Beñat Lizaso: "Garbi neukan Gipuzkoakoa izango zela nire azken txapelketa"

Bertsoa.eus 2022ko mai. 10a, 17:22

Bertsoa.eus atarian elkarrizketak egin dizkiete Txapelketa Nagusian parte hartzeari uko egitea erabaki duten bertsolariei, eta horiek audio bidez jarri dituzte entzungai. Horietako bat Beñat Lizaso. Hark txapelketetan egindako bideaz eta hartutako erabakiaz hitz egin du.

Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzeko aukera zuen, baina aukera horri uko egin dion bertsolarietako bat da Beñat Lizaso (Azpeitia, 1982). Bertsozale Elkarteak joan zen astean jakinarazi zuen lehian parte hartuko duten bertsolarien zerrenda, eta horrekin batera, txapelketei agur esan dieten bertsolarien elkarrizketak audio bidez argitaratzeari ekin zion Bertsoa.eus atariak.

Lizasok 2019ko Gipuzkoako Txapelketaren garaian esan zion Uztarria.eus-i hura izango zela parte hartuko zuen azken txapelketa. Finalera iritsi zen, ordea, eta saio hartan ez zen lehietatik agurtu. Hala ere, finalaren osteko elkarrizketan, txapelketetan segitzeko "gauzek asko aldatu" beharko zutela esan zion Lizasok Uztarriari. Erabakia, beraz, "aspaldi" hartuta zuela adierazi dio azpeitiarrak Bertsoa.eus-i. "Azken unean erabaki nuen Gipuzkoako Txapelketan parte hartzea. Izan ere, txapelketan parte hartzeak denbora asko eskatzen du, lan asko egin behar da, eta txapelketa irailean hasten bada ere, askoz ere lehenago ekiten diogu prestaketari; burua beti martxan izaten dugu, denbora asko pasatu behar izaten dugu etxetik kanpora, tentsio eta urduritasun handia...".

Duela lau urteko Gipuzkoako Txapelketan uste baino lan hobea egin zuela ere aitortu du, nahiz eta lehia bera "luzea eta gogorra" egin zitzaion. "Halako tratua pasatzeak ez duela merezi erabaki nuen, ez dut izena eman Txapelketa Nagusian, eta ja ez dago atzera bueltarik". Bazekien azkena izango zela: "Nire ibilbideari saria izan zen finalera sailkatzea, eta uste dut ez dagoela finala baino leku hoberik txapelketak uzteko".

Gipuzkoako Txapelketa hartan egindako lana tarteko lortu zuen Lizasok aurtengo Txapelketa Nagusirako txartela, baina ez da lehia nagusian aritzeko izan duen aukera bakarra izan. Hain zuzen ere, Txapelketa Nagusian bitan aritutakoa da azpeitiarra, 2013an eta 2017an, zehazki. "Legazpin kantatu nuen 2013an, oso gaizki pasatu nuen, konfiantza gutxi nuen eta urduri aritu nintzen, baina hurrengo fasera sailkatu nintzen; 2017an, berriz, Tolosan kantatu nuen, eta nahiz eta ez nintzen hurrengo fasera igaro, aho zapore ona gelditu zitzaidan".

Txapelketetako saioetan bertsokera ez aldatzen saiatu izan dela azaldu du Lizasok. "Nik nahi dudan bertsokeratik eta nahi dudan bertsolaria izanez aritu naiz kantuan, eta bertsokera klasikoarekin ere badagoela txapelketan maila polita ematea eta hurrunera iristea erakutsi nahi izan dut beti". Lehiek, eta batez ere, 2019ko Gipuzkoako finalak, "izena" eman diela azaldu du bertsolariak, "abizena beti eduki" duelako, "handi samarra" gainera. "Txapelketak balio izan dit nire buruari eta jendeari abizenak bakarrik ez duela ezer egiten erakusteko, eta bertsotarako badudala maila erakutsi ahal izan dut". Txapelketek "aho zapore ona" utzi diotela esan du, sufrimenduak sufrimendu eta tentsioak tentsio.