90 futbol taldek parte hartuko dute ekainean jokatuko den Azpeitia Cup txapelketan

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 5a, 16:43
Joseba Otaegi, Mikel Rodriguez, Nagore Alkorta eta Iker Goiria, txapelketa aurkezten. (Ihintza Elustondo)

Bi urteko etenaren ostean, ekaineko hiru asteburutan jokatuko dute Domusa Teknik Azpeitia Cup futbol txapelketa. Guztira, 1.600 bat jokalari ekarriko ditu ekitaldiak Azpeitira; lehiakideen artean, Espainiako Ligako hainbat harrobi izango dira. Txapelketak ostalaritzan eta merkataritzan izango duen eragina nabarmendu dute antolatzaileek.  

Bi urteko etenaren ostean, Domusa Teknik Azpeitia Cup futbol txapelketa jokatuko da aurten Azpeitian, ekaineko hiru asteburutan. Guztira, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako nahiz Espainiako 90 futbol taldek parte hartuko dute lehian, eta 1.600 bat jokalari eta 4.500 bat pertsona ekarriko ditu ekitaldiak Azpeitira. Txapelketaren nondik norakoak azaltzeko agerraldia egin dute gaur Sanagustin kulturgunean, eta han izan dira Joseba Otaegi Domusa Teknikeko lehendakaria, Mikel Rodriguez Azpeitia Cupeko lehendakaria, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria.

Rodriguezek azaldu ditu txapelketaren gaineko xehetasunak. Hasteko, 2011. urtean jaiotako mutilen txanda izango da, ekainaren 10ean, 11n eta 12an. Lehia horretan, 36 taldek parte hartuko dute, eta horien artean izango dira, besteak beste, Espainiako Ligako hemezortzi harrobi. Iazko abenduan jokatu zuten txapelketa horretako aurrefasea, eta orduan, lau taldek eskuratu zuten txapelketan parte hartzeko txartela: Comillasek, Beti Onak, Antiguokok eta Basaurik, hain zuzen ere. Talde horiek ere Azpeitian izango dira ekainaren 11ko asteburuan.

Hurrengo asteburuan –ekainaren 17an, 18an eta 19an–, nesken txanda izango da; infantil mailako txapelketa jokatuko da egun horietan. Aurten, 30 talde lehiatuko dira, eta Rodriguezen arabera, "dezente handia" da kopuru hori. "Urtetik urtera, gero eta nesken talde gehiago ari dira txapelketan izena ematen, eta aurreikusten dugu hurrengo urteetan berdinduko dela nesken eta mutilen talde kopurua". Nesken txapelketan ere, Euskal Herriko taldeak ez ezik, Espainiakoak, Herrialde Katalanetakoak eta Galiziakoak lehiatuko dira.

Azkenik, hirugarren asteburuan –ekainaren 24an, 25ean eta 26an– 2010. urtean jaiotako mutilak ariko dira nor baino nor. Berez, iazko abenduan ziren txapelketa hori jokatzekoak, baina "hainbat arrazoi tarteko", bertan behera utzi behar izan zuten antolatzaileek. "Iaz, talde askok eman zuten izena txapelketan, eta jokalariak parte hartzeko ilusioz zeuden. Haiek jokatzeko aukera ez galtzeagatik, txapelketarekin aurrera egitea erabaki genuen", adierazi du Rodriguezek. Txapelketa jokatuko den datak "ez dira onenak", haren arabera, denboraldi amaiera delako taldeentzako. Horregatik, ohi baino talde gutxiago lehiatuko dira; 24, zehazki. Horietatik hamalau talde izango dira Espainiako Ligako lehen mailako harrobiak.

Azpeitia Cupen izenean jokatuko diren hiru txapelketak ostiral arratsaldez hasiko dira, eta igande eguerdian bukatu. Txapelketa guztiek izango dute aurkezpen festa, eta larunbat eguerdian, hiru asteburuetan lehiatuko diren taldeak bazkaltzera eramango dituzte antolatzaileek, herriko soziedadeetara eta jatetxeetara. "Herrian giro polita egongo da, plaza koloreztatuko da, eta inportantea da hori. Talde asko izango dira herrian, eta horiekin batera, beren familiako kide asko ere bai. Beti bezala, gure helburua da Azpeitira etortzen diren guztiak asteburu bikaina pasatu duten sentipenarekin itzultzea beren herrira", esan du Rodriguezek. Haren arabera, "aspalditik beteta" daude Azpeitiko eta inguruko ostalaritza guneak, eta jendea Donostia inguruan erreserbak egiten ari da. "Begi bistakoa da txapelketak duen oihartzuna", erantsi du.

Ostalaritzan eragina

Azpeitiko alkateak nabarmendu duenez, kirolaz aparte, "sekulako oihartzuna" izango du txapelketak herrian. "Sekulako mugimendua egongo da Azpeitian, eta herriarentzako, ostalarientzako nahiz merkatarientzako oso garrantzitsua da hori. Herria koloreztatuko da egun horietan, eta Azpeitiaren izena zabaltzeko ere eredugarria da txapelketa".

Goiriak ere txapelketak ostalaritzan eta merkataritzan izango duen eragina azpimarratu du. "4.500 pertsona inguru etorriko dira ingurura txapelketa jokatuko den egunetan, eta horrek sekulako eragina izango du ostalaritzan. Lehiaz harago, inguruan eragingo duen mugimenduarengatik ere bada garrantzitsua Azpeitia Cup. Normalean, kostaldean izaten da mugimendua, baina zailagoa izaten da hori barnealdera iristea; horregatik, oso lagungarria da txapelketa. Jendea lehiara dator, baina baita jatera, edatera, lo egitera... ere. Oso garrantzitsua da horrek eragiten duena".

Otaegik Domusa Tekniken izenean hitz egin du; enpresa hori da txapelketaren babesle ofiziala. "Proiektua Domusa Tekniki aurkeztu ziotenean, asko gustatu zitzaigun; ikusi genuen bat egiten zuela haren balioekin. Domusa Teknik kooperatiba da; kooperatibek balio berezi batzuk izaten dituzte, eta horietako bat da inguru sozialarekiko konpromisoa. Gure lantegia Errezilen egonagatik, ingurua Urola bailara da guretzako. Gure irabaziak horrelako arloetan berrinbertitu nahi ditugu; kasu honetan, kirola bultzatu dugu, baina beste arlo askorekin ere gauza bera egin nahi dugu. Horregatik erabaki dugu txapelketa babestea".

Rodriguezek eskerrak eman dizkie txapelketa antolatzen laguntzen duten guztiei, eta bereziki, Juanjo Bereziartua Gaztañari, urtez urte esatari gisa egiten duen lanagatik.