Andoitz Antzizar: "Etengabeko eraldaketa ari da izaten trikitia"

Julene Frantzesena 2022ko mai. 12a, 12:12
Andoitz Antzizar idazkaria, elkartearen egoitzan. (Julene Frantzesena)

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Azpeitian du egoitza berria. Elkartearen orainaz eta geroaz, trikitiak bizi duen egoeraz eta etorkizunerako erronkez hitz egin du Andoitz Antzizar elkarteko idazkariak. Trikitiak etorkizuna "bermatuta" duela dio.

Duela aste batzuetatik, Basazabal jauregian du egoitza Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Bilgunea lekuz aldatu izanagatik, berbera izaten jarraitzen du elkartearen erronka nagusiak Andoitz Antzizar (Irun, 1977) idazkariaren arabera: erroak ahaztu gabe, gizartearen beharretara egokitzea. Boluntarioek egiten duten lana azpimarratu du hark.

Zer dela-eta lekualdatu duzue egoitza Azpeitira?

Trikigiro elkarteak Azpeitiko Udala zirikatuta. Trikigiro lan handi bat egiten ari da bailaran, eta konturatu zen bildutako dokumentazioa gordetzeko lekuren bat behar zuela. Gurekin ere harremanetan jarri zen Trikigiro, eta Zarauzko egoitza motz gelditzen zenez… Elkartearen betiko ametsa izan da zerbait hobea aurkitzea. Trikigirok Azpeitian jo zuen atea, eta udala egituraketa antolatzen ari zenez, interpretazio gune bat eta erakusketak jartzeko lekua eskatu genion.

Azpeitia trikitiaren sehaska izan dela esan izan da. Leku egokia elkartearen egoitzarentzat, beraz?

Azpeitiko Udalak trikitiarekiko sentsibilitatea du; beti izan da laguntzeko prest. Urtero-urtero lagundu digu San Jose jaialdia antolatzen, eta hainbat trikitilari eta pandero-jotzaileri buruzko liburuen argitalpenetan ere lagundu du. Bestalde, Azpeitiak kultur mugimendu oso berezia dauka azken urteotan, eta erreferente bilakatzen ari da. Beraz, oso egoki heldu zaigu kultur mugimendu horren barruan sartzeko aukera. Trikitiak hainbeste gauza hartzen ditu bere baitan: soinu txikiaz eta panderoaz haratago, euskara, dantza, kantuak, musika…

Trikitiak zer egoera bizi du?

Bizirik dago bai Azpeitian, bai Euskal Herrian. Xabi Bordaren hitz batzuk irakurri berri ditut, 2004koak, eta hark zioen trikitia krisian ez ote zegoen. Hainbestetan irakurri dut trikitia krisian dagoela… Hori euskal kulturaren sintoma bat da; trikitia beti dago krisian, euskaraz eta euskaratik egiten den kulturgintza bezalaxe. Horrek sentipenetik gehiago du, ordea, menpekoa delako euskal kultura, baina oso-oso indartsu gaudela uste dut.

Belaunaldien arteko transmisioa bermatuta al dago?

Euskal Herri osoan 3.000 bat lagun ari dira trikitia ikasten. Gainera, emakumeek hartu dute plaza, nabarmena da; ikasleen bi heren baino gehiago emakumeak dira. Oinarri sendo bat dago, edo zabal bat; izan ere, agian, ausarkeria da sendoa dela esatea. Etorkizuna bermatuta dago, beraz, eta bazter guztietan, arlo guztietan, ikusten da trikitia. Gaur bertan [ostiralean egin zen elkarrizketa hau] Cinzanoren promozio bat sartu da Bilborako, musicos callejeros behar dituztela eta; trikitilariak dira musikari horiek. Kalea gurea da, plaza gurea da; beste musika tresnarik ez da ikusten plazetan. Gu hor gaude, eta gure indargunea da kalean gaudela, herriaren mailan gaudela.

San Jose trikiti jaialdia da horren erakusleetako bat. Leporaino betetzen da urtez urte Soreasu antzokia. Zer du berezia jaialdi horrek?

Trikitiaren abaniko osoaren zatitxo bat jasotzen du jaialdi horrek, publiko zehatz batentzat izaten da. Nabarmena da han parte hartzen duten kideen eta eskaintzen duten musikaren joera; markatutako jaialdia da, eta Azpeitian funtzionatu egiten du. Urtero 600 lagun elkartzeko indarra dauka, eta ez dut uste ahul gaudenik. Agian, Bilbon ez luke horrela funtzionatuko, ordea.

Trikigiro lan izugarria egiten ari da trikitiaren Urolako ondarea jasotzeko. Zer garrantzi dute halako lanek?

Trikigiro sekulako lana egiten ari da, nahiz eta nahi baino gehiago ari zaien luzatzen. Bilketa lana ez da inoiz bukatzen, beti sortzen dira gauza berriak. Soka bati tira eta bi hari mutur ateratzen dira, eta… Sare ikaragarria lortu dute, eta jabetu dira elkarrizketa gehiago egin ditzaketela. Bukaera eman beharko diote, baina, eta lana aurkeztu. Badakit dokumentalarekin aurreratuta daudela, adibidez.

Urola bailarak eman du trikitilaririk…

Urolan nabarmena da belaunaldien arteko katebegien lotura. Elgeta trikitixa irakastera Urolara etorri zenean, Azkoitiko eta Azpeitiko baserri askotan agertu ziren soinuak. Hortik atera dira hainbeste eta hainbeste izen, hala nola Sakabi, Laja, Iturbide eta abar. Asko gure artetik joaten ari dira, baina oraindik baditugu garai haren testiguak. Haien ondorenak izan dira, berriz, Saioa Lizarralde, Zabale, Lurdes Alkorta… Kateak jarraipena izan du, eta atzetik ere badatoz, indartsu, sarea zabala delako. Urolan ez ezik, Debabarrenean eta Tolosan ere indartsu dago trikitia, Bizkaian ere bai, eta Nafarroan ere bada sarea. Ipar Euskal Herrian ere ari da zerbait mugitzen.

Trikitixa elkarteak hainbat egiteko ditu. Zein nabarmenduko zenituzke?

Urtean zehar egitasmo ugari egiten ditu, baina oinarrian zera dago: jaso, gure egin, zabaldu eta sustatu, beti naziotasunari begira eta euskaraz nahiz euskaratik. Iraganekoa jasotzeko bilketa lana garrantzitsua da etorkizunerako, eta jasotako hori guztia ondo gordetzea eta zabaltzea ere bai. Zabalkunde hori trikitia sustatzeko aprobetxatzen dugu, trikitiak bere baitan dituen arlo guztiak kontuan hartuta. Bestalde, irakaskuntzara begira ere egiten dugu lan, eta halaber, Euskal Herri osoko trikitilariak biltzen dituen egun bat antolatzen dugu. Horrez gain, hainbat biografia liburu argitaratzen ditugu Soinuaren liburutegia bildumari esker.

Zer erronka dituzue aurrera begira?

Trikitiaren egoera aztertzen ari gara, etorkizunerako helburuak zehazteko. Trikitiak euskal kulturgintzaren erronka berberak dituela uste dut: erraztasun administratibo eta finantzieroak lortzea zein erromeriak eta kantukerak XXI. mendera egokitzea. Trikitia etengabeko eraldaketa ari da izaten, eta nondik gatozen eta nor garen ahaztu gabe, gizartearen norabidean lan egin behar du elkarteak.