Beñat Lizasok eta Jokin Urangak ez dute Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartuko

Julene Frantzesena 2022ko mai. 3a, 12:39
Jokin Uranga eta Beñat Lizaso 2019ko Gipuzkoako Txapelketako saio batean. (Gipuzkoako Bertsozale Elkartea)

Biek ala biek 2019ko Gipuzkoako Txapelketan egindako lana tarteko eskuratu zuten Txapelketa Nagusirako txartela, baina uko egin diote. Lizasok esana zuen txapelketak uztekoa zela. Udazkenean hasiko da Txapelketa Nagusia, 42 bertsolarirekin, eta ez da Azpeitiko ordezkaritzarik izango lehian.

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak gaur jakinarazi du zein bertsolarik parte hartuko duten udazkenean hasiko den 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian, eta aurtengoan ez da Azpeitiko ordezkaritzarik izango. Izan ere, Beñat Lizasok eta Jokin Urangak ez dute izena eman lehian. Biek ala biek 2019ko Gipuzkoako Txapelketan egindako lana tarteko eskuratu zuten Txapelketa Nagusirako txartela, baina uko egin diote han lehiatzeari.

Ez da gauza berria Lizasok –momentuz behintzat– txapelketei agur esan izana; izan ere, 2019ko Gipuzkoako Txapelketaren garaian Uztarria.eus-ek egindako elkarrizketetako batean jakinarazi zuen Lizasok hura zuela azken txapelketa. Finalera iritsi zen azpeitiarra orduko hartan, eta saio haren bukaeran lehietatik agurtu ez bazen ere, saio osteko elkarrizketan hala adierazi zion Uztarriari: "Gauzek asko aldatu beharko dute nik txapelketetan segitzeko". Urangak, berriz, finalerdietan bukatu zuen Gipuzkoako Txapelketa hartako ibilbidea, eta ez zen lehietatik agurtu, ikus-entzuleen aurrean ez, behintzat. Dena den, hark ere Txapelketa Nagusira ez aurkeztea erabaki du. Lizasok bitan parte hartu du Txapelketa Nagusian; 2013an eta 2017an, hain zuzen ere. Uranga, berriz, 2005ean eta 2013an aritu zen lehia horretan.

Txapelketa ekainaren 22an aurkeztuko du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, eta orduan emango ditu txapelketaren gaineko xehetasun gehiago; finala Iruñean izango dela da baieztatuta dagoen datu bakarrenetakoa. Dena den, gaur-gaurkoz txapelketan izena eman duten bertsolariek Gipuzkoako, Bizkaiko, Nafarroako eta Xilaba (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa) lehietan lortu zuten Txapelketa Nagusirako txartela, eta oraintsu jokatzen ari diren Arabakotik ere sailkatuko dira hainbat.

42 bertsolari ariko dira guztira txapelketan. Tartean izango dira, besteak beste, 2017ko Txapelketa Nagusiaren finalean aritu ziren bertsolarietako batzuk, hala nola gaur egungo txapeldun Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze txapeldunordea, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre. Igor Elortzak eta Aitor Sarriegik ez dute parte hartuko, duela lau urte iragarri zuten gisan. Jon Maiak ere txapelketak utziko ditu.