Futbolari ibilbideari agurra, etxean eta elkarrekin

Maialen Etxaniz eta Ihintza Elustondo 2022ko mai. 6a, 15:16

Futbolzaleak, futbolariak eta elkarren lagunak, hala izan dira Eguzkiñe Peña eta Izaro Zinkunegi urte luzez. Elkarrekin egin dituzte azken urteak Lagun Onak futbol taldearen emakumezkoen taldean, eta bihar arratsaldean jokatuko dute azken partida, etxean. Agurraren atarian, biekin elkartu da Erlo Telebista Garmendipen, haien sentipenak eta aurrera begirako asmoak ezagutzeko. 

Urte luzeko ibilbidearen ostean, futbolari agur esango diote Eguzkiñe Peñak (Azpeitia, 1992) eta Izaro Zinkunegik (Errezil, 1992), bihar. Futbolari baino futbolari ibilbideari esango diote agur, bizipen bete motxila soinean hartuta. Bientzat berezia izan da futbolari esker bizitakoa. Peña futbolari profesionala izandakoa da; Zinkunegi, aldiz, hainbat taldetan aritutakoa. Azken urteak elkarrekin egin dituzte Lagun Onaken emakumezkoen taldean, eta bihar jokatuko dute azken partida Garmendipeko zelai artifizialean, 15:30ean hasita. Agurraren atarian, "pozik eta urduri" daudela diote, eta zelaian dena emateko gogoz.