Naziogintza elkarteak Euskal Errepublikaren Eguna ospatuko du maiatzaren 7an, Azpeitian

Ane Olaizola 2022ko api. 30a, 17:48

1931ko apirilaren 17an Euskal Errepublika aldarrikatu zuen Azpeitiko Udalak, eta gertaera "ezezagun" hori jakinarazteko zein Euskal Errepublika aldarrikatzeko asmoz antolatu du Naziogintza elkarteak Euskal Errepublikaren Eguna. Datorren larunbatean, hainbat ekintza egingo dituzte eguerdi partean, eta besteak beste, mozio hura onartzeko "ausardia" izan zuten Azpeitiko 16 zinegotziei omenaldia egingo diete.

Naziogintza elkarteak agerraldia egin du gaur, larunbata, Azpeitiko Basazabal jauregian, eta han jakinarazi du maiatzaren 7an, datorren larunbatean, Euskal Errepublikaren Eguna ospatuko duela, Azpeitian. Hainbat herritarren, eragileren eta udal ordezkarien ondoan eskaini dute prentsaurrekoa elkarteko kide Josu Alberok eta Luken Etxabek, eta egun horretarako prestatu dituzten ekintzen berri eman dute horiek.

1931ko apirilaren 17ko gertaera historiko "ezezagun" bat izan da Naziogintzak Euskal Errepublikaren Eguna antolatzen hasteko hazia. Izan ere, Alberok gogoratu du Azpeitiko Udalak, egun hartan —Espainiako Errepublika ezarri eta hiru egun geroago—, Euskal Errepublika aldarrikatu zuela, aho batez eta Euskal Herriko autodeterminazio eskubidea aipatuz. Ondoren, 1931ko apiril hartan beste hainbat udalerrik ere aldarrikatu zuten Euskal Errepublika, hala nola Zumaiak, Zestoak —bi herri horietako udal ordezkariak agerraldian izan dira, ekimenari sostengua emanez—, Oriok, Hernanik, Bergarak, Bermeok, Oñatik eta Errenteriak. Hain zuzen ere, gertaera horrek bultzatuta antolatu dute datorren asterako Euskal Errepublikaren Eguna: "Gure memoria historikoa berreskuratu nahi dugu".

91 urte geroago, Euskal Errepublika bat nahi dutela aldarrikatuko dute Azpeitian: "Naziogintza Elkartearen ustez, bada garaia gure historia hurbileko pasarte ezezagun hori jakinarazteko eta Euskal Errepublika bat aldarrikatzen dugula agerian uzteko". Izan ere, antolatzaileen ustez, Euskal Errepublika "ezinbestekoa" da Euskal Herriak "bizirik" irauteko.

Datorren larunbatean, 12:00etan hasiko dira ekitaldiak. Elkarretaratzea eginez emango diote hasiera Euskal Errepublikaren Egunari, eta ondoren, kalejira egingo dute, trikitilariek lagunduta. Sanagustinera joango dira gero, eta 12:30ean ekitaldia egingo dute kulturgunean. Bertsolariak, dantzariak zein abesbatzak igoko dira hango oholtzara, eta ekitaldi politikoa ere egingo dute bertan. Era berean, 1931ko apirilaren 17ko mozio hura onartzeko "ausardia" izan zuten Azpeitiko 16 zinegotziei omenaldia egingo diete.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, Euskal Errepublika aldarrikatu zuten beste herri batzuetako udal ordezkariak zein herritarrak ere Azpeitira joango dira hurrengo larunbatean, eta Euskal Herriko "independentista guztiak" animatu ditu bertara.