Edurne Agirre eta Itziar Unanue: "Lehen ez genuen uste ingurumenean kalteak sortzen ari ginenik"

Julene Frantzesena 2022ko eka. 14a, 10:00
Edurne Agirre eta Itziar Unanue, Ekoetxe ondoko Xaguxatar parkean. (Julene Frantzesena)

Jasangarritasunaren heziketan eragiteko xedez egiten dute lan Azpeitiko Ekoetxean. Hondakinak, kontsumoa, energia, garraioa, klima aldaketa, biodibertsitatea eta beste hainbat gai lantzen dituzte taldeekin Egibar baserrian. Itziar Unanuek eta Edurne Agirrek Ekoetxean egiten duten lanaz hitz egin dute, patxadaz, 2022ko maiatzeko Uztarria aldizkarian.

Umeen Museoa aurrena, Ingurugiro Etxea gero, eta Ekoetxea orain. Loiola auzoan kokatuta dagoen Egibar baserriak badu historia; hain zuzen ere, 35 urteko ibilia egin du guneak, eta urte horietan guztietan ehunka herritar joan dira hara. 2015era arte etxearen atariko parkean izan ziren dinosauroengatik ere bazen ezaguna eremua, eta gaur egun han kokatuta dagoen Xaguxatar parkeak ere badu sona. Aldaketak aldaketa, 1987an ingurumen hezkuntzako zentro gisa zabaldu zuten leku berean aritzen dira gaur egun lanean Itziar Unanue (Azpeitia, 1965) eta Edurne Agirre (Azpeitia, 1964), baita Ana Arruti ere –ezin izan zuen elkarrizketan egon–, eta haiekin elkartu da Uztarria. Sorreratik egiten du lan han Unanuek, eta bost urte geroagotik Agirrek.

Umeen Museoa izan zen hastapenetan. Zer-nolakoa zen gunea orduan?

Itziar Unanue: Umeen Museoa natur zientzietan oinarrituta zegoen, baina ekologia ere lantzen genuen bertan. Umeen opor garaian-eta ludoteka bezala funtzionatzen zuen museoak, eta herritar asko eta asko etortzen ziren bisitan. Gainera, jostailu pila bat genituen museoan. Hastapenetan irakasleekin egiten genuen lan, ez umeekin; hau da, irakasleekin lantzen genituen gaiak, gero haiek haurrekin horiez jardun zezaten. Gero, museoa Ingurugiro Etxe izatera igaro zenean, asko aldatu zen lan egiteko modua; haurrekin hasi ginen ingurumena lantzen. Orduantxe hasi ziren ingurumen gaiak pil-pilean jartzen, eta gu ere ikasten hasi ginen.

Edurne Agirre: Garapen nabarmena izan du etxeak urte hauetan guztietan.

Zer oroitzapen dituzue hasierako urte haiez?

I.U.: Oroitzapen izugarri onak dauzkat, jende pila bat etortzen baitzen gurera. Asteburuetan guraso pila bat etortzen ziren haurrekin egotera, jolastera, eta harreman handia egin genuen herritar askorekin.

E.A.: Kontuan hartu behar da Azpeitikoa izan zela Euskal Herriko lehen ingurumen ekipamendua; dena originala zen, dena berria. Nik ere oso oroitzapen onak ditut.

I.U.: Umeekin egotea zen gure lana orduan. Gaur egun denetarik egiten dugu.

Zertan aldatu da etxea urteotan?

E.A.: Alde batetik, gure lana aldatu egin da, taldeak zuzenean hartzen ditugulako egun. Bestalde, materiala ere guk prestatzen dugu orain.

I.U.: 35 urteotan aldaketa asko izan dira. Zabaldu zutenean, Umeentzako Museoa zen, baina 1998an Ingurugiro Etxea izena hartu zuen Egibar baserriak. 2003an, garapen jasangarria lantzen hasi ginen, eta Eskolako Agenda 21 programa txertatu zuten eskaintzan. Gai gehienak mantenduta, berrantolaketa gauzatu genuen. 2017an, berriz, Ekoetxea Sarean sartu zen gunea. Ingurumenaren gaiak eskatzen du berritzen joatea, datuak-eta eguneratzea.

Herriko ikastetxeekin elkarlanean hainbat proiektu gauzatzen ditu Azpeitiko Ekoetxeak. Zeintzuk?

E.A.: Herriko hainbat proiektutan sartuta gaude, hala nola Agenda 2030ean. Gai bat hartzen da urtero edo bi urtez behin, eta ikasleek gai horren bueltako diagnostikoa egiten dute. Aurten, adibidez, berdeguneak ari gara lantzen. Adin guztietara egokitutako materiala prestatzen dugu, eta haren gainean ekarpenak eta lanketak egiten dituzte ikasleek. Bukatzean, jasotako iritziak-eta Azpeitiko Udalari aurkezten dizkiete ikastetxeetako ordezkariek, eta urteetan, eskaera horiek gauzatzen joaten da erakundea. Adibidez, bizikletentzako aparkalekuak eskatu zituzten urte batean, sailkatutako zaborrontziak jartzea parkeetan, bidegorri sarea osatzea...

I.U.: Gauza asko egin dira urteotan, eta ikasleek ikusten dute beraiek landutako eta eskatutako hori egia bihurtzen dela batzuetan.

E.A.: Bestalde, Euronet 50/50 programan ere sartuta gaude, eta proiektu horien bidez harreman handia egin dugu herriko ikastetxeekin, bereziki Eskolako Agenda 2030ekin. Izan ere, maila desberdinetako umeak urtero-urtero etortzen dira Ekoetxera, eta harremana egin ahal izan dugu irakasleekin nahiz umeekin.

I.U.: Ikastetxeek urteko plangintzetan edo curriculumetan dituzte ingurumenari lotutako hainbat kontu, Loiolako zuhaitzak ezagutzea-eta adibidez. Urtero ekintza jakin batzuk egiten dituzte, hutsik egin gabe.

E.A.: Hezkuntzari lotutako lehen ingurumen ekipamendua izan zen Azpeitikoa, baina orduz geroztik, pila bat zabaldu dituzte han eta hemen. Ikastetxeentzako eskaintza izugarria da, eta aldatu egin da panorama. Dena den, ikastetxeetatik jende asko etortzen da gurera.

Ekoetxea Sareko kide da Azpeitiko egoitza. Zer da sare hori?

E.A.: Lau Ekoetxek osatzen dute sarea: Bizkaiko bik, Urdaibaikoak eta Meatzaldekoak; eta Gipuzkoako beste bik, Txingudikoak eta Azpeitikoak. Horietan denetan gai desberdinak lantzen dira; Azpeitikoan ez beste hiruretan, gai oso zehatzak. Ingurumena interpretatzea ez ezik, herritarrak ingurumenarekin eta biodibertsitatearekin sentsibilizatzea ere bada gune horien xedea; hau da, ingurumena zaindu eta kontserbatu egin behar dela da Ekoetxea Sareak zabaldu nahi duen mezua.

Agirre eta Unanue, Ekoetxea atzean dutela. (Julene Frantzesena)

Horretarako hainbat saio egiten dituzue ikasleekin, asteburuetan ere familia ekintzak antolatzen dituzue...

E.A.: Hainbat ekintza egiten ditugu; tailerrak, Igarako errotako ate irekiak, bisita gidatuak... Saiatzen gara ingurunearekin lotura duten gaiak hartzen eta adin desberdinetako haurrentzako nahiz gaztetxoentzako ekintzak prestatzen. Askotan etortzen diren herritarrak ere badira tartean, eta harremana egin dugu horiekin. Pentsa, hilean bi ekintza egiten hasi ginen, eta datozen hilabeteetan gehiago izango dira.

I.U.: Ekoetxea zabalik egoten da zapatuetan eta igandeetan, eta ekintzekin lortzen dugu jendea erakartzea. Izan ere, asteburu batzuetan bisitari ugari izaten dira, baina beste asteburu batzuetan jende gutxiago etortzen da.

E.A.: Eguraldiak, urte sasoiak, herrian dauden bestelako ekintzek... baldintzatzen dute bisitarien kopurua, normala denez. Dena den, pandemia tarteko, inguruko herrietako bisitariak izan ditugu gurean, eta hori oso pozgarria da. Jendea ateratzeko eta planak egiteko gogoz dago, eta Ekoetxearen kokapena luxu bat da; bidegorria bertan dugu, paraje ederrak ere bai, Xaguxatar parkea dugu atarian, Xaguxatar ibilbidea inguruan...

I.U.: Pandemiarekin jaitsi egin zen bisitari kopurua, baina hasi gara ohiko martxa berreskuratzen. 2020-2021 ikasturtean, adibidez, 4.480 bat lagun etorri ziren Ekoetxera, aurreko sasoian baino askoz gehiago: 2.986 pertsona etorri ziren orduan. Aldiz, 2018-2019ko zifrara ez gara iritsi oraindik: 6.159 lagun izan ziren Ekoetxean.

Azpeitiko Ekoetxera joaten denak zerekin egingo du topo?

I.U.: Gai asko lantzen ditugu Ekoetxean. Batetik, hondakinak, kontsumoa, garapen iraunkorra, demografia, hiri ekosistema, energia, garraioa, zarata, klima aldaketa, atmosfera, ura eta biodibertsitatea lantzeko hainbat osagai ditugu eraikinaren barruan. Dena den, horiez gain, Igarako errota eta Xaguxatar parkea ere programan sartuta ditugu. Xaguxatar bidea ere aipatzekoa da; izan ere, oso ibilbide polita da, 6,5 kilometrokoa. Urtean behin, familiei zuzendutako bisita gidatua egiten dugu, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren bueltan.

E.A.: Gai asko lantzen dira Ekoetxean, bai, eta horretarako askotariko baliabideak erabiltzen ditugu: maketak, jolasak, panelak... Horrek jokoa ematen du gaiak lantzerakoan. Gainera, doako zerbitzua eskaintzen dugu Ekoetxean.

Azken urteetan gero eta presentzia handiagoa hartu dute ingurumen gaiek gizartean.

E.A.: Hala da, bai. Ezjakintasun handia zegoen gizartean.

I.U.: Ikastetxeetan ez zen lantzen gaia. Duela hamarkada batzuk ez genuen uste ingurumenean kalteak sortzen ari ginenik. Ingurumena betirako dela eta horrelaxe dela uste genuen, baina begira.

E.A.: Orain guztiz beste muturrean gaude. Gaur egun nabarmena da etxeetan nahiz ikastetxeetan gaiaren bueltan hitz egiten dela. Haurrek txikitatik barneratu dituzte ingurumenaren bueltako kezkak; adibidez, umeek, beren erara, baina badute halako kezka bat birziklapenarekiko edo elektrizitatearen bueltan gertatzen ari denarekiko. Aldea nabarmena da: guk dena gerora ikasi behar izan dugu, eta umeak txikitatik ari dira ikasten.

Ingurumenarekiko sentsibilizazioan eragitea duzue xede. Nola?

E.A.: Horretan saiatzen gara. Bisitan datorrenak gaiaz dakien horretatik abiatuta lantzen ditugu programak, eta informazioa emateaz gain, bukaeran, norbanako bakoitzak gai horren bueltan zer egin dezakeen hausnartzea gustatzen zaigu. Izan ere, bestela, jasotako informazio guztia urrun gelditzen zaie bisitariei. Gai zailak dira, baina denok jar dezakegu gure aldetik zerbait. Gauza txikiak izanagatik, denok gure esku dagoena egiten baldin badugu... Haurrak inplikazioa behar dela dioen mezuarekin gelditzen baldin badira, ez da gutxi.

I.U.: Egiten ditugun asteburuetako ekintza asko ere gauzei bigarren aukera bat emateko xedez egiten ditugu, hala nola arropak, plastikozko botilak, brik ontziak... erabiltzen ditugu. Saiatzen gara birziklapena-eta lantzen.

Ekologia, ingurumena eta jasangarritasuna lantzen dituzue, batez ere. Gaiak berritzen al dituzue?

E.A.: Erakusketa finkoa da, baina Agenda 2030en barruan aztertzen den gaiaren arabera, baliabide berriak sortzen ditugu: tresna didaktikoak, ginkanak...

I.U.: Bestalde, ohitura handia dugu herrian egin diren egitasmoen berri emateko ere: kaleko argiteria LED sistemara aldatu dutela, eraikin publikoetan eguzki plakak jarri dituztela... Horiek ere azaltzen dizkiegu bisitan etortzen diren haurrei, eta aldi berean, beren herrietako egitasmoez galdetzen diegu. Errealitatera jotzen dugu, erabat.

(Julene Frantzesena)

Herriko ikastetxeekin egiten duzuen lanetik, zer azpimarratuko zenukete?

E.A.: Urtez urte, hainbat gai lantzeko aukera eman digute martxan izan diren eta diren programek. 2003tik ari gara herriko ikastetxeekin Agenda 21 eta Agenda 2030 lantzen, eta atzera begiratuta, herrian aurrerapauso handiak egin direla ikus daiteke. Egindako bidea, beraz, positiboa da. Gauza batzuek txikikeriak dirudite, baina horiek lortzeko lan asko egin da urteetan. Duela urte batzuk, adibidez, Salbe auzunearen eta Loiolaren arteko bidea oinezkotzeko proiekturako ekarpenak eskatu zitzaizkien ikasleei, eta proiektu izugarri interesgarriak egin zituzten. Proposatu zituzten lan haietako batzuk gauzatu egin zituen udalak.

I.U.: Atzera begiratuta, gauza asko egin ditugu elkarlanean. Gainera, Azpeitiko ikastetxeekin sortu den hartu-emana ere aipatzekoa da.

E.A.: Eta herrian hainbat eta hainbat proiektu gauzatu dira: parkeak berritu dituzte, Goenako eremua txukundu dute, ibai garbiketak egiten dira, zuhaitz egunak ere bai –urteetan landatu dira zuhaitzak han eta hemen–, Elikagunea martxan da... Gauza asko egin dira herrian azken urteetan.

Umeek ba al dute ingurumenarekiko kezkarik?

I.U.: Kezkak badituzte, horietako asko etxean edo telebistan entzundakotik sortuak. Bizi diren lekuaren arabera ere, aldatu egiten dira kezka horiek.

Zergatik da garrantzitsua umeekin ingurumen gaiak lantzea?

E.A.: Hondakinak eta garapen jasangarria lantzen ditugunean, zera esaten dugu beti: guk planeta modu batean jaso dugu, eta gure ardura da ondorengoei ahalik eta ondoen lagatzea. Ahal dugun mailan eragingo dugu, baina badugu ardura bat. Gure esku dagoena, behintzat, egiten saiatu behar dugu. Gutxi iruditu arren, denok zerbait egingo bagenu...

I.U.: Berrikuntzarekin ere badu lotura. Ez dugu nahi duela 50 urteko bizimodura bueltatzea, noski, baina era berean, dena kutsatzen, baliabide naturalak agortzen... ari gara. Nola lortuko dugu oreka? Gure aitona-amonek egiten zituzten guk egiten ditugun gauza berberak, baina ez zuten guk adina energia erabiltzen, eta haiek ere bizi ziren; ziurrenik, gu baino askoz ere gusturago, gainera.

E.A.: Beste jolas batzuk ziren garai hartan, beste ohitura batzuk. Orain, denok konektatuta gaude, lokalizatuta, denok pantailari begira. Ez dakigu burua pantailatik altxatuta egoten. Energia behar dugu, inor ez dago prest energia alde batera uzteko, baina nolako energia behar dugu? Bizikletaz joaten gara lanera lantokia herrian dagoelako, baina udan hegazkina hartu eta oporretara joango gara. Beharrak asko aldatu dira, baina kontziente izan behar dugu egiten dugunarekin.

Herriko eragile bat gehiago zaretela esana duzue.

I.U.: Denentzako ditugu ateak zabalik, eta saiatzen gara informazio eske etortzen denari ere behar duen hori ematen.

E.A.: Herriko eragileekin elkarlanean aritzeko prestutasun osoa dugu. Garagunearekin egin izan ditugu ekintzak, baita ludotekekin ere; Plazatarrak egitasmoaren barruko saio batzuk hemen egin zituzten, adibidez. Gure eskaintza, berez, ikastetxeei zuzendutakoa da, baina talde ugarirekin egin izan dugu lana.

Urte hauetan guztietan zer eman dizuete Egibar baserrian izan diren ingurumen proiektuek?

I.U.: Atzera begiratuta, beti gauza bera esaten dut: zer jende pila pasatu den etxe horretatik. Zer tratu izan dugun hainbat eta hainbat herritarrekin. Pentsatu nahi dut egin ditugun saiakerek zerbaitetarako balioko zutela. Buruhausteak izango genituen, baina poztasunekin gelditzen naiz.

E.A.: Talde asko ezagutzeko aukera eman digu, eta hori oso ederra da. Herriko ikastetxeekin dugun harreman ona azpimarratu nahiko nuke, guretzat oso garrantzitsua delako. Urteetako lanaren fruitua da; egiten dugun lana –materiala prestatzen diegu– asko baloratzen dutela ikusten dugu, eta hori oso pozgarria da guretzat.

Haurra margotzen, Egibar baserriaren ondoko parkean dinosauroak zeuden garaiko argazkian. (Ekoetxea)