Aske gelditu da Josu Urbieta 'Pow'

Julene Frantzesena 2022ko mai. 7a, 10:12
Josu Urbieta 'Pow' –erdian– senideekin, espetxetik atera denean.

Hamabi urte egin ditu Frantziako espetxeetan preso, ETAko logistika militarreko kide izatea eta Jean-Serge Nerin poliziaren hilketan parte hartzea leporatuta. Gaur goizean atera da Mont de Marsango espetxetik.

Gaur, zapatua, utzi dute aske Josu Urbieta Pow preso azpeitiarra. Hamabi urte egin ditu Frantziako espetxeetan preso, hala nola Las Santen, Potiers-Vivonnen eta azken urteak Mont de Marsanen. Gaur goizean irten da espetxetik, zigorra beteta; espetxearen atarian zituen zain senideak.

2010eko ekainean atxilotu zuten Urbieta Frantzian. 2012ko azaroaren 7an epaitu zuten Parisen, eta ETAren logistika militarreko kide izatea leporatuta, bost urteko espetxe zigorra jarri zion epaileak azpeitiarrari. 2015ean berriz epaitu zuen Frantziako Zigor Auzitegiak, beste hainbat lagunekin batera, Jean-Serge Nerin poliziaren hilketagatik. Epaitegiak 16 urteko espetxe zigorra ezarri zion azpeitiarrari, "frogatuta" gelditu zelako "pistolak erabili zituztela poliziei erasotzeko".