Presoen egoera herriratzeko baliatuko dute Sare Eguna

Julene Frantzesena 2022ko mai. 4a, 08:42
Enparan dorretxeko atzeko zelaian elkartu ziren atzo arratsaldean Sare Eguna aurkezteko. (Mailo OIarzabal)

Maiatzaren 21ean, larunbatez, izango da bi urteko etenaren ostean Azpeitian egingo duten Sare Eguna. Askotariko ekitaldiak prestatu dituzte, euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapena lau haizetara zabaltzeko; izan ere, gaur-gaurkoz herrian bi euskal preso direla gogorarazi du Sarek. Zabalik da krosean izena emateko epea, eta salgai daude bazkarirako txartelak.

Bi urteko etenaren ostean, maiatzaren 21arekin, larunbatez, iritsiko da Sare Eguna Azpeitira. Egun osoko egitaraua prestatu du Sarek egun horretarako, "egunak merezi duen formatuan eta herritarren parte hartzea sustatzeko". Helburua berbera izango da aurtengoan ere: euskal presoen eskubideak aldarrikatzea. Izan ere, festa ekitaldiak ez ezik, manifestazioa ere egingo dute.

Sare Egunaren antolatzaileek azaldu dutenez, herrian bi preso daude gaur egun: Gotzon Aranburu eta Josu Urbieta Pow. Aranburu duela bi hilabete Euskal Herriratu zuten; Dueñasko (Palentzia, Espainia) espetxetik Zaballakora (Araba) lekualdatu zuten. Sarek "positiboki" baloratu ditu euskal presoen Euskal Herriratzeko mugimenduak, baina gogorarazi du azpeitiarrak hirugarren graduan egon behar lukeela. "Gradu aldaketa horrek baimenak eskuratzea ahalbidetuko lioke presoari, eta etxera itzultzeko eskubidea emango lioke, baina espetxean jarraitzen du oraindik".

Urbietaren kasua "desberdina" dela adierazi du Sarek. "Hilabete honetan amaitzen zaio espetxe zigorra. Hamabi urte espetxean igaro ondoren, etxera bueltan dator. Albiste horrek urte batzuk lehenago etorri behar zuen, euskal presoei salbuespenezko legedia aplikatu izan ez baliete".

Sareren arabera, "aurrera egiteko unea" da, "lanean" jarraitzeko unea. "Dispertsioaren langa gainditzen ari garen honetan, badira presoei eta senideei aplikatzen zaizkien beste hainbat injustizia, eta horregatik, lanean jarraituko dugu". Presoen egoera herriratzen jarraituko duela esan du taldeak, eta Sare Eguna horretarako baliatuko dutela.

Krosa eta bazkaria

Bi aste barrurako dena prest du Sarek dagoeneko, eta duela aste batzuetatik zabalik da krosean izena emateko epea. Hain zuzen ere, Orkatz kultur elkartean edo Kirolprobak webgunean dago horretarako aukera, hamar euro ordainduta. Izena aurrez emateko azken eguna maiatzaren 19a izango da. Lasterketaren egunean bertan ere izango da izena emateko aukera, 11:00etatik 11:30era bitartean plazan, eta hamabi euro ordaindu beharko dute parte hartzaileek.

Bestalde, Azoka Plazan izango da Sare Eguneko bazkaria, eta otordurako sarrerak salgai daude Orkatz, Zuhatz, Berdie eta Niza tabernetan. Helduek hamabost euro ordaindu beharko dute, eta umeek, berriz, sei euro.

Hona hemen Sare Eguneko egitaraua:

12:00. Krosa, plazatik hasita.

Ondoren, Taberna Ibiltariaren kalejira.

14:30. Bazkaria, Azoka Plazan.

Bazkalostean, Andoni Ollokiegiren kontzertua Azoka Plazan.

17:00. Iago Magoren ikuskizuna udaletxeko arkupeetan.

18:30. Manifestazioa, plazatik abiatuta.

Manifestazioaren ostean, elektrotxarangak Alde Zaharrean.

22:00. Skabidean eta Mafalda taldeen kontzertuak Sanagustin kulturgunean.