Erreportajea

Argitasunik ez beltzaldian

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 19a, 10:15
(Argazkia: Kris Fernandez)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bi egunez behin bere burua hiltzen du norbaitek. Suidizioa errealitate bat da, nahiz eta isiltasuna izan den horren aurrean gizartean hedatu den oihartzuna. Isiltasun hori apurtu eta gaia normalizatzeko, suizidioari lotutako jardunaldiak antolatu ditu udalak. Gaur izango da lehen hitzordua. 2022ko maiatzeko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportajea da honako hau.

Beltzaldian argitasunik ez ikustea. Ohetik jaikitzeko gogorik ez izatea. Eguna argitu orduko gau beltzaren zain egotea. Hurrengo egunaren faltarik ez sumatzea. Ezeren pozik ez izatea, ezertarako pozik ez izatea, ezerk ez poztea. Ilusioa galtzea. Bizi behar baina nahi ez izatea. Iñaki Segurolak Urola Kostako Hitza egunkarirako idatzitako artikulu batean azaldu zuen bezala, "bizitzea ezinkizun" bilakatzea. Bidean pitzadura bat agertzea. Krak egitea. Norbere burua hiltzea.

Errealitate hori irudikatze hutsak korapilo bilakatu ohi ditu baten eta bestearen eztarriak, listua ez gora eta ez behera katigatu eta ahotsak mutu uzteraino. Askotan, beldurra eragiten duena estaltzea izaten da gizakiaren joera, eta bide beretik, suizidio kasuen aurrean, isiltasuna izan da gizartearen erantzuna; lau haizetara zabaldu den oihartzuna. Dena den, adituek argi diote suizidioaz hitz egin egin behar dela, horrela lortuko delako zauriak arintzea, informazioa zabaltzea, gaia normalizatzea. Bide horretatik, suizidioari lotutako jardunaldiak antolatu ditu Azpeitiko Udalak: hainbat hitzaldi izango dira maiatzean eta ekainean herrian.

Xabier Lertxundi Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko Kudeaketa Klinikoko Unitateko buruak parte hartuko du saio horietako batean, eta suizidioaren errealitatearen atzean zer dagoen ezagutzeko zenbait gako azaldu ditu. Gardenak, gordinak, dira zenbakiak. 2020koak dira Eustatek kaleratutako azken datuak, eta horien arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, guztira, 184 pertsonak egin zuten beren buruaz beste urte hartan; hau da, bi egunez behin pertsona batek, gutxi gorabehera. Dena den, datu horiek ez dute errealitate osoa jasotzen, adituek behin baino gehiagotan aipatu izan dutenez. Hala baieztatu du Lertxundik ere: "Oso konplikatua da kasu guztiak erregistratzea. Suizidatzeko aukeratzen den bideak zaildu egin dezake zenbaketa. Kasu batzuk erregistra daitezke trafiko istripu gisa, bihotz-biriken gelditze moduan... Horregatik, esku artean ditugun datuak esanguratsuak diren arren, gehiago dira kasu errealak". Gaur-gaurkoz, kausa ez naturalen artean, suizidioa da heriotza gehien eragiten dituen faktorea. Egun, trafiko istripuetan baino jende gehiago hiltzen da bere buruaz beste eginda.

Bi egunez behin, suizidio bat

2020ko datu horiek xehatzen hasiz gero, nabarmena da emakumeen eta gizonen arteko aldea; beren burua hil zuten 184 pertsona horietatik 139 gizonak ziren, eta 45 emakumeak. Azken urteotako datuei erreparatuta, joera bera errepikatzen da; beren burua hil dutenen artean, urtero-urtero dira gehienak gizonak, alde nabarmenarekin. Lertxundik azaldu duenez, dena den, emakume gehiago saiatzen dira beren bizitzari amaiera jartzen, nahiz eta gutxiagok lortzen duten helburua. "Erabiltzen den metodoak zerikusia dauka horretan. Emakumeek joera handiagoa dute medikazioa hartzeko. Gizonek, berriz, gehiago erabiltzen dituzte su armak eta antzekoak. Aukeratutako bidea inpultsiboagoa izaten da gizonetan, kasu askotan".

Adinari dagokionez, 40 eta 49 urte artean zituzten 2020an beren burua hil zuten gehienek; 42 lagunek, hain zuzen ere. Eta 50 eta 59 urte artean zituzten beste 36 lagunek; hori zen bigarren adin tarte errepikatuena. Lertxundiren arabera, adin ertainekoak, helduak, izan ohi dira beren burua hil ohi duten pertsonen gehiengoa. "Isolamendu soziala handiagoa da adin horretan, bakardadea ere bai, gaixotasun kronikoak ager daitezke... Eragile horiek askotan baldintzatzen dute jendea bere burua hiltzera".

Asko aipatu izan da, izurriak eraginda, 2019tik 2020ra suizidio kasuek gora egin zutela, eta Eustaten datuek hori baieztatzen badute ere, urteetan atzera eginez gero, urtez urte antzekoak dira kopuruak. Lertxundik azaldu du pandemiaren ondorioz ez zela asko igo suizidio kopurua, baina bai saiakerak, batez ere, nerabeen artean. "Suizidio saiakerak asko ugaritu dira nerabeen artean; nabarmena izan da. Zorionez, saiakera guztiak ez dira errealitate bilakatzen, eta horregatik ez da nabaritu igoera esanguratsurik suizidio datuetan".

Azken urteetako datuak esku artean, gauza bat argi dago: lehen baziren suizidio kasuak, eta gaur egun ere badira. Etorkizunean errealitate hori erabat saihestea ezinezkoa izango den arren, prebentzio lana ezinbestekoa dela uste dute profesionalek nahiz erakundeek, eta horretarako egitasmoak martxan jartzen ari dira azken urteetan. "Suizidio tasak murriztea da helburua, eta horretarako lanean ari gara buru osasuneko profesionalok. Sekula ezingo ditugu kasu guztiak saihestu, baina uste dut zerbait egin daitekeela; hori pentsatu nahi dut, behintzat".

(Argazkia: Kris Fernandez)

Baldintzatzaile bakar bat ez

Herritar guztiek dakite zer den suizidioa, baina errealitate hori profesionalek nola definitzen duten azaldu du Lertxundik. Haren arabera, suizidioa, bere horretan, "ez da gaixotasun bat, jokabide bat baizik". Hark dioenez, "teoria asko" sortu dira pertsona bat bere burua hiltzera zerk bultzatzen duen azaldu nahian, baina oro har, ekintza hori "sufrimendu psikologikoarekin" lotu ohi da, "esperantza faltarekin". Dena den, adituek diote suizidioa ez dela lotu behar arrazoi batekin. Honako azalpen hau eman zion psikologo batek gertuko bat galdu zuen herritar bati: "Tantaz tanta betetzen joaten dira, ihesbiderik ez duen presio eltze baten moduan, gehiago ezin duten arte, eta azkenean, lehertu egiten da eltzea".

Hala eta guztiz ere, buruko gaitzak izan ohi dira suizidio kasuen eragile nagusiak, Lertxundik baieztatu duenez: depresioa, nagusiki. Baina buruko gaitzak ez dira eragile bakarrak: "Substantzien mendekotasunak, isolamendu sozialak, zenbait euskarrik huts egin izanak, zaurgarritasunak eta beste hainbat faktorek ere izan dezakete eragina". Dena den, bada sarri errepikatzen den faktore bat: "Faktore nagusia izan ohi da aurrez ere bere buruaz beste egiten saiatu izana; hori da kasu batetik bestera gehien errepikatzen dena. Aurretik saiatu denak aukera gehiago ditu berriro ere saiatzeko".

Depresioa eta suizidioa izena jarri dio Lertxundik Azpeitian emango duen hitzaldiari, eta izenburu hori zergatik aukeratu duen azaldu du: "Depresioa gaixotasuna da, eta suizidioa gaixotasun horri oso lotuta dagoen jokabidea. Baina, derrigorrez, ez da depresioan egon behar suizidatzeko. Beti errepikatu ohi den faktorea da sufrimendu mentala, esperantza falta. Horrek ez du zertan beti depresioari lotuta egon behar, baina askotan batera joaten dira".

Kasu bakoitzaren atzean errealitate ezberdinak egon ohi dira: batzuek aurretik datorren depresio baten ostean hil ohi dute beren burua, baina badira erabaki hori aurrez inolako zantzurik agertu gabe hartzen dutenak ere. "Suzidioa, azkenean, jokabide bat da, eta jokabide horren atzean azalpen ezberdinak daude". Emaitza, ordea, bera izan ohi da beti: "Sufrimenduari irtenbidea emateko jokabidea da suizidioa".

Tristura ez da depresioa

Lertxundiri garrantzitsua iruditzen zaio tristuraren eta depresioaren arteko diferentzia zein den azaltzea, askotan bi kontzeptu horiek "nahastu" egiten direlako. "Depresioa patologia bat da, gaixotasun bat, eta sintoma asko eragiten ditu; depresioa izatea ez da triste egotea bakarrik. Tristura sakona izan ohi da, denbora batez irauten duena, eta eragin handia izaten du beste gauza askotan: ez dago energiarik, kognitiboki ere gauzak aldatu egiten dira, loa aldatu egiten da, gosea ere bai... Gauza asko gertatzen dira. Triste zaudenean, estrategia asko egon ohi dira horri buelta emateko, baina depresioa duzunean, laguntza profesionala behar duzu. Uste dut hori argi izan behar dela". Depresioak bizitzako esparru askotan duela eragina nabarmendu du Lertxundik, eta gaitz horren ondoriorik larriena suizidioa dela; gaitz hori duen pertsonak bere burua hiltzen amaitzea, alegia. "Horregatik daude bi kontzeptuak hain lotuta".

Halako sintomak dituen pertsona bat ondoan izatean, ordea, zer egin? Nola lagundu? Hori izaten da askotan gertukoen barne borroka. Lertxundik argi utzi du depresioari aurre egiteko tresnak badaudela, eta horregatik, Azpeitiko jardunaldietan parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak. "Uste dut ezinbestekoa dela informazioa. Buruko gaitzei buruz hitz egiten dugunean, estigmak agertzen dira, eta estigmen oinarrian beti dago ezagutza falta. Buruko gaitzei, horiek duten eraginari eta horien aurrean egin daitekeenari buruzko zenbat eta informazio gehiago izan, are hobeto izango da". Haren arabera, izurriak "gauza on gutxi" ekarri ditu, baina horietako bat izan da buru osasunaren gaia mahai gainean jartzea. "Osasun plan gehienetan azken lerroan egon ohi da buru osasunaren gaia, eta agerian gelditu da aldaketen beharra. Helburua hauxe da: informazioa zabaltzea, aurrerapausoak emateko". Arazoari ihes eginez gero, ez baita argituko beltzaldia.

(Argazkia: Kris Fernandez)

Testigantzak

Suizidioarekin harremana izan duten bi pertsonak beren esperientzia azaldu dute. Bere burua hiltzen saiatu zen pertsona baten testigantza da aurrenekoa, eta senide bat galdu zuen herritar batena bigarrena.

"Askotan kritikatu egiten da norbaitek bere burua hil izana, baina ulertu egin behar da pertsona hori nola dagoen"

"40 urte inguruko gizon azpeitiarra naiz. Duela hamar urte, neure buruaz beste egiten saiatu nintzen. Ordutik, asko aldatu da nire egoera. Gaur egun, zoriontsu bizi naiz, nire familiarekin eta umeekin.

Azpeitian egingo dituzten jardunaldiak bezalakoak sustatzea garrantzitsua iruditzen zait, baina uste dut benetan laguntza behar duen jendea ez dela horrelako saioetara joaten, ez delako ausartzen. Uste dut lagungarria dela suizidioaz hitz egitea, baina kontuz hitz egin behar dela. Niri iraganeko pasarte hori azaltzea tokatu izan zaidanean, gertatu izan zait ingurukoek erotzat hartzea. Jendeari ez zaio gustatzen horretaz hitz egitea, estigma hori badago gizartean. Horregatik, ez dut kontatzen garai hartan bizi izan nuena. Nire gurasoek-eta badute horren berri, baina nire bikotekideari nahiz seme-alabei ez diet ezer kontatu. Hitz egin behar da suizidioaz, baina halako egoera batetik pasatu denari uste dut ez zaiola gustatzen bere esperientzia kontatzea. Bere garaian hain gaizki pasatu nuenez, orain ez diot gaiari buelta gehiago eman nahi.

Garai ilunak bizi izan nituen, eta horiek oroitzean, barrena mugitzen zait. Aurretik ez nuen sekula depresiorik izan; bizitzako gertaera batek eraman ninduen depresioan sartzera. Garai oso gogorra izan zen; ezin nuen lorik egin, angustia izugarria nuen barruan, eta egoera hartan nengoenean, iruditzen zitzaidan ez zegoela inolako irtenbiderik. Bere kasa funtzionatzen zuen nire buruak, zurrunbilo batean sartu zen, eta dena oso beltza ikusten nuen. Bakea behar nuen, eta iruditzen zitzaidan bake hori emango zidan gauza bakarra neure burua hiltzea izango zela. Askotan kritikatu egiten da norbaitek bere burua hil izana, baina ulertu egin behar da pertsona hori nola dagoen: zurrunbilo batean sartuta dago, eta ez du irteerarik ikusten; ezin du [negarrez hasi da].

Pertsona bat depresio batean dagoenean, zaila da zer gertatzen zaion ulertzea. Ingurukoek lagundu egin nahi dizute eta laguntzen dizute, baina haiek ez dute zure moduan bizi zuk barnean daukazun hori. Etxekoei zerbait kontatzen nien, baina ezin zuten ulertu nola nengoen, eta ezin zuten denbora guztian nik zer egiten nuen adi egon. Lagunekin ere, antzeko zerbait gertatzen da, bakoitzak bere bizimodua egiten baitu. Eta zuk une oro hor egongo den zerbait behar duzu. Egoera horretan zaudenean, asko hitz egiteko beharra izaten duzu, baina ez duzu nahi izaten ingurukoei gehiegi kontatzea, haiek ez kezkatzeko. Horregatik, uste dut, egoera horretan egon daitezkeenentzako laguntzarik onena 24 orduko telefono zerbitzu bat litzatekeela, beharra duzunean deitzeko eta pertsona anonimo bati nola zauden azaltzeko, zurrunbilo horretan zaudenean norbaitekin hitz egiteko eta barnean duzuna askatzeko. Bere buruaz beste egiteko arriskua dutenentzat hori litzateke laguntzarik onena.

Neure burua hiltzen saiatu eta ez nuela lortu konturatzean, bizitzak beste aukera bat eman zidala sentitu nuen; berriro hasi behar nuela sentitu nuen. Familia ere egoeraren larritasunaz kontziente egin zen, eta batez ere, etxekoek lagundu zidaten aurrera egiten: gurasoek eta anai-arrebek. Horrez gain, tratamendua ere egin nuen. Baina, batez ere, inguruak eta nik egin nuen ahaleginak lagundu zidatela esango nuke.

Gaur egun, pasatutakoa erabat gainditu dudala esango nuke. Bizitzeko gogoa berreskuratu dut; aspaldi berreskuratu nuen, eta gustura bizi naiz. Baina gertatutakoa hor dago nire buruan, izkin batean. Esperientzia gogor bat bizi izan duzunean, hor gelditzen da, beste edozein esperientzia traumatikorekin gertatzen den bezala. Istripu larri bat izan duenari ere antzeko zerbait gertatuko zaiola pentsatzen dut.

Nik bizi izan nuen egoera beretik pasatzen ari denari laguntza eskatzea aholkatuko nioke. Egoera horretatik irtetea posible da. Depresioan murgilduta zaudenean, ondokoek esaten dizute hortik ateratzea posible dela, baina haiek joaten direnean, berriro ere zurrunbilo horretan sartzen zara. Horregatik behar duzu beti adi egongo den norbait inguruan, eta tratamendua, terapiak... guztia da lagungarria".

"Senide batek bere burua hiltzen duenean, berriro ikasi behar duzu bizitzen, hasieratik"

"Ez da suizidioaz hitz egiten, baina gertatu egiten da, eta gaiari gizartean duen estigma kendu behar zaio. Nik hitz egin izan dut gaiaz lagunekin eta, baina bestela, kalean inork ez dizu horretaz galdetzen. Isiltasuna apurtzea eta gaia normaltasunez lantzea behar da. Horretarako, lagungarriak dira udalak antolatutakoak bezalako jardunaldiak.

Gure etxera bat-batean iritsi zen suizidioaren errealitatea. Duela urte batzuk, bere burua hil zuen nire senide batek. Erabat ezustean harrapatu gintuen gertaerak. Ez zeukan inolako sintomarik, ez zirudien ezer gertatzen zitzaionik. Mundua gelditu egin zen guretzat, erabat.

Hasieran shock egoeran nengoen; dena txarra ikusten nuen. Hain nengoen gaizki, zera pentsatzen bainuen: 'Nik ez dut horrela egon nahi bizitza guztian'.

Shock egoera hori pasatzean, burua bueltaka hasten da: 'Nolatan ez nintzen konturatu? Zergatik egingo zuen? Zergatik ez zidan ezer esan? Zergatik ez nion lagundu?'. Hori dena ezabatu egin behar da, ikasi egin behar da galdera horiek alde batera uzten. Oso arriskutsua izan daiteke gurpil horretan sartzea; burutazio horiek jan egiten zaituzte barrutik. Galdera horiei bueltaka ibili beharrean, zera planteatu behar duzu: 'Eta orain zer egin behar dut?'.

Etxeko guztiontzako sekulako kolpea izan zen, eta laguntza eskatzea erabaki genuen. Beharrezkoa iruditu zitzaigun laguntza eskatzea. Psikologo batekin landu genuen gaia. Lana norberak egin behar duen arren, hark bideratu gintuen; aurrera egiteko gakoak eman zizkigun. Zera azaldu zigun, adibidez: 'Pentsa zauri bat daukazula eta zauri hori garbitu egin behar dela. Izan ere, zauria garbitu gabe ixten baldin bada, zornatu egin daiteke, eta hori okerrago izango da'.

Terapia oso gogorra da; negar pila bat egiten genuen saioetan. Pentsatzera ere ausartzen ez ginen gauzak esanarazten zizkigun psikologoak. Hala ere, joanda baino hobeto, lasaiago, ateratzen ginen saioetatik. Pila bat lagundu zigun psikologoak, eta edonori gomendatuko nioke laguntza profesionala eskatzea. Zaila da, baina horrek askatu egiten zaitu. Egia esan, uste dut psikologoaren laguntzari esker gaudela orain gauden bezala. Uste dut ondo kudeatu dugula egoera.

Haurrekin gaia lantzea ere ez da erraza izan. Seme-alaba txikiak nituen senidea suizidatu zenean, eta haiei ere azaldu egin behar izan nien gertatutakoa. Hasieran, haien aurrean ezkutatu egiten nuen negarra, baina psikologoak esan zidan egiteko negar lasai: 'Negar egiteko beharra badaukazu, egin, naturaltasun guztiarekin, baina gero altxa, beraien aurrean'.

Halako zerbait gertatzean, berriko ikasi behar duzu bizitzen, hasieratik. Nik urteak behar izan ditut horretarako. Hiru urtez dena utzi nuen, dena. Hiru urte behar izan nituen indarra berreskuratzen hasteko; orduan hasi nintzen berriro lanean. Izan ere, hasierako urteetan, edozein momentutan negarrez hasten nintzen, eta pentsatzen nuen: 'Nola joango naiz ni lanera, edozein oroitzapen etorri eta negar batean hasten banaiz?'. Pixkanaka, edozein dolu prozesutan bezala, denborak baretu egiten du mina. Gertatutakoa ez da ahazten, inoiz ez da ahazten, baina baretzen joaten dira sentipenak. Nolabait esateko, ohitu egiten zara tristura puntu batekin bizitzera. Hala ere, horrek ez du esan nahi momentu onik ez daukazunik. Momentu onak itzuli egiten dira. Nire kasuan behintzat, galdutako senidea irribarrez oroitzeko gai naizen eguna iritsi da. Orain, nabaritzen dut hobeto nagoela.

Nahiz eta urte pila bat pasatu, oraindik ere izaten ditut beheraldiak, eta izaten dut negargura. Baina beno, negar pixka bat egiten dut, eta aurrera. Hori normaltasun baten barruan onartzen dut orain.

Dolu prozesu 'normal' baten eta suizidio baten ostekoaren artean diferentzia bat dago: erantzunik ez duten galdera horiek duten pisua. Heriotza guztien ostean, azkenean, bera izaten da emaitza: maite duzun pertsona hori falta da, eta hutsune izugarria sumatzen duzu. Baina suizidio baten ostean, ondokoari sekulako kulpa sentimendua gelditzen zaio, eta hori da gainontzeko heriotzetatik bereizten duena; sekula erantzunik edukiko ez duten 'zergatik?' horiek duten zama.

Nik orain lasai hitz egin dezaket gaiaz, garbiketa lana eginda daukadalako. Egia esan, hasieran kalera atera eta egoerari aurre egitea baino errazagoa da ohean sartu eta ezkutatzea. Baina, gerora, lagungarria da ariketa hori egin izana, bere garaian indarrak ez zeuden lekutik atera eta laguntza eskatu izana. Gomendio hori emango nioke nire antzeko egoeran egon daitekeen jendeari.

Etxeko guztientzat izugarri gogorra izan da gertatutakoa, eta elkar asko babestu gara. Uste dut horrek lagundu digula honetatik irteten eta aurrera egiten".