Audioa

Jokin Uranga: "Txapelketari eta nire buruari egin niezaiokeen ekarpen onena zen beste jende bati lekua uztea"

Bertsoa.eus 2022ko mai. 9a, 17:28

Bertsoa.eus atarian elkarrizketak egin dizkiete Txapelketa Nagusian parte hartzeari uko egitea erabaki duten bertsolariei, eta horiek audio bidez jarri dituzte entzungai. Horietako bat Jokin Uranga, eta hark luze hitz egin du txapelketetan bizi izandakoez nahiz lehiak alde batera uzteko hartutako erabakiaz.

Asko dira Bertsolarien Txapelketa Nagusian ez parte hartzea erabaki duten bertsolariak, eta horietako bat da Jokin Uranga (Azpeitia, 1980). Bertsoa.eus atarian elkarrizketak egin dizkiete lehiari uko egitea erabaki duten bertsolariei, eta horiek audio bidez jarri dituzte entzungai. 1994ko Eskolarteko Txapelketa izan zen azpeitiarrak parte hartu zuen lehen bertso lehia, eta ordutik aritu da Gipuzkoakoan, baita Txapelketa Nagusian ere. "Gaur egun naizen hori txapelketek eta bertsoak eman didate; txapelketak baino gehiago, hala ere, bertsolaritzak", azaldu du hark.

Urangak luze hitz egin du txapelketetan bizi izan duen esperientziaz, baita horiek alde batera uzteko hartutako erabakiaz ere. Hain zuzen, pandemia giroak eta familiako egoerak bertsolaritzatik aldentzea eragin diela azaldu du hark. "Egoera horretan etorri da txapelketan izena emateko ordua, eta nire buruari galdera bat egin nion: 'Nola bizi dut gaur egun bertsolaritza?'. Nire buruari garbi-garbi entzun nion erantzuna izan zen bertsogintza oso ondo bizi dudala, joaten naizen leku gutxi horietan saiotxo batzuk eginez eta gozatuz, baina bertsolaritza bera oso urrun sentitzen dudala; hau da, ez dut jarraitzen gehiegi, entzule gazteak ere urrun sentitzen ditut... Nik zertara joan behar dut txapelketara? Nori kantatu behar diot? Lekuetara joan aurretik gustatzen zait nire burua egoera horretan imajinatzea, eta ez nuen nire burua txapelketan kantuan imajinatzen; urrun sentitzen nintzen, ez zidan ilusiorik egiten".

"Txapelketari eta nire buruari aurten egin niezaiokeen ekarpenik handiena beste jende bati lekua uztea da, ilusiorik gabe ez dagoelako inora joaterik". Hala azaldu du Urangak. Txapelketak "gazitik eta gozotik, denetik" duela uste du hark. "Gozotik izan duenean, ikaragarri gozatu dut, eta gazitik izan duenean, ez dut hainbeste sufritu, nahiz eta penak eta minak izan. Bertsolaritza taldean bizi izan dut beti, eta txapelketako saioaren aurretik eta ondoren beti hor egon da talde hori pozak partekatzeko eta minak goxatzeko".

Erabakia hartua du, ez du Txapelketa Nagusian parte hartuko, baina aukera eduki eta ez joatea erabaki izana ez dela erraza izan aitortu du. "Hor hazi eta hezitakoa naiz, eta txapelketan gozatu egin dut, eta aukera edukita ez joateak pena ematen dit eta korapiloa sortzen dit. Iruditzen zait, ordea, txapelketara joango banintz udazkenean beste korapilo mota bat edukiko nukeela, eta uste dut gaurko korapiloa udazkenean eraman beharko nukeena baino eramanerrazagoa egingo zaidala".