Urola ibaiaren garbiketak utzitako datuak eta irudiak, Sanagustinen ikusgai

Maialen Etxaniz 2022ko mai. 9a, 20:10

Ibai garbiketaren unean ateratako argazkiak, hondakinak Lapatxera eramatean ateratakoak nahiz ibaia garbitutakoan hartutako irudiak jarri dituzte ikusgai Urola Bizirikek eta Azpeitiko Udalak Sanagustingo hormetan. Bilketan jasotako hondakinen datuak ere jakinarazi dituzte. 

Ikusgai dago Urola ibaiaren garbiketaren inguruko erakusketa Sanagustin kulturgunean. Gaur jarri dituzte erakusgai joan zen martxoan egindako ibai garbiketaren bueltan ateratako argazkiak. Hain zuzen, ibai garbiketaren unean ateratako argazkiak, hondakinak Lapatxera eramatean ateratakoak nahiz ibaia garbitutakoan hartutako irudiak jarri dituzte ikusgai Urola Bizirikek eta Azpeitiko Udalak Sanagustingo hormetan. Guztira, 30 argazkiz osatutako erakusketa da osatu dutena.

Urola ibaiaren garbiketaren ondorioak herritarrei azaltzeko eta horiek ingurumenaz eta ibaiaren zaintzaren garrantziaz sentsibilizatzeko antolatu dute erakusketa, eta maiatzaren 29ra arte egongo da ikusgai. 

Erakusketa ez ezik, hitzaldia ere antolatu dute. Maiatzaren 11n, asteazkena, izango da solasaldia, 19:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. Halaber, herriko ikastetxeek erakusketa bisitatzeko, gauzatu duten bideoa ikusteko eta Urola Bizirik taldeko kideen azalpenak entzuteko aukera izango dute.

Urola Bizirik taldearen eskaerari erantzunez egin zuen ibaiaren garbiketa udalak martxoan, enpresa baten bitartez; Urola ibaiaren Azpeitiko zatian 9,8 kilometro garbitu dituzte, eta 5.780 kilo hondakin jaso dituzte.