Maiatzeko lehen odol ateraldia egingo dute bihar

Mailo Oiarzabal 2022ko mai. 10a, 08:10
Odola ematen.

Parrokiaren Soreasuko lokalean izango da, ohiko ordutegiarekin, eta joan nahi dutenek bihar bertan har dezakete txanda. Maiatzean bi hitzordu izango dituzte Azpeitiko odol emaileek; hilaren 25ean izango dute bigarrena.

Maiatza hil berezia izango da aurten Azpeitiko odol emaileen elkartekoentzat, bakarra egin beharrean, bi odol ateraldi saio egingo baitituzte hil honetan. Hain zuzen ere bihar, hilaren 11n, izango dute lehen hitzordua. Azkenaldiko guztiak legez, Parrokiaren Soreasuko lokalean aterako dute odola bihar, 17:00etatik 21:00etara. Odola ematera joan nahi duten boluntarioek, berriz, bihar bertan har dezakete txanda, goizean 943-00 78 84 telefonora deituta.

Bihar joan ezin dutenek bigarren aukera bat izango dute maizata bukatu aurretik; hileko azken asteazkenean, hilaren 25ean, egingo baitute maiatzeko bigarren odol ateraldia, toki berean eta ordutegi berarekin.

Azpeitiko odol emaileen elkarteak "dei berezia" egin nahi du biharko zein ondoren etorriko diren hitzorduetarako. Kezkatuta dabiltza, azkenaldian behetik dabiltzalako odol emateak; eta beharrak, aldiz, ez direlako gutxitu.