian; hori dela-eta atzeman dute hegazti gripea duen saia. Ondorioz, kontrolak zorroztu dituzte orain Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; bereziki, arrisku handiagoko eremuetan, hala nola hezeguneetan edo hegaztiak biltzen diren beste eremu batzuetan. Horrez gain, hiru foru aldundiak eta Eusko Jaurlaritza prebentzioko kontrolak egiten ari dira, infekzioak lehenago atzemateko eta balizko kutsatzeak saihesteko.

Era berean, hegazti ustiapenetan biosegurtasun neurriak indartu dituzte, hegazti basatiekin kontakturik izan ez dezaten. Ildo beretik, etxeko hegaztiak konfinatzea gomendatu dute.

"Pertsonentzat arriskutsua ez"

Autokontsumorako hegaztien jabeei ere neurri horiek aplikatzeko eskatu die Jaurlaritzak. "Gaixotasun hori ez da arriskutsua pertsonentzat, baina sektorean galera ekonomikoak eragiten ditu; izan ere, ustiategi batean hegazti gripearen kasuak atzematen badira, ustiategiko hegazti guztiak hil behar dira", azaldu du erakundeak.

Hegazti gripea gaixotasun birikoa da, eta gehienetan, hegaztiei baino ez die eragiten. Jaurlaritzaren arabera, birus horren andui batzuk oso patogenoak dira, "oso-oso kutsakorrak" hegazti espezieen artean, eta "hilkortasun tasa handia" izaten da. Espainiako patogenotasun handiko hegazti gripearen (PHHG) egungo olatu epizootikoan H5N1 azpimota da nagusi.

Espainian, urtarrilaren 1etik aurrera, PHHGren 31 foku jakinarazi dituzte eskortako hegaztietan eta 37 kasu hegazti basatietan. Europan, berriz, 2021eko udazkenaz geroztik, birus horren 4.500 foku baino gehiago detektatu dituzte. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez zen hegazti gripearen fokurik atzeman duela hamabost urte baino gehiagotik.

Jaurlaritzak adierazi duenez, hegaztien haragia, arrautzak, gibel orea edo hegaztiz egindako edozein elikagai kontsumitzea "ez da arriskutsua pertsonentzat, ezta kutsatuta egonda ere".