Uztapide, ahanzturatik jendartera

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 11a, 16:04
Pako Aristi, Mikel Arregi eta Jon Zabaleta, liburuaren aurkezpenaren ostean. (Erein)

Manuel Olaizola Uztapide bertsolariaren bizitza jasotzen duen Nire Uztapide liburua berrargitaratu du Ereinek. Pako Aristi da lanaren idazlea, eta hark "poz handia" sentitu du liburuari bizi berri bat eman diotelako. Zestoako Udalaren ekimenez berrargitaratu dute, herriko belaunaldi berriek Uztapideren berri izan dezaten.  

Pako Aristik 2000. urtean idatzitako Nire Uztapide liburua berrargitaratu dute orain, eta lan horren aurkezpena egin dute gaur Donostiako Udal Liburutegian. Manuel Olaizola Uztapide bertsolaria ezagutzeko bidaia bat da lana, eta liburua agortuta zegoen arren, Zestoako Udalaren ekimenez berrargitaratu dute, bertsolari zestoarra ahanzturatik jendartera ekartzeko asmoz. Lanaren aurkezpenean izan dira idazlea bera, Jon Zabaleta marrazkilaria, Uxue Razquin Ereingo editorea eta Mikel Arregi Zestoako alkatea.

Liburuaren idazleak azaldu duenez, institutuan zebiltzan gazteei zuzenduta idatzi zuen lana duela 22 urte. Joxean Agirreren asmo bati tiraka eta Bertsozale Elkarteak bultzatuta, hiru bertsolariren biografia jasotzen zuten lanak kaleratu zituzten orduan: Fernando Amezketarrarena, Txirritarena eta Uztapiderena; azken hori soilik idatzi zuen Aristik. "Proiektuaren asmoa zen bertsolari zaharren bizitzak gazteentzat erakargarri egitea, ondoren lan horiek institutuetan lantzeko. Dena den, liburu horiek ez ziren institutuetan landu azkenean; helburu horrek huts egin zuen. Horrek erakusten du euskalgintzako arlo ezberdinetan ez dagoela koordinaziorik, hezkuntzak bere ajeak dituela", esan du.

Argitalpen horietatik urteak pasatu dira, eta gaur egun, deskatalogatuta zeuden lanak, agortuta. Zestoako alkateak ez zuen liburu horien existentziaren berririk ere, baina hitzaldi batean, Nire Uztapide liburuaren inguruko aipamen bat entzun zuen, eta Aristiri galdetu zion liburuaz. "Liburua irakurtzea nahi zuela esan zidan, eta ale bat eman nion. Orduan, lan hori berrargitaratzea erabaki zuen hark, udalaren izenean". Hortik sortu da proiektua, eta Aristik "poz handia" sentitu du liburuari bizi berri bat eman diotelako.

Hark adierazi duenez, idazle denek izan ohi dute beldur bat: "Gure beldurra izaten da, liburu bat argitaratu ostean, denborak lan horri nola eragingo dion, xarma edo mamia galduko ote duen idatzitakoak. Dena den, berriro irakurri dut liburua, eta iruditzen zait oso ondo aguantatu duela denbora. Orain, nire kezka da, 22 urteren osetan, beste irakurketa bat izango ote duen; hau da, jendeak irakurriko ote duen".

Ibilbidea, bi eszenatan

Uztapideren biografia nobela bilakatzerakoan, idazleak bi eszenaren artean kokatu du bertsolariaren ibilbidea. Lehen eszenan, Uztapideren hastapenak bildu ditu: "Endoian jaio zen Uztapide, auzo txiki batean, pixka bat mundutik aparte. Ez zuen baliabide handirik, ezta bertsotan irakatsiko zion inor ere. Autodidakta izan zen. Bertsopaperak buruz ikasita barneratu zituen bertsolaritzaren teknika guztiak. 1936an, 27 urte zituela, Espainiako Gerra hasi baino sei hilabete lehenago, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketara aurkeztu zen, ausardia handiz. Ez zekien zer egin behar zen txapelketan, eta horregatik, aurrez kanporaketa bat ikustera joan zen. Saio hartan ikusitakoarekin bakarrik aurkeztu zen txapelketara, eta irabazi egin zuen". Dena den, txapela "kendu" egin ziotela gogoratu du Aristik. "Txapela Txirritari ematea erabaki zuten antolatzaileek, zaharra zegoelako". Handik denbora batera, hala ere, berriro txapelketak antolatzen hasi zirenean, hiru aldiz irabazi zuen Uztapidek Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Atal horri dagozkionak dira liburuko zenbait pasarte, eta beste zenbait, berriz, geroagokoak. Bigarren eszena horretan, zahartuta dago Uztapide, hainbat bertsolari gaztez inguratuta. "Hori berak egin zuen ibilbide biografiko izugarriaren isla da. Sekulako ekarpena egin zuen bertsolaritzara".

Zabaletaren marrazkiei ere egin die erreferentzia idazleak. "Sekulako lan ederra egin du. Haren marrazkiak duela 22 urtekoak diren arren, atzo eginak dirudite. Ausardia handiz eginak dira, eta sekulako freskotasuna transmititzen dute". Zabaletak berak marrazkiak egiteko prozesua nolakoa izan zen azaldu du. "Ipuinak ilustratzerakoan, beti saiatzen naiz idazlearen istorioa nire istorioarekin lotzen, nire bizitzarekin. Uztapidek Manuel izena zuen, eta nire osaba batek ere bai, eta harekin lotu nuen istorioa. Horregatik, oso atsegina izan zen liburua ilustratzea". Teknikari dagokionez, besteak beste, argazkia, marrazkia eta xilografia baliatu dituela adierazi du.

Editoreak nabarmendu duenez, kapitulu laburrak ditu liburuak, eta "erraz" irakurtzen da, baina, era berean, "sakona" ere bada. Ilustrazioei dagokienez, "proposamen ausarta" dela nabarmendu du: "Bertsolari baten bizitza kontatzen duen liburua izanda, ez da espero hain irudi koloretsuak baliatzea, baina nire ustez, oso interesgarriak eta erakargarriak dira marrazkiak".

Bertso astea, Zestoan

Zestoako alkateak hausnarketa bat jarri nahi izan du mahai gainean. "Uztapide garai hartan Euskal Herri osoan miretsia izan zen, erreferente bat. Zestoa oso herri euskalduna da, eta ez da posible Zestoako haurrentzako Uztapide ezezaguna izatea. Horregatik etorri da proiektua. Hezkuntza sistemaren gabeziaren adierazle da hori. Udal gisa, obligazio bat dela sentitu dugu proiektu hau hauspotzea; horregatik, herriko nerabe guztiei emango zaie liburua, eta herriko hiru ikastetxeetan Uztapideren inguruko unitate didaktiko bat lantzea nahi dugu". Haren arabera, "oso tresna polita" da Nire Uztapide liburua bertsolaria ezagutzera emateko, "ahanzturari aurre egiteko". Helburu horri tiraka, gainera, belaunaldi berrietako herritarrek Uztapide nor izan zen jakin dezaten, Uztapide Plazara bertso astea antolatu dute Zestoan.

Bertsolaritzak egun bizi duen loraldia belaunaldien arteko transmisioa bermatzeko baliatu behar dela uste du Arregik. "Txapelketak jende asko mugitzen du, baina bertsolaritza hori baino askoz gehiago da. Belaunaldien arteko transmisioa da gakoa, belaunaldi berriak inplikaraztea; ikusi besterik ez dago bertso saioetako publikoaren adina zein den. Kontzientziazio fase batean sartu eta esfortzu berezia egin beharra daukagu, elkarlanean. Euskal Herriko erakunde publikoek une honetan jartzen dutena baino arreta handiagoa jarri behar lukete gai honetan; izan ere, gure ondareaz, gure izateaz ari gara. Ondare bat da bertsolariek utzi digutena, eta txiki-txikitatik ezagutu beharko genituzke haiek. Ez da soilik gure aurrekoei zor diegun zerbait, geure buruari, euskarari eta kulturari baizik".