Sozialismoa aldarrikatu du Kontseilu Sozialistak Maiatzaren Lehenean

Andoni Elduaien 2022ko mai. 1a, 20:09

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak deitut, hainbat lagunek manifestazioa egin dute plazatik abiatuta Langileen Nazioarteko Egunean. Taldeak beharrezkotzat jo du langileek beren "behar politikoen arabera" jardutea eta etorkizuneko gizartea "gaurdanik" eraikitzen hastea.

Maiatzaren Lehenean, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak deitutako manifestazioa egin dute Azpeitian. Krisi kapitalista garaian, sozialismoa eraikitzen izenburupean, sozialismoaren aldeko aldarria zabaldu dute herriko kaleetan zehar. Taldearen arabera, sozialismoa izan da "askatasunaren bandera" altxatu duen mugimendua aurreko bi mendeetan. "Bere eskutik etorri dira gizatasunaren aldeko konkista nagusiak, askatasun politikoa eta soziala uztartzearen ondotik", esan dute. Hain zuzen ere, Kontseilu Sozialistaren ustez, sozialismoak aldarrikatzen du "garapen teknikoak eta ekonomikoak" eskaintzen dituen aukerak "denon ongizatearen zerbitzura" jartzea.

Deitzaileen esanetan, joan zen mendearen amaieran sozialismoak "porrot" egin zuen eta haren eraikuntza ekonomikoa bukatu gabe geratu zen. Dena den, azpimarratu dute hori gertatu izanak ezin dituela "itsutu" herritarrak: "Ez zaigu komeni langile mugimenduaren historia zaborretara botatzea. Milioika militanteren lekukoa hartzeko eta iraganeko esperientzien kutsu emantzipatzailea berreskuratzeko balio beharko liguke gaurko egunak".

Kontseilu Sozialistak adierazi du egungo egoera ez dela "batere atsegina" langileentzat: "Krisi ekonomiko kronikoa bizitzen ari da egungo kapitalismoa, eta horren albo kalteak pairatzen ari dena langileria da". Haien esanetan, oinarrizko askatasunak ezabatzen ari dira, eta "eskubide ezak" ezaugarritzen du lan mundua. Egoeraren aurrean, ezker parlamentarioari egotzi diote "ganorazko ezer" ez egitea. "Estatua eta kapitala zuritzen dituzte, beren pribilegioak babesten dituzten bitartean, eta proletalgoa engainatzen ari dira, ogi apurrak baino ez diren txikikeriak garaipen gandiak balira bezala salduta".

Egoeraren aurrean, taldeak beharrezkotzat jo du langileek beren "behar politikoen arabera" jardutea eta etorkizuneko gizartea "gaurdanik" eraikitzen hastea.