Xeyeko kirolariak dominekin itzuli dira Euskadiko atletismo txapelketetatik

Hiru kirolariak eta Pedro Muñoz entrenatzailea. (Jose Luis Azpiazu)

Zapatuan Durangon jokatutako 18 eta 20 urtez azpikoen Euskadiko txapelketetan parte hartu zuten Naiara Tena eta Julen Azpiazu azpeitiarrek zein Bingen Aranbarri Azkoitiarrak. Urrezko domina bat eskuratu du Tenak, urrezko eta zilarrezko bana Azpiazuk, eta urrezko bi Aranbarrik.

18 eta 20 urtez azpikoen Euskadiko atletismo txapelketak jokatu zituzten zapatuan Durangon (Bizkaia), eta Azkoitiko eta Azpeitiko Xeye taldeko hiru kirolarik parte hartu zuten horietan: Naiara Tena azpeitiarrak, Julen Azpiazu azpeitiarrak eta Bingen Aranbarri azkoitiarrak. Sekulako maila erakutsi zuten hirurek; izan ere, hainbat domina eskuratuta etxeratu ziren.

20 urtez azpikoen lehian aritu zen Tena, eta hark urrezko domina irabazi zuen 400 metroko proban. Azpiazu ere maila horretan lehiatu zen, eta urrezko domina irabazi zuen 3.000 metroko lasterketan, eta zilarrezkoa, berriz, 1.500 metrokoan. Aranbarrik 18 urtez azpikoen txapelketan parte hartu zuen, eta bi urrezko domina irabazi zituen: 1.500 metroko eta 800 metroko probetan, hain zuzen ere.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide