Azpeitiko Tenis Txapelketa Irekia antolatu du Oñatz tenis klubak aurrenekoz

Maialen Etxaniz 2022ko mai. 11a, 21:13
Oñatz tenis klubeko kideak Azpeitiko kirol pistetan.

Banakako partidak jokatuko dituzte txapelketan parte hartzen dutenek. Sariketa mixtoa da, eta parte-hartzaileek erabakiko dute partidak noiz jokatu. Ostegunean itxiko da izen-ematea, eta horren ostean jakinaraziko dituzte partiden koadroak. Asteburuan hasiko da txapelketa irekia. 

Azpeitiko I. Tenis Txapelketa Irekia antolatu du Oñatz tenis klubak maiatzaren 15etik ekainaren 25era bitarterako. Tenis kirola sustatzea eta zaletasuna zabaltzea da Oñatzen erronka, eta horren harira antolatu dute tenis txapelketa irekia. Absolutu mailako banakako sariketa da datozen asteetarako antolatu dutena, eta mixtoa izango da. Partida guztiak udal kirol instalazioetan jokatuko dituzte. 

Bihar, osteguna, itxiko dute izen-ematea, eta horren ostean jakinaraziko dituzte partiden koadroak; hau da nork noren aurka jokatu beharko duen. "Berezitasun bezala", ordea, parte-hartzaileek erabakiko dute partidak noiz jokatu. "Horrenbestez, haiek erreserbatu beharko dute kiroldegi tenis pista partida bakoitzaren aurretik", azaldu dute Oñatzekoek.

Partidak noiz jokatu parte-hartzaileek erabakiko duten arren, partidak jokatzeko ordutegi mugatua izango dute: astelehenik ostiralera 09:00etatik 13:00etara edo zapatuetan eta igandetan 09:00etatik 20:00etara jokatu beharko dituzte norgehiagokak. "Prince eran jokatuko dira partidak, eta, horrenbestez, jokalari bakoitzak bote bat izango du", azaldu dute klubeko kideek. 

Txapelketan parte hartu nahi dutenek edo informazio zehatzagoa nahi dutenek 615 583 962 telefonora deitu beharko dute. Sariketan parte hartzeko 20 euro ordaindu beharko dute parte-hartzaileek, baina ordainketa lehen partidaren aurretik egin beharko dute Bizum aplikazioaren bitartez. Ekainaren 25ean emango diote amaiera txapelketari, eta orduan egingo dute sari banaketa.  

Oñatz tenis klubeko kideek kirol horren inguruko zaletasuna duten herritarrak animatu nahi dituzte txapelketara, eta oro har "kirola probatzera". Hori dela eta, aurreratu dute aurten ere antolatuko dituztela udako tenis ikastaroak.

Joan zen apirilean gaztetxoei zuzendutako  I. Disdira Bitxitegia txapelketa antolatu zuen Oñatzek. Alebin eta kadete mailako tenislari federatuei zuzendutako sariketa izan zen, eta Oñatzek antolatutako aurrenekoa. Alebin mailako nesketan, Naike Oiartzabal izan zen nagusi, eta mutiletan Iker Elizondo.