Sardiniako bertso jarriak eta Euskal Herriko bat-batekoak eramango dituzte Sanagustin kulturgunera

Julene Frantzesena 2022ko mai. 10a, 10:35
Remundu Piras poeta.

Hilaren 20an sardiniako kantu inprobisatua oinarri duen emanaldia izango da Sanagustin kulturgunean (22:00). Besteak beste, Dionigi Bitti eta Giuseppe Porcu cantadori sardiniarrek eta Tenore Murales de Orgosolo taldeak eta Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariek parte hartuko dute. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

Sardiniako kantu inprobisatuen emanaldia izango da hilaren 20an, ostiralez, Sanagustin kulturgunean (22:00). Remundu Piras poeta eta inprobisatzaile sardiniarraren obran oinarritutako emanaldia izango da Improvisa una antiga poesia izenekoa. Tra Parola e Musica-Casa di Suoni e Racconti erakundeak ekoiztutako ikuskizuna da.

Hitzaren, musikaren eta irudien bidez, Remundu Piras Sardiniako poesia lehiaketetako abeslariaren inguruan osatutako eta Paolo Pillonca kazetariak idatzitako omenaldi barregarria aurkeztuko dute. Sardinieraz eta euskaraz, bat-bateko bertsoak, Pirasen eta euskal bertsolarien bertso idatziak, kontakizuna, musika eta irudiak uztartuko dituzte ordu eta erdiko emanaldian. Besteak beste, Dionigi Bitti eta Giuseppe Porcu cantadori sardiniarrek eta Tenore Murales de Orgosolo taldeak eta Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariek parte hartuko dute.

Bertsozale Elkartearen Bidaiak izeneko saio esperimentaletako bat izango da Azpeitian eskainiko dutena, eta atzerriko kantu inprobisatuak izango ditu ardatz. Saioetako bat Azpeitian izango da, eta bestea, Usurbilen. Emanaldirako sarrerak salgai daude dagoeneko: bost eurotan eskura ditzakete Bertsozale Elkarteko bazkideek bertsosarrerak.eus atarian, eta zazpi eurotan, gainerakoek.