Hantxe bertan

Irati Segurola: "Pintxo poteoaren kontzeptua ekarriko nuke hona"

Mailo Oiarzabal 2022ko mai. 23a, 09:30
Irati Segurola, senarrarekin eta alabekin. (Utzitakoa)

Beste asmo batzuekin joan zen lehen aldiz Belgikara Irati Segurola (Azpeitia, 1989), baina lehen bidaia hartan hasi zitzaion bizimodua aldatzen, eta han gelditzeko itzuli zen urte batzuk geroago. Hamahiru urteren ondoren, han jarraitzen du, Flandrian, senarrarekin, alaba txikiekin eta lanean. Azken urteetan ezin izan du Azpeitira oporretan nahi beste aldiz etorri, baina aurten badu etortzeko asmoa, udan zein Gabonetan. Hantxe bertan atalerako eman du elkarrizketa Segurolak, 2022ko maiatzeko Uztarria aldizkarian.

Noiztik bizi zara Belgikan?

2009-2010 ikasturtean Erasmus bekarekin etorri nintzen Gantera. Ikasketa egonaldi hura bukatu baino hilabete lehenago, mutil bat ezagutu nuen, orain nire senarra dena, hain zuzen. 2013an Belgikara itzuli nintzen praktikaldi bat egitera, eta hemen gelditu nintzen, praktikak egin nituen enpresa berean lan eginez.

Non bizi zara?

Belgikara bizitzera etorri nintzenean, hasierako bost urteetan Ganten bizi izan ginen, baina duela lau urte herri txikiago batera aldatu genuen bizilekua. Deerlijk da gaur egun bizi garen herriaren izena. Nire lantokitik gertuago gaude hemen.

Nolakoa da zure horko bizimodua?

Astean zehar, etxetik lanera eta lanetik etxera ibiltzen naiz. Bi alaba txiki dauzkat, 3 urte eta erdikoa zaharrena eta 11 hilabetekoa gazteena. Asteburuak beti aprobetxatzen ditugu zerbait egiteko: Gantera edo Kortrijk-era joan, lagunekin elkartu, bizikletan ibiltzera joan, parkera, kostaldera...

Zer moduz moldatzen zara hizkuntzarekin edo hizkuntzekin? Flandrieraz ala frantsesez aritzen zara normalean?

Bizi naizen tokian flandriera hitz egiten da. 2013an etorri nintzenean, hizkuntza hori ikasteko ikastaro trinko batean eman nuen izena; lau hilabeteko ikastaroa zen, eta egunero lau orduko eskolak izaten nituen. Hala ere, lanean gehien erabiltzen dugun hizkuntza ingelesa da, eta nik lan egiten dudan departamentuan, gainera, gaztelaniaz hitz egiten dugu denok. Eta Euskal Herriko bezero batzuk ere badauzkat, euskaraz hitz egiteko. Horixe da egiten dudan lanetik gehien gustatzen zaidana, 1.200 kilometrotara egon arren, etxean bezala sentitzen naizela.

Zerk harritu zaitu gehien, zerbaitek harritu bazaitu, bizi zaren herrialdean?

Dagoeneko hamahiru urte daramatzat hemen bizitzen, eta uste dut denera ohitu naizela. Egia esan, ez naiz akordatzen zerk harritu ninduen gehien etorri nintzenean.

Zer da horko bizimoduaz gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?

Bizikletaz asko ibiltzen dira, eta hori asko gustatzen zait. Hemengo negua da, aldiz, gutxien gustatzen zaidana. Neguak luzeak eta ilunak dira hemen, eta argiaren falta sumatzen dut. Udan, hori bai, egunak oso luzeak dira. Eskerrak!

Zer ekarriko zenuke hortik Azpeitira? Eta zer eramango zenuke hemendik horra?

Neuk Azpeitira zer eramango nukeen ez dakit, baina familiakoek garagardoa eta bonboiak eskatzen dizkidate beti. Azpeitira autoan joaten naizenetan, berriz, handik janaria eta ardoa ekartzen ditut Belgikara. Pintxo poteoaren kontzeptua ere ekarriko nuke hona.

Azpeitira itzultzeko asmorik bai?

Oporretan bai, ahal dudanean. Koronabirusa dela eta, eta bi ume txikirekin, azken urteetan ezin izan naiz hainbeste joan. Baina datorren udan bai, Azpeitira joango gara, autoarekin, eta Gabonetarako ere hartuta ditut dagoeneko joan-etorrirako hegazkin txartelak. Ez dut uste Azpeitian gelditzeko itzuliko naizenik, baina auskalo... Bizitzak buelta asko ematen ditu.