Herritarren babes sozial eta ekonomikorako 11 laguntza-lerro ireki ditu udalak

Maialen Etxaniz 2022ko mai. 12a, 18:18
Leire Goenaga, Nagore Alkorta eta Aitor Bereziartua, laguntza neurrien aurkezpenean. (Maialen Etxaniz)

Guztira, bi milioi eurotik gora bideratuko ditu erakundeak "behar gehien duten herritarrei laguntzeko nahiz azpeitiarren bizi kalitatea hobetzeko". 11 dira aurkeztu dituzten laguntza-lerroak, eta horiek ekarpena egingo dute sustapen ekonomikoan, babes sozialean eta trantsizio energetikoan. Sustapen ekonomikorako dirulaguntza lerro berriak jarri dituzte martxan. Laguntza-lerroetako zenbait irekita daude dagoeneko, eta beste batzuk "epe motzean" zabalduko dituztela aurreratu dute. 

Azpeitiko Udalak babes sozial eta ekonomikorako neurriak hartu eta aurkeztu ditu. Hain zuzen, 11 laguntza-lerro ireki dituzte behar gehien duten herritarrei laguntzeko, eta, oro har, herritarren bizi kalitatea nahiz Azpeitia hobetzeko helburuz. Gaur aurkeztu dituzte irekitako laguntza-lerroak, eta 11 diren arren, hiru arlotan egingo dute ekarpena: sustapen ekonomikoan, babes sozialean eta trantsizio energetikoan. Nagore Alkorta alkateak adierazi duenez, neurriok "bizi dugun egoera konplexuari erantzuteko plan baten barruan" kokatzen dira, eta plan horren helburua da "egoera ekonomiko zailean dauden azpeitiarrak babestea eta eragile ekonomiko desberdinek izan ditzaketen beharrei erantzutea". Bi milioi eurotik gora bideratu ditu udalak babes sozial eta ekonomikorako laguntza-lerroetara. 

"Gure asmoa da eguneroko beharrei erantzutea, beti ere etorkizuneko perspektiba galdu gabe. Hori dela eta, neurrietako batzuk herri gisa ditugun erronkei erantzuten diete, hala nola trantsizio energetikora bidean ditugun erronkei", azaldu du Alkortak. Horri lotuta, udalak "ziurgabetasun egoerari" erantzuteko duen beharra azpimarratu du alkateak: "Oinarrizko lehengaien egoerak asko eragin die herritarrei nahiz eragile ekonomikoei. Ustekabeko zailtasunen aurrean jarri gaituzte, eta, erakunde gisa, udalari badagokio ziurgabetasun egoera honi erantzutea". 

Besteak beste, gizarte eta behar larriko egoerei erantzuteko, etxebizitzen alokairurako, merkataritza eta ekintzailetasuna sustatzeko, eraikuntzako gremioei nahiz garraiolariei laguntzeko, industria proiektu estrategikoak bultzatzeko, langabezian dauden herritarren kontratazioa sustatzeko, energia berriztagarriak sustatzeko, efizientzia energetikoa lortzeko eta zaintza ekosistema sendotzeko helburuz ireki dituzte 11 laguntza lerroak. 

Sustapen ekonomikorako, dirulaguntza berriak

Urteak dira udalak sustapen ekonomikorako dirulaguntzen lerro ireki zuenetik, baina aurten "egungo egoerak eskatuta", 150.000 euro gehiago bideratu ditu erakundeak laguntza-lerroa indartzera. Horrenbestez, 610.000 euro bideratuko ditu udalak sustapen ekonomikoko laguntzetara. Gainera, aurten zenbait berrikuntza egin dituzte laguntza horien barruan. Alkortak azaldu duenez, aurrerantzean lehen sektorean zein komertzioetan efizientzia energetikoarekin edo energia berriztagarriekin zeriukusia duten inbertsioak diruz lagunduko ditu udalak. Era berean, Alde Zaharrean dauden lokalak berritu nahi ditu erakundeak, eta bertan jardueraren bat martxan jarriz gero bost urteko alokairua diruz lagunduko du udalak. Horrez gain, azpeitiarrak herriko saltokietan erostera animatzeko Azpeitia Zaindu bono kanpaina jarri dute martxan, eta horretarako 60.000 euro bideratu dituzte. "Iazko esperientziak erakutsi digu bono horiek lagungarriak direla", adierazi du Alkortak.

Industria arloan ere berrikuntzak izango dira aurtengo dirulaguntza lerroetan. Alkateak adierazi duenez, "egoera berri honek, orain arte lagundu ez diren zenbait sektore laguntzeko beharra sortu du". "Esaterako, eraikuntza sektoreraren azpian gelditzen diren gremioak –iturginak, igeltseroak, arotzak...– laguntzeko dirulaguntza lerro berezia ireki dugu", azaldu du Alkortak. Horiei ez ezik, garraiolariei laguntzeko lerroa ere ireki dute. Horrela azaldu du alkateak: "Eta nola ez, hedabideetan horrenbeste agertu eta entzun ditugun garraiolariei lagundu nahi duegu, erregaien igoerak beraien egunerokoan izan duen kalte hori leuntzeko asmoz". Halaber, urtero gisan, ekintzailetza sustatuko du udalak, eta horretara iazko diru kopuru bera bideratuko du. 

Gizarte babesa eta trantsizio energetikoa

Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak adierazi duenez, babes sozialera bideratutako laguntzen helburua da "inor atzean ez uztea, herritarrek oinarrizko beharrak asetuta dituztela bermatzea eta horretarako baliabideak eskaintzea". Horrez gain, adinekoen eta mendekoak diren pertsonen zaintza beharrei erantzutea da erakundearen xedea."Zaintza ereduak, zaintzaileen egoerak... beharrak sortzen ditu orain, eta are gehiago sortuko ditu etorkizunean, bilakaera demografikoa nolakoa den ikusita", adierazi du Goenagak. Hori dela eta, unean uneko beharrei erantzuteko laguntzak eskainiko dituzte, baina aurrera begirako erronkei erantzuteko lerroak ere jarriko dituzte martxan. 

Gizarte larrialdietarako dirulaguntzak zein ohiko udal dirulaguntzak eskainiko dituzte gizarte babeserako neurrien arten, baina aurten diru partida handiagoa bideratuko dute hornidura gastuetarako dirulaguntzetara, "aurreikusita gastu handiagoak izango direla herriko familietan eta etxeetan". Etxebizitzen alokairurako dirulaguntzetarako diru partida ere igo egin du erakundeak, prezioetan igoera egongo dela aurreikusita. Horrenbestez, 90.000 euro bideratuko dituzte etxebizitza alokairuko laguntzetara. 

Bilakaera demografikoari erantzuteko hainbat proiektu jarri ditu martxan udalak, eta horietara ere hainbat diru partida bideratuko dituzte. "Besteak beste, Azpeitiko zaintza ekosistema eratzeko proiektua martxan dago Foru Aldundiarekin batera, eta etxean arreta behar dutenei erantzuteko proiektu pilotua ere martxan dago", gaineratu du Goenagak. 

Aitor Bereziartuak azaldu ditu trantsizio energetikora bideratutako dirulaguntzen inguruko xehetasunak. Hain zuzen, erakundearen helburuetako bat da energia berriztagarriak sustatzea eta etxebizitzen irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa lortzea. Hori dela eta, helburu horiek lortzera bidean pausoak ematen dituzten eragile ekonomiko eta norbanakoentzat dirulaguntzak eskainiko dituzte. 

Hainbat laguntza lerro irekita daude: gizarte bazterkeria edo behar larriko egoeran daudenei zuzendutako laguntzak, Azpeitia Zaindu bono kanpaina, zerbitzu sektoreko nahiz lehen sektoreko dirulaguntzak, industriako proiektu estrategikoak sustatzeko laguntza, ekintzailetza sustatzekoa edo langabezia egoeran dauden herritarren kontrataziorako laguntza. Epe motzean irekiko dituzte energia trantsizioari lotutakoak nahiz etxebizitza alokairuari lotutakoak. 

Laguntza lerroen inguruko xehetasun guztiak azaltzeko, udalak liburuxkak banatuko ditu datozen egunetan etxez etxe.

Honako hauek dira Azpeitiko Udalak irekitako 11 laguntza lerroak: 

  1. Gizarte bazterkeriako eta behar larriko egoerei aurre egiteko norbanako eta familientzako udal laguntzak: 489.976 euro. 

  2. Etxebizitzen alokairurako dirulaguntzak: 90.000 euro. 

  3. Merkataritza sustatzeko Azpeitia Zaindu bono kanpaina: 60.000 euro. 

  4. Zerbitzuen sektoreko eta lehen sektoreko jarduerak indartzera bideratutako dirulaguntzak: 100.000 euro.
     
  5. Industria proiektu estrategiko edo berritzaileak, eraikuntza sektoreko gremioei eta garraiolariei bideratutako laguntzak: 310.000 euro. 

  6. Ekintzailetza sustatzea bereziki gizarte ekonomian eta izaera estrategikoa duten jardueretan: 65.000 euro. 

  7. Langabezian dauden pertsonen kontrataziorako laguntzak: 75.000 euro. 

  8. Azpeitiko energia kooperatiban bazkide egiteko dirulaguntzak herritar zein merkatarientzat: 250.000 euro. 

  9. Ekindar kooperatibaren eta udalaren arteko lankidetza hitzarmena: 60.000 euro.

  10. Etxebizitzen irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa lortzeko eta energia berriztagarriak ezartzeko dirulaguntzak: 300.000 euro. 

  11. Adinekoen eta mendekoen zaintza ekosistema: 234.736 euro.