Azken bazkideak lortzeko asmoz, berriro irekiko dute Ekindarren bulegoa

Maialen Etxaniz 2022ko mai. 6a, 15:52

Astelehenean irekiko dute Ekindarren bulegoa, eta zabalik egongo da azken ehun bazkideak lortu arte. Udalak azaldu duenez, dagoeneko bazkide diren 450 familien bataz besteko kontsumo maila "aurreikusitakoa baino txikiagoa" denez, herritar gehiagok izango dute bazkide egiteko aukera.

Astelehenetik aurrera berriro irekiko dute Ekindar azpeitiarren energia kooperatibaren bulegoa, azken bazkideak lortzeko helburuarekin. Dagoeneko 450 bazkide inguru ditu Ekindarrek, baina beste ehun bat familiarentzat ere lekua dago. "Horregatik, azken bazkide horiek lortzeko helburuz, astelehenetik aurrera, bi astez, irekita izango da Goikokale 2 zenbakiko bulegoa, herritarrei bazkidetzaren inguruko xehetasunak azaldu eta tramitazioan laguntzeko", azaldu du udalak.

Martxoaren erdialdean ireki zuten bazkidetza kanpaina, eta lehen hiru asteetan bete zuten aurreikusitako 450 bazkideko kopurua. Udalak azaldu duenez, ordea, "450 bazkide horien bataz besteko kontsumo maila aurreikusitakoa baino txikiagoa denez, herritar gehiagok izango dute bazkide egiteko aukera". Erakundearen aurreikuspen berrien arabera, beste ehun familia ingururentzako lekua dago kooperatiban. Horrenbestez, interesa dutenek datozen bi asteetan izango dute bazkide egiteko aukera Ekindarren bulegoan nahiz Ekindar.eus webgunean.

Bulegoa, goizero irekiko dute astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Arratsaldez, berriz, astelehenetan eta asteazkenetan irekiko dute, 16:00etatik 18:30era. Bazkide egin nahi dutenek bulegoan bertan edo Internet bitartez eska dezakete txosten pertsonalizatua.

Josu Labaka zinegotziak eskerrak eman dizkie herritarrei, "erakutsitako konfiantzagatik".  Hark azaldu duenez, energia kooperatibaren proiektuak "interes handia" piztu du herrian. Dena den, oraindik ere aukera badenez, bazkide egitera animatu ditu hark herritarrak.