Arreta soziosanitarioko ikastaroak martxan, aurrez aurrekoak eta 'online'

Mailo Oiarzabal 2022ko mai. 8a, 09:21
Basazabal jauregian ematen dituzte arreta soziosanitariorako aurrez aurreko ikastaroen saioak. (Azpeitiko Udala)

Udalak antolatutako aurreko ikastaroa martxoan bukatu zen, baina formazio eskaria kontuan hartuta, hil honetan beste talde batentzat eskolak ematen hasi dira. Hil honetan, berriz, online ikastaro berria hasiko da, eta izena emateko epea irekita dago.

Mendekotasuna duten pertsonei laguntza soziosanitarioa ematea gizarte erakundeetan izeneko ikastaroa ematen jarraitzen du Azpeitiko Udalak herrian, Zabaltzen Sartu elkartearekin lankidetzan. Aurrez aurreko saioetan, zaintza lanetan aritzen diren pertsonei egokitutako ordutegian ematen dituzte eskolak, Basazabal jauregian. 370 orduko iraupena du ikastaro horrek, eta teoriaz gain praktikaldia ere egin behar izaten dute parte hartzaileek. Ikastaroa osatzen dutenean, Lanbidek homologatutako Zaintza lanetarako Arreta Soziosanitario ziurtagiria lortzen dute ikasleek.

Joan den martxoan bukatu zen udalak antolatutako aurrez aurreko ikastaroetako bat, baina formazio eskaria kontuan hartuta, eta itxaron zerrendan zegoen jendearen kopurua ikusita, apirilean hamabost laguneko beste talde batentzat eskolak ematen hasi ziren.

Hil honetan, berriz, ikastaroa presentzialki egin ezin dutenei zuzendutako online ikastaroa jarriko dute martxan. Udalak azaldu duenez, ikastaro hori moduluka antolatuta dago, eta herritarrek aukera dute izena emateko eta azterketak prestatzeko. Hain zuzen ere, online ikastaroaren lehen modulua egiteko izen-ematea zabalik dago, eta maiatzaren 16tik ekainaren 7a bitartean eskainiko dituzte modulu horri dagozkion eskolak. Moduluak banaka eta jarraian eskainiko dituzte. Informazio gehiago edota izena eman nahi dutenek 646 34 53 55, 943-74 14 95 edo 94-62 00 44 telefonoetara deitu behar dute.

Formazio eskaintza honi lotuta, udalarentzat "zaintza lanetan ari direnei formazio homologatua eskaintzea garrantzitsua" dela dio Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak, "lanbide hori duindu, eta lan baldintzak hobetzeko aukera eskaintzen zaielako arlo horretako langileei". Zaintzarena "sektore feminizatua" dela ere nabarmendu du Goenagak, eta alde horretatik ere azpimarratu egin du formazioaren balioa: "Azpeitian emakume langabetuen portzentajea gizonezkoena baino altuagoa da, eta orokorrean, diru sarrerak ere baxuagoak izan ohi dira emakumeenak. Formazioa eskainiz, parte-hartzaileei bizi kalitatea hobetzeko aukera eskaini nahi diegu".