Azoken etorkizuna bermatzeko modu berrien bila lanean ari dira

Azpeitiko Azoka Plazako irudia.

Azpeitiko, Azkoitiko eta Zarauzko merkatuak Gipuzkoako Azoken Sarean sartu dira, azokak aztertzeko, indartzeko eta horien etorkizuna bermatzeko helburuarekin. Herri bakoitzaren diagnostikoa eta ekintza planak egin ondoren, azoka horien helburuak eta beharrak betetzeko lantaldeak osatu dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzarekin, Landa Garapen Elkarteekin eta Elika Fundazioarekin elkarlanean, lurraldeko herrietako azokak aztertzeko, indartzeko eta hauen etorkizuna bermatzeko helburuarekin Gipuzkoako Azoken Sarea egitasmoa jarri zuen martxan iazko urtarrilean. Gipuzkoako Azoken Sarea proiektua udalerri bakoitzeko azokaren beharretara egokitu dute, eta udalerri bakoitzeko azoka osatzen duten eragileen partaidetzarekin garatu dute.

Pandemia garaian sortu zen azoken sarea eratzeko beharra. Izan ere, azoka guneetan izan beharreko protokoloak asko aldatzen ziren udalerriz udalerritako azoketan. Azkenean, egiten zituzten interpretazioak desberdinak ziren, eta udal edota erakunde bakoitzak berea egiten zuen; hau da, azoka bakoitzaren egoera eta hartutako neurriak desberdinak izaten ziren batean eta bestean. "Egoera nolakoa zen ikusita, Gipuzkoan azokak dituzten udalerriek irizpide komunak izateko beharra antzeman genuen. Lurraldeko landa garapen elkarte guztiok azoka sarearen sorrera proposatu genuen, Elika fundazioarekin batera. Hori abian jartzeko, elkarte bakoitzak sarera sartzeko bere eskualdeko udalerriak eta azokak hautatu behar izan zituen", azaldu du azoka sarearen sorrera Urkome Urola Kostako landa garapen elkarteko kudeatzailea den Yurre Peñagarikanok.

Hautatutako azoka horiek, ordea, baldintza batzuk behar zituzten: gutxienez hamabost ekoizle izatea azokan, gutxienez astean behin egiten den azoka izatea eta bertan bertako edota tokiko produktuak saltzea.  Hala, Urola Kosta eskualdetik hiru izan ziren sarean sartzeko hautatuko azokak: Azkoitikoa, Azpeitikoa eta Zarauzkoa, Gipuzkoako beste hamalau udalerritakoekin batera. 

Behin Gipuzkoako Azoken Sarean sartuta, udalerri bakoitzeko azokaren diagnostikoa eta ondorengo ekintza plana egin zituzten. "Hamazazpi udalerri eta azoka horietako diagnostikoak eta ekintza planak eginda, behar komunak zeudela ikusi genuen. Era horretan, Gipuzkoako Azoken Sarearen Plan Estrategikoa osatu genuen iaz, eta lanerako atal desberdinetan banatuta dago plan hori", gaineratu du Peñagarikanok.

Plan Estrategikoak honako atal edo lantalde hauek ditu: Gobernantza eta kudeaketa, Digitalizazioa eta Komunikazioa. Ardatz bakoitzaren lan ildoak ere definitu dituzte, hala nola mahaien osaketa, azpiegituren eguneraketa, digitalizazio proiektuak eta sustapenerako ekintzak. Udal eta azoka bakoitza, dituen beharren arabera, azoken sareko lantalde horietako batean sartu da. Urola Kostako hiru azoken kasuan, adibidez, lantalde desberdinetan sartuta daude, bakoitzaren errealitateak eta beharrak desberdinak direlako.

Azokak mantendu eta hobetu nahi dira, eta horretarako, ezinbestekoa da azoken sarea indartzeko lan egitea, denek irtenbide komunak izan ditzaten: "Batetik, azoketako ekoizleen baldintzak hobetu nahi dira; eta bestetik, merkatuan erosteak dituen abantailez gizartea sentsibilizatzeko sinergiak aprobetxatu nahi dira. Ea horrela, jende berri gehiago eta bezero gehiago lortzen dituzten azokek", adierazi du Olatz Lacomba Urkomeko teknikariak. Horretarako, azoketako bezeroei zerbitzu berriak eskaintzen hasita daude: erosketak jasotzeko armairuak, Whatsapp bidezko erosketak… Pandemian zehar zerbait hobetu bazen, bertako produktuen aldeko apustua izan zen: "Izurriaren garaian herritar ugari hasi zen bertakoa, gertukoa eta inguruko ekoizleen produktuak kontsumitzen. Gainera, garai haietako neurriekin Whatsapp bidezko erosketak hasi ziren, eta egun, jarraitu egiten dute", gaineratu du Lacombak.

Herriz herriko azoketan bide berriak zabaltzen ari dira. Gerta daitezkeen arazoak gaindituz, poliki-poliki denei aterabidea ematea espero dute, eta "itxaropentsu" daude: "Erakundeen eta batik bat udalen jarrera oso ona da. Ahalduntzeko balio izaten ari da prozesua, eta udalak erakusten ari diren inplikazioarekin, ekoizleak ere gustura eta gogoz ari dira, erantzunak jasotzen ari direlako".

Azpeitia

Azpeitiko lan saioetatik sortutako lantaldea udaleko, Bertan merkatari elkarteko, Elikaguneko, Urkomeko eta azokako ekoizleen ordezkariek osatzen dute. Azpeitiko kasuan, lehentasuna komunikazioari eman diote, eta lehen urratsak egiten hasita daude; besteak beste, sare sozialei beste ikuspegi bat eman diete, sarriago egiten dituzte argitalpenak, eta ekoizleen aldetik inplikazio gehiago antzeman dute.

Azkoitia

Azkoitian azoka plazari buruz egindako lan saioetan, lantalde bat eratzeko eta berdura plazako espazioaren eraberritzea egiteko beharrak antzeman zituzten. Hala, lantaldea eratu zuten Azkoitiko Udaleko, Herrixen merkatari elkarteko eta Urkomeko ordezkarien, berdura plazako ekoizleekin eta bertako postu itxiak dituzten ordezkariekin. Talde hori osatu zutenetik hainbat bilera egin dituzte. Hala ere, azoka plazaren eraikinaren eraberritze lanei eman diete lehentasuna.

Zarautz

Zarauzko merkatu plazaren inguruko lan saioetan, berriz, lehentasuna harremanak sendotzeari eman zioten; alegia, Zarauzko Udalaren eta merkatuko kideen arteko harremanak sustatzeari. Horretan ari dira azken asteetan, eta egungo komunikazioa askoz eraginkorragoa da. Horrez gain, eraberritze lanen beharra ere aipatu zen lan saio horietan, eta egun merkatu plaza berritzeko lanak amaitzear daude.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide