Ibai Aldalur: "25 urteko ibilian, pila bat eman dit Ikasberri kirol elkarteak"

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 13a, 10:00
Ibai Aldalur. (Angel Olabarria)

25 urte beteko ditu aurten Azpeitiko Ikasberri kirol elkarteak, eta urte horiek guztiak eman ditu Aldalurrek klubean. Egun, elkarteko lehendakaria da, eta urteurrena nola ospatuko duten azaldu du.

40 urte beteko ditu aurten Ibai Aldalurrek (Azpeitia, 1982), eta bizitza erdia baino gehiago egin du Ikasberri kirol elkartean: 25 urte, guztira. Horixe da elkarteak aurten ospatuko duen urtemugaren zenbakia ere. 40 urteko bizitza, 25 urteko futbol ibilbidea eta klubaren 25. urteurrena; zenbaki borobil horiek aprobetxatuz, futbola uztea erabaki du Aldalurrek. "Uste dut zenbaki politak direla agur esateko", dio. Dena den, elkarteko lehendakari izaten jarraituko du aurrerantzean ere.

Ikasberri kirol elkarteak 25 urte beteko ditu aurten, eta zu urte horietan guztietan izan zara hango kide.

Kluba martxan hasi zenetik aritu naiz futbolean Ikasberrin, eta 2018tik, gainera, elkarteko lehendakaria naiz. Beti galdetzen nion neure buruari noiz utziko nuen futbola, eta azkenean, erabaki dut 25 urte eginda uztea. Lehendakari postua ez dut alde batera utziko oraingoz, ordea.

Elkartearen 25. urteurrenaren harira, zuzendaritzako kideek hainbat egitasmo jarri dituzue martxan.

Bai, urteurrena ospatzeko, ekintza batzuk antolatzen ari gara. Klubaren denboraldi amaierako bazkaria egingo dugu ekainaren 4an, eta egun horretan, beteranoekin partida bat jokatuko dugu; lehen Ikasberrin jokatu zuen jendeak oraingo taldekideen aurka jokatzea nahi dugu. Animatzen diren beteranoak jar daitezela kirol elkartekoekin harremanetan, eta ondoren, guztiok elkarrekin joango gara bazkaltzera. Era berean, elkartearen logoa berritu eta kamisetak atera ditugu, eta urteotan Ikasberri kirol elkartetik igaro direnei banatuko dizkiegu kamiseta horiek. Klubetik igaro diren denek eska dezakete elastikoa, eta trukean eskatuko dugun gauza bakarra izango da hori jantzita argazki bat bidaltzea. Horrez gain, klubaren ibilbideko argazki zaharrak biltzen aritu gara.

Nolakoak izan ziren Ikasberri kirol elkartearen hastapenak?

Bereizketa bat egin behar da hori azaltzeko: Ikasberri kirol elkartea 1996. urtearen bukaeran hasi zen martxan, pilota, atletismoa eta beste hainbat kirol jorratzeko helburuarekin, baina 1997ko udara arte ez zen futbol taldea sortu. Kadeteena izan zen aurreneko futbol talde federatua.

Nola eboluzionatu du elkarteak urte hauetan?

Ikasberri Azpeitiko Ikastolako gurasoek sortu zuten elkartea, eta pilota partidak, atletismo saioak, rallysprintak, kros mistoak eta abar antolatzen hasi ziren. Arlo horiek pixkanaka indarra galtzen joan dira, nahiz eta palaz aritzen diren pare bat pertsona izan ditugun federatuta klubean. Gaur egun, futbol arloan soilik aritzen da Ikasberri kirol elkartea. Duela urte batzuk, gurasoen artean erreleborik ez zegoela eta, guk hartu genuen zuzendaritzaren lekukoa.

Lehendakari zaren aldetik, zein da zure egitekoa?

Lehendakari ardura hartu nuenean, 11-12 pertsona hasi ginen zuzendaritza taldean, eta arlo ezberdinak landu beharra zegoela ikusi genuen. Orduan, ardurak banatu genituen gure artean. Lehendakari gisa, kudeaketari dagozkion hainbat kontu egin behar izaten ditut: federazioarekin bilerak egin, babesleak lortu... Elkartean aurpegia ematen duena-edo izatea dagokit.

Gaur egun, zenbat talde ditu Ikasberri kirol elkarteak?

Sei futbol talde; infantiletatik hasi eta Gizonezkoen Gorengo Mailara arte. Gaur-gaurkoz, talde guztiak dira mutilenak. Nesken taldeak izan ditugu, baina kostatu egin zaigu horiei eustea. Klub guztiek nahi dute nesken taldea izatea, eta inguruotan ez da aritzen guk nahi adina emakume futbolean. Aurrera begira, hori litzateke kirol elkartearen erronketako bat; emakumeen taldea sortzea.

Zer harreman izango duzu aurrerantzean futbolarekin?

Ikusi egin beharko dugu. Ez da gauza bera klubeko jokalaria izan, eta aldi berean, lehendakari ere izatea, edo jokatu gabe izatea lehendakari. Astero entrenatzen ari bazara, jendearekin zaudenez, bertatik bertara ikusi ohi duzu zein diren beharrak, eta harreman hori nolabait hoztu egingo da aurrerantzean. Pena pixka bat ematen dit horrek.

Zure bizi erdia baino gehiago daramazu Ikasberri kirol elkartean.

Egia da. Ez naiz jarri aztertzen nolakoa izango den nire bizitza aurrerantzean, baina imajinatzen dut, irailetik aurrera, nabarituko dudala futbolean jokatzearen hutsunea. Ea nola egiten diodan aurre horri. Ez dakit afizio berriren bat bilatuko dudan edo zer egingo dudan. Ez naiz pentsatzen jarri.

1997an hasi zinen Ikasberri kirol elkartean, eta 2022ra arte, klubeko ia kategoria denetan jokatu duzu. Zer da zuretzat Ikasberri kirol elkartea?

25 urteko ibilian, pila bat eman dit klubak. Inertziaz hasi nintzen Ikasberrin jokatzen. Eskola kiroletik jauzi egiteko garaian, Lagun Onak zen Azpeitian futbolean federatuta jokatzeko aukera ematen zuen klub bakarra. Orduan, hutsune bat zegoela ikusi zuen Ikasberri Ikastolak, herriko jende pila batek nahi zuelako futbolean segitu eta ez zeukalako horretarako aukerarik. Hortik sortu zuten Ikasberriren lehen talde hura, Lagun Onaken jokatzeko aukerarik ez zuten gaztetxoei irtenbide bat emateko, eta asko pentsatu gabe eman nuen izena. Gero, segi eta segi, gustura aritu naiz gaur egunera arte. Neure betiko kuadrillaz aparte, beste kuadrilla bat bilakatu da Ikasberrin egin dudan lagun taldea. Asko baloratzen dut hori; horrek asko bultzatu nau hainbeste urtean jarraitzera. Gainera, pertsonalki hazten lagundu dit futbolak. Ni beti izan naiz txikia, eta kirolak lagundu dit horretaz barre egiten eta izaera lantzen.

Ikasberriren talde ezberdinetan aritu zara urteotan, eta azken neurketa joan den astean jokatu zenuen, Lehen Erregional Mailako taldearekin. Nola oroitzen duzu egun hura?

Gerriko minez ibili nintzen aurreko astean, eta oso-oso justu iritsi nintzen partidara. Beldurrez nengoen, ez nekielako jokatzeko moduan izango al nintzen. Azkenean, nahiz eta ez zen partida oso ona izan, bukaerara arte aguantatu nuen zelaian. Partida amaitu baino pixka bat lehenago aldatu ninduten, eta txaloak jaso nituen, pasilloa egin zidaten, pankarta pare bat ere jarri zizkidaten... Pasilloa, gainera, ez zidaten egin jokalariek bakarrik; partida ikustera joan ziren denek, aitak ere bai... Sekulako ilusioa egin zidan horrek. Horrez gain, kamiseta bat oparitu zidaten, eta ondoren, afaltzera joan ginen taldekideak. Egun polita izan zen; gozatu egin nuen.

Zein duzu futbol ibilbideko oroitzapenik txarrena? Eta onena?

Txarrak beti dira lesioak: lotailu gurutzatua hautsi nuen duela urte batzuk, esaterako. Oroitzapen onak, bestalde, asko dira: mailaz igo gineneko bizipenak, ibilbideko azken partida, bidean egin ditudan lagunak, afariak... Ezingo nuke bat aukeratu.

Aldalurren azken partidako irudi bat. (Utzitakoa)