Izei musika taldeak bere lehen diskoa aurkeztuko du ostegunean

Maialen Etxaniz 2022ko mai. 9a, 20:35
Ezkerretik eskubira, Joseba Izagirre, Aitzol Etxaniz, Pello Arribas eta Aritz Unanue. (Izei)

Joseba Izagirrek, Pello Arribasek, Aritz Unanuek eta Aitzol Etxanizek osatzen dute Izei. Azpeitiko taldeak Charlie Chaplin tabernan aurkeztuko du zazpi abestiz osatutako diskoa hilaren 12an, 19:30ean hasita.

Izei musika taldeak labetik atera berri duen diskoa aurkeztuko du ostegunean, hilak 12, Azpeitiko Charlie Chaplin tabernan, 19:30tik aurrera. Izeiren lehen diskoa da aurkeztuko dutena, eta zazpi abestiz osatutako lana da. Aurkezpenera bertaratzen direnek abesti horiek entzuteko parada izango dute, eta taldekideek aurreratu dutenez, diskoa doan eskuratzeko aukera izango da aurrerago. 

Beste hainbat musika taldetan ibili ostean, 2017an sortu zuten Joseba Izagirrek, Pello Arribasek, Aritz Unanuek eta Aitzol Etxanizek Izei taldea. Ordutik, Zubizaharren aritu dira lanean. Azaldu dutenez, 2018an bertan grabatu zituzten plazaratu berri duten lana osatzen duten zazpi abestiak. "Hasiera batean, diskoa argitaratzeko asmorik ez genuen arren, pandemia tarteko, lanari disko formatua ematea erabaki du taldeak, eta Pello Arribasek bere estudioan nahastu ditu abesti guztiak", azaldu dute.

Aurkezpenaren ostean, ostiraletik aurrera, hainbat musika plataformetan eta sare sozialetan ere jarriko dituzte entzungai disko berriko abestiak. Taldeak jakinarazi duenez, ez du diskoa salgai jarriko, baina albuma eskuratu nahi dutenek taldearekin harremanetan jarri besterik ez dute.