"Momentuz, finalean toki segurua duen etxeko bakarra aita da"

Mailo Oiarzabal 2022ko mai. 5a, 10:20
Jon eta Unai Alberdi anaiak aurrez aurre, joan den asteartean, Frontoi Txikian. (Mailo Oiarzabal)

Jon Alberdi (Azpeitia, 1999) eta Unai Alberdi (Azpeitia, 2002) anaiek lehen aldiz jokatuko dute elkarren kontra txuriz jantzita, eta ez edozein moduko partida: Promozio mailako buruz burukoaren finalerako txartela jokoan dutela neurtuko dituzte indarrak bihar, Urduñan (Bizkaia). Gertaera berezia da bi anaia maila horretan elkarren kontra aritzea, eta kazetarien galderak erantzuten badute nahikoa lan egunotan Arauntzakoek. Hala ere, irribarrea ezpainetatik kendu gabe dabiltza, motiboak badituzte eta. Konplizitatea darie bien begiradei, eta elkar xaxatzen eta barre txikiz ondo hornituta erantzun dituzte Uztarriaren galderak.

Nork esango zizuen txapelketa hasi zenean...

Jon Alberdi: Zaila zirudien elkarren kontra jokatzera iristea, bai. Batek talde bateko aurrena izan behar zuen, besteak besteko bigarrena; nik, gainera, ligaxkan sartzeko bi aurrekanporaketa jokatu behar izan nituen. Txapelketa luzea eta oso zaila zen, baina hala nahi izan du patuak. Elkarren kontra jokatu behar dugu, eta horrela, behintzat, bietako bat finalean izango da, eta hori pozgarria da.

Unai Alberdi: Oso zaila zirudien elkarren kontra tokatzea, bai. Nik beste azpeitiar bat ere banuen sailkapen faseko taldean [Julen Egiguren], eta kasualitatez, ligaxkako azken partida, erabakiorra, haren kontra jokatzea tokatu zait. Azken partida horren atarian, bi azpeitiarretako bat finalaurrekoetan izango zela garbi zegoen. Neuk irabazi nuen, eta orain beste azpeitiar baten kontra jokatzea tokatzen zait.

Jon, zuk bi aurrekanporaketa jokatu behar izan dituzu ligaxkara iristeko. Zer moduzkoa izan da txapelketa orain artekoan?

J.A.: Niretzat luzeagoa ari da izaten, baina oso ondo doakit. Jokatu ditudan partida denak irabazi ditut, bostetik bost. Banaka hain txapelketa luzea jokatzen duzunean, eskuetatik-eta larri ibiltzeko arriskua izaten da, baina ondo joan zait orain artekoan. Konfiantzarekin iritsiko naiz finalaurrekora, eta ea gelditzen zaizkidan bi partidak ere irabazteko gai naizen.

Unai, urtarrilean debutatu zenuen profesionaletan, zuzenean sartu zintuzten zuretzat lehen txapelketa den honetan, eta finalaurrekoetara iritsi zara.

U.A.: Gustura nago orain arte egindako lanarekin. Txapelketaren aurretik jokatutako binakako partidetan ere gustura ari nintzen. Ez nekien buruz burukoan maila honetan nola erantzungo nuen. Batere presiorik gabe irten naiz lehiatzera, neurea ematera, eta oraingoz ondo atera zait. Ea datorre partida hau irabazten dudan eta finalera iristen naizen.

Bi anaia aurrez aurre profesional mailako esku pilotako txapelketa baten finalaurrekoan. Zuen kirolaren historian halakorik ez zen askotan gertatuko.

J.A.: Ez. Esaten dute garai batean atanotarrak eta bengoetxeatarrak tokatu izan zirela elkarren kontra, baina aspaldiko urteetan ez da gertatu bi anaia finalerako txartela jokoan dutela elkarren kontra lehiatzea. Polita izango da. Bietako bat finalean izango da, finaleko eguna beti izaten da polita, eta hori bizitzeko aukera izango dugu: batek finala jokatuko du, eta bestea afarira joango da.

U.A.: Guretzat oso berezia da. Inoiz ez dugu elkarren kontra txuriz jokatu; beste edozein xextratan ariko ginen elkarren kontra, baina txuriz jantzita ez, horixe bakarrik falta zaigu. Ostiral honetan izango dugu aukera, ea zer moduz joaten den.

Zer sentipen eragiten dizue txapelketa baten azkenaurreko koxkan elkarren kontra jokatu behar horrek?

J.A.: Aurkari gisa sekula jokatu gabeak gara, baina ondo ezagutzen dugu elkar. Aurten entrenamendu saio dezente egin ditugu elkarrekin, badakigu non dauden bata bestearen akatsak eta indarguneak, eta azken horiek elkarri eragozten saiatuko gara.

U.A.: Hain justu, Jonek esandako akats horiek zuzentzeko eta indarguneak areagotzeko ahaleginean aritu izan gara elkarrekin lanean. Ea bihar bere akatsak bistaratzeko gai naizen...

J.A.: Ondo entrenatzeko aukera izango dugu ostiralean, bai, partidan bertan.

Zein da aurkaria ondoegi ezagutzearen alde ona? Alde txarrik ba al du?

J.A.: Normalean, zuk norbait ondoegi ezagutzen duzunean, hark ere ondo ezagutzen zaitu, beraz... Uste dut berak badituela niri irabazteko armak, eta nik ere bai berari irabaztekoak. Ostiralean ikusiko da zer pasatuko den.

U.A.: Hori da, egun jakin batean zer gerta daitekeen ezin da jakin, batek egun oso ona izan dezake eta besteak oso txarra; buruz burukoetan, gainera, are gehiago nabaritzen dira horrelakoak.

Jon, nolako aurkaria da Unai?

J.A.: Gogorra, lehengoan ikusi ahal izan zen. Julenen [Egiguren] kontra oso partida ona jokatu zuen. Nik baino gehixeago ematen dio pilotari; nik, agian, tantoa errazago bukatzeko ahalmena daukat. Saiatuko naiz aurrean pixka bat nahasten.

Unai, nolako aurkaria da Jon?

U. A.: Berak esan du, aukera txikiena ikusten duenean ni nahasten saiatuko da, eta tantoak nik baino errazago bukatzen ditu, agian. Saiatuko naiz frontoian bera ahal bezain atzean mantentzen, eta ea handik miraririk ez duen egiten.

Eta etxekoak, zer moduz? Zer diote gurasoek?

J.A.: Gustura daude. Badakite bat behintzat finalean izango dela, eta uste dut harro daudela biak finalaurrekoetara iritsi garelako. Finalaurrekoan biak ere lasai egoteko moduan direla iruditzen zait, biotako edozein pasatzen dela ere, finalean nahikoa sufrituko dute eta.

Baina finalaurrekoan baten poza eta bestearen pena batera eraman beharko dituzte...

U.A.: Galtzen duenaren pena sentituko dute, noski, baina uste dut txapelketaren hasieran sinatuko zutela semeetako bat finalean egotea.

Orain arte aita, Angel, izan duzue biok botilero txapelketa honetan. Biharko neurketan nola moldatuko zarete?

J.A.: Lagun bana hartu dugu aholkulari lanetarako, proposamena egin eta pronto agertu ziren biak. Elkarren lagunak gara bi pilotariak eta bi botileroak. Saiatuko gara haiei kaso egiten.

Elkarrekin bizi zarete. Zer moduz dihoa astea?

J.A.: Oraindik nahiko lasai, baina uste dut partidaren eguna gerturatu ahala hasiko direla pikeak [asteartean elkartu zituen Uztarriak bi anaiak]. Oraindik ez diogu elkarri alarmarik jarri gauean esnatzeko, baina ikusiko da.

Zangotrabarik ez diozue egingo elkarri, ala?

U.A.: Oraindik ez dugu asmorik, baina astea aurrera dihoan heinean ikusiko dugu.

Jonek badaki maila honetan buruz burukoa jokatzea zer den, baina lehen finalaurrekoa izango da hau biontzat txapelketa honetan.

J.A.: Lau eta erdian jokatu nuen final bat, binakakoan ere bai. Ederra litzateke hirugarren finala buruz burukoa izatea, hiru modalitateetan final bana jokatuta izatea. Ilusio horrekin joango naiz finalaurrekora.

Zure lehen txapelketa izanda, Unai, ez al diozu anaiari barkatuko, ilusio hori bete dezan?

U.A.: Pentsatzen dut gero ere izango duela horra ailegatzeko aukera. Ea hurrengo urtean den, aurten izan beharrean.

Debutatu berria, lehen txapelketa, eta finalaurrekoak harrapatu. Zer esan nahi du horrek zuretzat, Unai?

U.A.: Lehen esan dudan bezala, batere presiorik gabe lehiatzera irten naiz txapelketa honetan, dakidana ematera. Aldiz, aurkariak presio pixka bat gehiagorekin aritu izan dira nire kontrako partidetan, galtzeko gehiago zutelako, irabazteko baino; nik, alderantziz, galtzeko ezer ez neukan. Maila ona ematen ari naizela uste dut, eta ea finaleraino behintzat horri eusteko gai naizen.

Arauntzatar bat finalean izango da, seguru.

J.A.: Horixe da gauzarik onena. Finalaurrekoetan gurutzatu izan ez bagina, aurkari gogorrak izango genituzkeen aurrez aurre eta zaila izango zen biak finalera iristea. Era honetara, berriz, bat seguru ailegatuko da finalera, eta sinatzeko modukoa iruditzen zait.

U.A.: Bai, eta horrela aita ere finalean egoteko moduan izango da, biotako baten botilero. Momentuz, finalean toki segurua duen etxeko bakarra hura da.

Azken galdera: Arauntza edo Arroita?

J.A.: Arauntza, baserria; mendia, Arroita. Guretzat beti izan dira horrela. Azpeitian gehienek "Arauntzara joan gara" esaten dute mendira joandakoan, baina guk "Arroitara goaz" esaten dugu.