Urola ikastolako batxilergoko ikasleek garraiorako dirulaguntza jasotzeko aukera izatea lortu du Ikasek

Maialen Etxaniz 2022ko api. 27a, 16:20
Urola Erdiko Ikaseko kideek Urola ikastolaren atarian egindako agerraldia. (Ikas)

Ikasle autodefentsa sareko kideek jakinarazi dutenez, Urola BHIko batxilergoko ikasleek garraio zerbitzu publikorako 125 euroko dirulaguntza eskatzeko aukera izango dute aurrerantzean. Hori "antolakuntzaz" lortu dutela azpimarratu dute, eta adierazi dute ikastetxeak onartutako neurria "arnasgunea" izango dela familia askorentzat. Borroka prozesuaren nondik norakoak azaltzeko bilera irekia deitu dute biharko, 18:00etan, Baigerako lehen solairuan. 

Urola ikastolako batxilergoko ikasleek autobus zerbitzurako dirulaguntza eskatzeko aukera izango dute aurrerantzean. Horrela jakinarazi du gaur Urola Erdiko Ikas ikasle autodefentsa sareak. Hain zuzen, joan zen urtarrilean abiatu zuen Urola Erdiko Ikasek doako garraio zerbitzuaren aldeko borroka, eta gaur jakinarazi dute "prozesu luzearen emaitza". 

Autodefentsa sareko kideek azaldu dutenez, Urolako batxilergoko ikasleek ez dute "ikasleen beharretara egokitzen den autobus zerbitzurik", eta, ondorioz, garraioaren kostua familiengan gelditzen da. "Hainbat ikaslerentzat eskolara bertaratzeko beharrezko baliabidea da garraio publikoa. Horrek 300 euroko gastua suposatzen du urtean, eta gastu hori ikasleongan gelditzen den heinean, ikasketa prozesuaren gastuak nabarmen areagotzen dira", adierazi dute. Horren harira, esan dute autobus zerbitzuen murrizketak hezkuntza publikoaren kalitatearen "gainbeherari lotuta" ulertzen dituztela: "Ikaseko kideok uste dugu autobus zerbitzuen murrizketa, beste zerbitzu askoren murrizketarekin batera, azken urteetan hezkuntza publikoak jasan duen kalitatearen beherakadaren beste adierazpen bat besterik ez dela. Zerbitzuen murrizketak langile klasearen bizkarrera egiten dira, sektore horrek egin behar baitie aurre murrizketek sortzen dituzten kalteei. Gainera, zerbitzu horien faltan, familia askok zailtasun handiak dituzte ikasketa prozesuak eskatzen dituen gastuei aurre egiteko".

Dirulaguntza, "arnasgune" 

Ikaseko kideek adierazi dutenez, "egoeraren larritasuna ikusita" hasi ziren antolatzen: "Egoera larria zela ikusita, ikasleok batu eta auzi honen aurrean erantzun antolatu bat ematearen beharra azaleratzeko borroka prozesua abiatu genuenean, Urola Erdiko Ikasle Abertzaleak eta Ikasen artean, Urola BHIko zuzendaritzari 300 euroko gastua heurek ordain zezaten exijituz". Helburua lortzeko "hainbat asanblada, informazio bilketak eta zuzendaritzarekin bilerak" egin dituztela jakinarazi dute. "Prozesu luze baten ondoren, esan dezakegu, egindako lanak fruituak eman dituela: ikasleon eskaerak kontuan hartu eta urtero ordaindu behar ditugun 300 euroen zati bat ordainduko digutenaren bermea jaso baitugu. Hala, ikasleok garraiorako 125 euroko dirulaguntza eskatzeko aukera izango dugu aurrerantzean", jakinarazi dute.

Hori dela eta, borroka prozesuaren emaitza eta Urola BHIk onartutako neurria "ikasle langileen baldintza materialetan aurrerapauso garrantzitsua" dela uste dute, eta azpimarratu dute ezarritako neurria "arnasgunea" izango dela familia askorentzat. "Hala ere, argi daukagu doakoa izango den garraio zerbitzua beharrezkoa dela, eta hori lortzeko bidean lanean jarraituko dugu", gaineratu dute. Lorpena "garaipena" dela uste dute, baina helburu handiagoak dituztela zehaztu nahi izan dute: "Garaipena modu isolatuan ulertzetik urrun, doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den hezkuntza eredua lortzera bidean egindako pausoa besterik ez da lortutakoa. Horrek izan behar baitu helburua".

Borroka prozesuaren nondik norakoak azaltzeko bilera irekia deitu dute biharko, 18:00etan, Baigerako lehen solairuan.