Iker Zinkunegi: "Ederra izan da txapela irabaztea, baina are ederragoa inguruan sentitu dudan babesa"

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 10a, 11:00
Iker Zinkunegi, garaipena ospatzen. (Urtzi Oteiza)

Iker Zinkunegi (Errezil, 1995) pilotuak irabazi du Azpeitiko Rallysprintaren XXII. edizioa, Aratz Aizpuru kopilotua ondoan duela eta Peugeot 208 Rally 4 autoarekin. Duela hiru urte lasterketak utzi zituen arren, "momentuko beroaldia" tarteko erabaki zuen proban parte hartzea. Aitari eskaini dio garaipena. 

Sekula irabazi al zenuen aurrez Azpeitiko Rallysprinta?

Ez, eta oso gustura nago. Lehen irteten nuen proba horretan, baina duela hiru urte utzi nituen lasterketak. Rallysprintean kategoria ezberdinak egoten dira, eta duela hiru urte, esaterako, Errezilgo Rallysprinta egin zenean, gure kategorian irabazi eta podiumean sartzeko aukera izan genuen. Baina sailkapen orokorrean sekula ez nuen irabazi. Zapatuan izan zen horretarako eguna.

Espero al zenuen irabaztea?

Ez. Irabaztea, denean bezala, ikaragarri kostatzen da; izan ere, bakarrak irabazten du. Egia esan, pentsatzen nuen aurre samarrean ibiltzeko aukerak izan genitzakeela. Bidea ezaguna da, etxeko bidea da, eta horrek asko laguntzen du. Autoa alokatu egin nuen, eta ustez pixka bat maila baxuagoko autoa zen arren, ibilgailu ona zen. Horregatik, pentsatzen nuen aurre samarrean ibiliko ginela, baina ez nuen espero irabazterik. Aurretik podiumean sartuko nintzela esan izan balidate, gustura sinatuko nukeen.

Nolatan alokatu zenuen autoa?

Lasterketak utzi nituenez, saldu egin nuen ordura arte erabiltzen nuen autoa. Baina Azpeitiko Rallysprinta etxeko lasterketa bat denez, tira egiten zidan zerbaitek, eta eguna arrimatzen ari zen bezala... Hilabete lehenago sekulako beroaldia izan nuen, eta irtetea planteatzen hasi nintzen, baina gero, berriro hoztu nintzen; ez zuela merezi pentsatzen nuen. Dena den, lasterketaren eguna baino astebete lehenago, etxetik irtetera nindoala, proba prestatzeko xehetasunak apuntatzen ari ziren pare bat auto gurutzatu nituen, eta berriro mugitu zitzaidan barrena. Etxera joan eta lehengo bideo batzuk ikusten hasi nintzen, eta sekulako gogoa sartu zitzaidan. Nire lagun bat irtenda zegoen alokatutako autoarekin lasterketa batean, eta hark lagundu zidan alokairu kontuarekin. Auto bat libre zegoela eta, bero-beroan, irtetea erabaki nuen. Ondo atera zitzaidan; merezi izan du.

Zertan asmatu zenuten?

Gure lana txukun egiten. Era berean, bidea ezagutzeak bere abantailak ditu: txoko txikienetan ahalik eta denbora gutxien galtzen saiatu ginen, denbora ondo aprobetxatzen. Bidea ezagutzeak asko laguntzen du, konfiantza ematen dizu; uste dut horretan asmatu genuela. Izan ere, bidea gutxi ezagutzen duenak pedala altxatzen du leku itxietan, eta bidea ezagutuz gero, gehiago zapaltzen duzu. Detaile txiki horietan asmatu genuela esango nuke, eta esan beharra dago zortea ere gure alde izan genuela bukaeran. Aurreneko bi mangak bigarren postuan amaitu genituen, eta azken mangan gure aurretik zihoan autoari turboa izorratu-edo egin zitzaion; denbora dezente galdu zuen horren ondorioz. Hirugarren mangan are denbora hobea egin eta gure aurretik zihoan autoa atzean utzi genuen. Horrela lortu genuen irabaztea.

Aratz Aizpuru izan zenuen ondoan. Zer moduz moldatzen zara harekin?

Ondo. Lehen ere Aratzekin ibili nintzen lasterketetan, eta berotu nintzen zapatu hartan, zuzenean idatzi nion: "Hi, beroaldia izan diat. Zapaturako planik ba al daukak?", galdetu nion. Planik ez zeukala eta animatzen zela esan zidan. Berari ere autoen mundua asko gustatzen zaio, eta oso ondo moldatzen gara elkarrekin. Sekulako ilusioa egin zion proposamenak, eta ikaragarri gustura parte hartu zuen rallysprintean.

Lasterketa baino astebete lehenago bakarrik erabaki zenuten, beraz, irtetea. Prestatzeko denbora gutxi, ezta?

Prestatu batere ez ginen egin. Alokatutako autoa ostiral iluntzean iritsi zen Errezilera, 21:00etan. Aulkiak eta bolantea neurrira egokitu genituen, errepidean gora eta behera ibili nintzen pixka bat autoa probatze aldera, eta hurrengo egunean, lasterketara.

Nola ospatu zenuten garaipena?

Oraindik ere ospatzen ari gara. Sinistu ezinda bezala nago; sekulako poza eman dit lasterketa irabazteak. Txapela guretzat izango zela jakitean sekulako euforia sentitu genuen. Amaitu genuenean, lagun denak han zeuden besoak jasota... Sekulako sentipena izen zen, mundiala. Ondoren, 45 bat lagun-edo afaltzera joan ginen; ikaragarria izan zen. Azkenean, txapela irabaztea ederra da, baina txapel horrek niri ez dit batere balio irabazi eta etxera joan behar badut. Ni gehiena betetzen nauena hori da: irabazi eta nire benetako lagunak poztu direla ikustea, elkarrekin afaltzea...

Auto lasterketak utzi zenituen berez, baina Azpeitiko Rallysprinta irabazita, ez al zaizu gogoa piztu berriro errepidera itzultzeko?

Sekulako gogoa piztu zait, baina arraunean ere aritzen naiz, eta denerako denborarik ez daukat. Lasterketa horixe egiteko kapritxoa neukan; urte honetan aita hil zait, eta buruan nerabilen gauza bat zen. Orion aritzen naiz arraunean, eta goiko taldearekin bandera bat irabaztea lortu dut aurten; berari eskaini nion bandera. Buruan nerabilen etxeko lasterketa bat egin, eta podiumean sartuz gero, berari eskaintzearen kontua... Horixe neukan buruan, eta zer izaten diren gauzak: irabaztea tokatu eta berari eskaini nion garaipena. Gehiago ezin dut eskatu. Hori lortuta bai gelditu naizela lasai eta gustura. Ematen dit gogoa itzultzeko, mundu hau gustatu egiten zaidalako eta odolean daramadalako afizioa. Baina uste dut pixka batean ez naizela irtengo. Orain arraunean jarriko ditut indarrak, eta ea poz batzuk jasotzen ditudan.

Beste zerbait aipatu nahi duzu?

Bai, ikaragarri eskertzen dudala izan dudan ingurua; horixe esan nahiko nuke. Ederra izan da txapela irabaztea, baina are ederragoa inguruan sentitu dudan babesa. Gertukoak, lagunak, besarkadak, txaloak... hori dena ez dut sekula ahaztuko. Eskerrik asko handi bat bidali nahi diet denei.