Ohiko data berreskuratuta egingo dute zapatuan Azpeitiko XXII. Rallysprinta

Mailo Oiarzabal eta Urtzi Oteiza 2022ko mai. 5a, 11:20
Atzo aurkeztu zuten zapatuko lasterketa. Argazkian, ezkerretik eskubira, Del Cid, Cuesta, Gurrutxaga, Lizarralde, Joxe Antonio Araneta eta Arantzazu Araneta. (Urtzi Oteiza)

Azpeitia-Etumeta-Aizarna hamabost kilometroko ibilbidean egingo dute lasterketa. 32 parte-hartzailek eman dute izena, eta tartean daude Iokin Agirre, Josu Mate eta Imanol Zabala azpeitiarrak. Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapelketetarako puntuak banatuko ditu aurten ere Lagun Artea eskuderiak antolatutako probak.

Udaberrian, ohiko datarekin, egingo dute 2022ko Azpeitiko Rallysprinta. Iaz, COVID-19 dela-eta ezarritako neurriak tarteko, udazkenean egin zuten XXI. edizioa, baina XXII.a ohiko egutegiaren barruan egin ahal izango dute, zapatu honetan. Ibilbidea ere aldatu egin dute Lagun Artea eskuderiako antolatzaileek: Azpeitia-Etumeta-Aizarna hamabost kilometroko ibilbide "selektiboan" egingo dute lasterketa etzi. Atzo aurkeztu zuten proba. Lagun Arteako Jorge del Cidek eman dituen xehetasun guztiak, eta ondoan izan zituen Iñigo Cuesta eta Angel Gurrutxaga Gipuzkoako eta Euskadiko automobilismo federazioaren presidenteak, hurrenez hurren; Agustin Lizarralde, Azpeitiko Udaleko zinegotzia; eta Arantzazu Araneta, rallysprintean parte hartuko duen kopilotu azpeitiarra.

32 gidari-kopilotu bikotek eman dute izena lasterketarako. "Garaipena lortzeko norgehiagoka benetan irekita dago, ez dago faborito argi bat", antolatzaileen esanetan. Hala ere, "ziurrenik" lehia honako bikoteen artean egongo dela gaineratu dute: Iokin Agirre-Arantzazu Araneta (BMW M3) –Euskal Herriko Txapelketaren azken bi urteetako irabazlea–; Aitor Aristregi (Mitsubishi EVO IX); "beti oso azkarrak eta ikusgarriak diren" Mattin Villares-Jon Zozaia bikotea ere Mitsubishi EVO IX autoarekin irtengo dira; Roland Holke beteranoa, Alaitz Urkiola kopilotu lanetan duela, Citroën DS3 N5 batekin izango da lehian; eta Gurutz Agirretxe errezildarrak eta Hodei Intxausti azpeitiarrak osatutako bikotea bikotea azkenik (BMW M3), "bidearen ezagutza aprobetxatu eta etekinik handiena lortzen saiatuko dena". Ezustekoa eman dezaketenen artean, berriz, "bide zati hori oso ondo ezagutzen duen beste pilotu bat" aipatu dute, Iker Zinkunegi errezildarra: "Peugeot 208 Rally 4 moderno batekin aterako da, eta ezustekoa eman dezake, ibilgailu berriari ondo egokitzen bazaio".

Guztira, Azpeitiko eta inguruetako herrietako bederatzi pilotuk parte hartuko dute rallysprintean. Aipatutakoez gain, Josu Mate eta Imanol Zabala azpeitiarrak, Iraitz Olariaga, Ion Albizuri eta Egoitz Lizarralde azkoitiarrak, eta Ekain Otaegi beizamarra lehiatuko dira etziko proban.

Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapelketetarako puntuak banatuko ditu aurten ere Lagun Artea eskuderiak antolatutako probak. Gabirian egin zuten lehendabizikoa, eta Aristregik irabazi zuen han.

Egiaztapenak eta ordutegiak

Zapatuan bertan, 10:00etatik aurrera, egingo dituzte izena emandako taldeek egiaztapen administratiboak eta teknikoak Garoa kafetegian eta Epaitegien plazan, hurrenez hurren.

Parte-hartzaileak plaza horretatik abiatuko dira 13:30ean Antzibar poligonoan jarriko duten asistentzia gunera, eta 14:30ean irtengo da handik da lehenengo parte-hartzailea, kronometratutako zatia egitera. Hiru manga izango ditu lasterketak. Sari banaketa ekitaldia 19:00etan egitea aurreikusi dute antolatzaileek, Epaitegien plazan.

Ikusleentzako argibideak

Rallysprintaren hamabost kilometroko ibilbidean "erabat debekatuta" egongo da aparkatzea; "gaizki kokatutako ibilgailu guztiak garabiak eramango ditu", ohartarazi dute antolatzaileek. Era berean, proba ikustera joan nahi dutenek ibilgailuak non aparka ditzaketen zerrendatu dute: Landetako industrialdean, Granadaerreka aldera jaisten diren bideetan, eta Benta Berriko bidegurutzetik Errezilera doan bide zatian. Azken bi horietan, ibilgailuak bidearen alde bakarrean uzteko eskatu dute; gainera, Benta Berritik Errezil alderako bidea errepidea ixten denetik erabili ahal izango da. "Errezildik Azpeiti aldera jaitsi nahi duten ibilgailuek, errepidea ixten denetik aurrera, Loidiko bidetik ibili beharko dute", zehaztu dute Lagun Artea eskuderiakoek.

Auto lasterketa errepide ondotik jarraitu nahi dutenei bestelako gomendioak eta erreguak ere egin dizkiete, urtero legez, antolatzaileek: "Behin eta berriro gogoratu behar diegu leku seguruetan koka daitezela, eta inola ere ez zinta gorriarekin markatutako guneetan, seinale horrek esan nahi baitu debekatutako lekuak direla. Eta, beti ere, errespeta ditzatela komisarioek emandako jarraibideak, eta mendia zaindu eta errespeta dezatela".