Loidisaletxe II.a eta Julene Iturbe bertsotan arituko dira bihar San Martin egoitzan

Anartz Izagirre 2022ko mai. 12a, 09:00
Loidisaletxe II.a eta Iturbe, iaz, San Martin egoitzan.

Adin-adin egitasmoaren barruko bertso saioa izango da, eta 16:30ean hasiko da. Besteak beste, bertsoen bitartez adineko pertsonen gaitasuna sustatzea du helburu programa horrek.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politika sailak eta Lankuk antolatuta, Adin-adin egitasmoa helduko da bihar, ostirala, San Martin egoitzara. Bertsoa ardatz, adineko pertsonen gaitasuna sustatzea da egitasmo horren xede nagusietako bat, eta Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe II.a eta Julene Iturbe bertsolariek eskainiko dute saioa, 16:30ean hasita. Joan zen azaroan ere bi bertsolari horiek izan ziren San Martineko egoiliarrekin.

Maite Peña Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak adierazi duenez, joan zen azaroan egin zuten Adin-adin egitasmoaren seigarren edizioa, eta oraingoa zazpigarrena izango da: "Izan zuten harrera ona kontuan izanik, saio berriak antolatu ditugu maiatzean, udazkenera arte itxaron beharrean". Guztira, lurraldeko hemezortzi egoitzetan ariko dira bertsolariak kantuan.

Bertso saio horien "garrantzia eta onura" nabarmendu ditu Peñak, eta proiektua sendotzen ari dela ere jakinarazi du: "Urtez urte proiektua haziz doa, eta azken urteetako balorazio positiboak oinarri harturik, horrelako ekimenak zabaltzen jarraituko dugu". Adin-adinen gakoa "adineko pertsonen parte-hartzea bultzatzean eta euren arteko harremana hobetzean" dagoela azpimarratu du diputatuak, eta "eragin positiboa" duela egoiliarrengan: "Musikak eta bertsoek memoria lantzea ahalbidetzen die adineko pertsonei; iraganeko oroitzapenak eta bizipenak berpizten zaizkie".