Garaipena eta golak, agurrerako

Julene Frantzesena 2022ko mai. 8a, 10:04

Atzo jokatu zuten Eguzkiñe Peñak eta Izaro Zinkunegik beren futbol ibilbideko azken neurketa. Etxean, Garmendipeko zelai artifizialean jokatu zuten Lagun Onakeko emakumeek denboraldiko azken partida, eta agur kutsua hartu zuen. Izan ere, taldekideek omenaldia egin zieten bi jokalari beteranoei.

Eguzkiñe Peñak eta Izaro Zinkunegik atzo, zapatua, jokatu zuten beren futbol ibilbideko azken partida. Lagun Onakeko emakumeen taldeak etxean, Garmendipeko zelai artifizialean, izan zuen Ohorezko Erregional Mailako denboraldiko azken neurketa, Leintz-Arizmendi taldearen aurka. Partida borobila izan zen bi beteranentzat; izan ere, garaipena lortzeaz gain, bi gol sartuta agurtu ahal izan zuen Eguzkiñek. 

Ezin hobeto hasi zuten Lagun Onakeko emakumeen partida; izan ere, hirugarren minutuan sartu zuen lehen gola Nahiak. Bost minutura iritsi zen bigarrena: Nairak sartu zuen. 14. minutuan Leintz-Arizmendik sartu zuen gola, markagailua 2 eta 1 jarriz, eta atsedenaldia baino lehen lortu zuen partida bina berdintzea. Dena den, Lagun Onakek ez zuen etsi, eta atsedenaldiko azken bi minutuetan bi gol sartu zituen Eguzkiñek. Partida 4 eta 2 zela itzuli ziren zelaira bi taldeetako jokalariak, eta emaitza berretsi baino ez zuen egin etxeko taldeak: 87. minutuan bosgarren gola sartu zuen Nahiak.

Partida amaitzeko minutu gutxi batzuk falta zirela atera zituen Unai Urbizu entrenatzaileak Eguzkiñe eta Izaro zelaitik. Partida ederra jokatuta agurtu zuten futbol ibilbidea, taldekideen eta gertukoen babesean. Hain zuzen ere, taldekideek kamiseta bana oparitu zieten bi jokalariei, eta taldeko argazkia ere atera zuten neurketa bukatzean. Gainera, pankarta bat ere egin zieten jokalari azpeitiarrari eta errezildarrari. Hala zioen: "Zenbat partidu, zenbat entsegu... Gustu handiz izan gara zuen futbolaren testigu. Gora Izaro ta Egu!".

Erlazionatuak

Futbolari ibilbideari agurra, etxean eta elkarrekin

Maialen Etxaniz eta Ihintza Elustondo 2022 mai 06 Azpeitia